partekatu
PSE-EE “minduta eta atsekabetuta” agertu da alemaniar kide bat erailita aurkitu dutelako Araban
Sophie Lösche SPDren gazterien presidentea izan zen eta gaur egun alderdiaren presidenteordea zen Bamberg hirian
PSE-EEk “minduta eta atsekabetuta” dagoela adierazi du gaur Sophie Lösche hilik agertu zelako atzo Araban. Alemaniar buruzagi sozialista gazteak indarkeria jasan izanaren aztarnak zituen. Lösche SPDren gazterien presidentea izan zen eta gaur egun alderdiaren presidenteordea zen Bamberg hirian.
PSE-EEren idazkari nagusia, Idoia Mendia, harremanetan jarri da Andrea Nahles SPDren presidentearekin, Euskal Sozialisten doluminak adierazteko eta behar duten edozertarako bere esku jartzeko.
Buruzagi sozialistak esan duenez, krimen horrek agerian uzten du, beste behin ere, milioika emakume mehatxatuta daudela mundu osoan, emakumeak izateagatik soilik, eta, horregatik, genero-indarkeriaren aurkako borrokak “zeharkakoa, diziplinartekoa eta irmoa” izan behar du.
“Sozialistok esaten dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako borrokak herrialde bateko politiken multzoa barne hartu behar duela konbentzituta gaudelako, eta honen moduko zorigaitzeko gertakariek frogatzen dute, emakumeen aurkako indarkeria ez dela egitate jakin eta isolatu bat, baizik eta gure gizarteetako egiturazko gaitz bat; biktimak babesteko eta haiei arreta emateko politiken bidez nahiz maila eta adin guztietako herritarrak kontzientziatuz eta heziz konpondu behar duguna”, baieztatu du.