partekatu
ESen ekarpenak Oroimenari eta Elkarbizitzari buruzko ponentziari
OROIMENA ETA ELKARBIZITZA PONENTZIAREN KOORDINATZAILEARI
Rafaela Romero Pozok, «Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak» legebiltzar-taldeko legebiltzarkideak, Ganberaren indarreko Erregelamenduaren babespean, OROIMEAREN ETA ELKARBIZITZAREN PONENTZIAREN LABURPEN-AGIRIARI EKARPENAK EGITEKO honako IDAZKI hau aurkezten du.
AGIRI-PROPOSAMENA
Eusko Jaurlaritzaren Oroimena eta Elkarbizitzaren Ponentziaren lanak bete dira ETAren behin betiko desagerpenak eragindako testuinguruan, eta sortu zenetik talde terrorista bakarra izan ez bada ere, haren jarduna luzeena izan da eta min eta sufrimendu gehien ekarri die euskal herritarrei.
Historia mingarri eta bidegabeko horren azken inflexio-puntua izan zen jardunari behin betiko amaiera emango ziola iragarri zuenean, 2011ko urrian. Horren ondoren, Eusko Legebiltzarrak aniztasun-irismen handieneko akordioa egin zuen aro horretan urratutako gutxieneko balio etikoetan oinarrituta, zeinekin etorkizunerako elkarbizitza osatu behar zen. 2012an adostutako abiapuntu horrekin, Eusko Legebiltzarrak 2013an berretsi zuenarekin –ez zen kontrako boto bat ere ez egon–, garatu ditu lanak Ponentzia honek, adostasunak handitzeko.
Horren harira, Ponentziak lan emankorra egin du, aukera eman duena lantzeke zeuden gaiak bideratzeko, topaguneak bilatuz aldeetatik. Hori ahalbidetu du biktimen ekarpenak, zeinak foro honen eskaerari erantzun dion. Beren lekukotzari esker, lekukotza gogor, kritiko eta mingarriari esker, lanei ikuspegi orokorrarekin ekin zaie, egian, justizian eta ordainetan oinarrituta, ez berriz, mendekuan. Baina, halaber, beren hiltzaileen jarduketa eta kalte bidegabekoak aitortzea eskatu dute, bai eta egoerak eskatzen zuen moduan aritu ez ziren gizartearen eta erakundeen «elkartasun galdua» ere, denbora luzez erantzukizunik, konpromisorik, enpatiarik eta elkartasunik gabe jardun zuten eta.
Ikuspegi orokor hori eta ponentziaren baitan partekatutako ahalegin hori gauzatu dira biktimentzako –terrorismoaren biktimentzako zein ETAren testuinguruan edo haren aitzakiarekin urratutako giza eskubideen biktimentzako, bai eta indarkeria hori erabili zutenentzako eta beren familientzako ere– landu gabe zeuden gaien inguruko akordio zabalen bidez:
- Terrorismoaren biktimei buruz, 2018ko otsailaren 22ko eta ekainaren 28ko akordioak, Legebiltzarreko osoko bilkurarenak, terrorismoaren biktimen inguruan:
- Biktimentzako umiliaketarik ez presoentzako omenaldiekin
- Kalte-ordainik jasotzen ez dituzten biktimak eta hiltzaileak direla egiaztatzen duen epairik ez egotea
- Aurrekoen gastuetarako laguntzak
- Jazarpenaren biktimak aitortzea
- Desagertuen aztarnak berreskuratzea
- Justizia konpontzailea
- Polizien gehiegikerien biktimen ordainekin lotuta, 2016ko legea aldatzeko izapideak aribidean daude, Konstituzioaren oztoporik gabe gauzatu ahal izateko.
- Espetxe-politikarekin lotuta.- 2017ko ekainaren 29ko eta uztailaren 10eko eta 2018ko ekainaren 13ko akordioak, egoera humanitarioei eta espetxe-politikari buruz. Eta duela zenbait hiletik espetxe-Administrazioa barneratuen kudeaketa ezberdina egiten ari da, legeriaren arabera adostutakoa eta biktimen zein Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
- Torturei dagokienez, zenbait ekimenen izapideak egiten ari dira prebentzio-behatoki bat sortzeko, non adostu beharreko formula bat planteatu dugun.
- Oroimenaren inguruan.- 2012an adostutako gutxieneko balio etikoak garatu dira Gogoran adostutako ekimenen bitartez.
Ponentziak egiaztatu duenez, lanen amaieran oraindik lantzeke daude zenbait gai, baina eragindako giroak aukera emango du beste akordio batzuk egiteko legebiltzarraren esparruan. Hala ere, etorkizuna giza eskubideen errespetuan oinarrituta eraiki behar dela eta pertsonen duintasuna eta osotasuna beste ezeren gainetik dagoela bat egiten dugu, baina egiaztatu da eragindako kaltearen bidegabekeriaren inguruan ikuspegi kritiko partekaturik ez dugula lortu. Ponentzia honetan parte hartzen dugun taldeok ados gaude «inoiz gehiago ez» horrekin, ez berriz, «lehen ere ez» delakoarekin, hain zuzen, 2012ko akordioaren oinarrizko ideiarekin.
Horregatik, biktimek Ponentziari ekarritako espirituari helduta, eta onartuta iraganean eraikitako adostasun denek indarrean dirautela, itun sozial bat proposatzea erabaki dugu, jadanik dauden adostasunak hedatzen dituena eta elkarbizitzari buruzko zeharkako akordioa dakarrena; eta, lehen, orain eta etorkizunean terrorismoa edo eskubideen bestelako urraketa bat justifikatzen duen arrazoi bat ere ez dugula aurkituko oinarri hartuta, zentzu etikoan sakondu eta gizartearen morala berregiten duena.
Akordio horrek, lehenik eta behin, erakunde denei eragiten die, gizartearen legezko ordezkariak eta biktimak aitortzeko eta haientzako ordainetarako politika publikoak –oroimenari buruzkoak eta espetxe-politikari eragiten diotenak– bultzatzeko arduradunak direlako. Baina alderdi guztiei eta gizarteari oro har eragiten die ere bai. Gizartea inplikatuta dago erakunde sozialen, sindikatu-eragileen eta elkarteen bitartez, eta herritar guztiek, salbuespenik gabe, elkarbizitza demokratikoa eraikitzen lagundu behar dute.
Jadanik sortutako adostasunak hedatu nahi dituen elkarbizitza-itun horren euskarriak izan behar duten printzipioak dira:
- Gertatutakoaren egia, ETAren terrorismoarentzako arrazoirik inoiz ez dela egon onartzeko, ez eta bestelako terrorismoarentzako edo torturarentzako ere. Azken finean, pertsonen giza eskubideak urratzeko justifikaziorik ez dela egon.
- Aniztasuna errespetatzea. Herritar aske eta berdinez osaturiko gizartea osatzen dugu, xehetasunik gabe gizaki denen eta beren eskubideen duintasuna onartzen duena, ideologiaren eta nortasun-sentimenduen gainetik.
- Biktima guztien oroimena, aitormena, justizia eta ordaina, ETAk eta GALek zein beste taldeek eragindakoena, bai eta polizien gehiegikerien biktimak ere, alderaketarik zein bazterketarik gabe, paralelismorik ezarri gabe eta gatazka politikoaren teoria pizten duen beste gogoetarik egin gabe. Biktimei dagokienez oraindik egin beharreko zereginen artean, konpondu gabeko auzien ebazpena nabari da.
- Zuzenbide Estatua, haren legeak eta horiek babesten dituzten askatasunak errespetatzea, elkarbizitza antolatzeko modua delako, harremanak izateko eta desadostasun zilegiak eta gizarte anitzen gatazkak konpontzeko arauekin. Errespetu horrek esan nahi du berariaz onartu behar dela ETAren biktimen esanahi politikoa, eta biktimak izan zirela ETAk erabaki zuelako proiektu politiko bat inposatzea erailketaren bidez. Elkarbizitzarako aitortu behar da gatazkak elkarrizketaren, akordioaren eta adostutako arauen bidez konpondu behar direla.
- Presoak gizarteratzea, Konstituzioak eta espetxe-legeriak bideratutako baldintzen arabera, barneratuek onar dezatela eragin duten kaltea eta ordainerako nahia izan dezatela.
- Giza eskubideak zorrozki errespetatzea: erailketari zilegitasun etikoa, soziala eta politikoa kentzea, edo bestelako zilegitasunik gabeko indarkeria-adierazpenari, helburu politikoak lortzeko, iraganean zein gaur egun eta etorkizunean; eta aitzakiarik gabe egin diren urraketa guztiak salatzea.
Ponentziaren akordio horri erantsiko zaizkio Ponentzian biktimek egindako lekukotzak (biktimek ez badute nahi konfidentzialtasuna gordetzea), proposatutako elkarbizitza-itun honetan gizartea inplikatzeko balio handikoak direlako. Halaber, Ponentzian landutako arlo guztietan hainbat pertsonek egindako gogoetak gehituko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko urtarrilaren 10ean
José Antonio Pastor Garrido |
Rafaela Romero Pozo |
Bozeramailea |
Legebiltzarkidea |