partekatu
Aroa Jilete: “Ez dira gauza bera proiektu sozialista, aurrerakoia eta pertsonengan pentsatzen duena eta pribatizatu eta eskubideak murriztu nahi dituen eskuinarena”
Arabako zerrendaburuak “denbora kudeatzera zuzendu ordez autogobernu gehiago eskatzen alferrik galtzen aritzea” leporatu dio nazionalistei
Javier Hurtado sailburuak: “Edozein arazoetarako konponbidea subiranotasuna dela diotenen aurrean, guk erantzuten diegu XXI. mendean ez dutela balio XIX. mendeko erantzunek”
Euskal Sozialistak hitza betetzearen eta herritarren kezkei (etxebizitza, mugikortasun jasangarria, osasuna eta egunero eragiten dieten politikak) erantzutearen “berme” direla esan du gaur Aroa Jilete Arabako zerrendaburuak. “Politika aurrerakoi, feminista, sozial eta eraldatzaile baten bermatzaileak gara. Halaxe erakutsi izan dugu erakundeetan, eta halaxe jarraituko dugu egiten eskuinaren edo nazionalisten aukerei kontrajarrita”, adierazi du. “Ez da gauza bera pertsonengan pentsatzen duen proiektu aurrerakoi eta eraldatzaile bat, sozialistena den bezala, eta pribatizatzea eta eskubideak murriztea nahi duen eskuinarena. Edo nazionalistena, denbora autogobernu gehiago eskatzen alferrik galtzen dutena hori kudeatzen aritu ordez”, azpimarratu du.
“Jendeak guri emango digu botoa etorkizunera begirako itxaropenengatik. Ez digu emango botoa egin izan dugunagatik, egingo dugunagatik baizik. Jendeak etorkizunean pentsatuz ematen duelako botoa, eta hori sozialisten eskutik bakarrik etor daiteke”
?️@AroaJilete#ErabakiaZureaDa #BozkatuPSE pic.twitter.com/xm5iVMW8b8
— Socialistas Vascos - Euskal Sozialistak / ❤️ (@socialistavasco) April 16, 2024
Laudion Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu eta arabar hautagaitzako bigarren zerrendaburu denarekin batera egindako ekitaldi batean, datorren apirilaren 21ean merkataritza-ehun sendoa, sozialistek proposatzen duten Gizakidetzaren eredua bezalako asistentzia-sistema indartsu bat eta hezkuntzako edo “sozialistek datu historikoetara eramatea lortu izan duten” enpleguko eredu on bat sendotzeko botoak duen garrantzia gogoratu du Aroa Jiletek.
Horrez gain, Aroa Jiletek esan du herritarrek ez diotela botoa PSE-EEri emango egin izan duen lana eskertzeko, etorkizunean egingo duenagatik emango diotela botoa, eta hauteskunde hauek erabakitzeko giltza duen alderdia dela gogoratu du. “Aspaldi da Euskadin baztertu egin zela gehiengo absolutuen aukera, eta hautetsontzietatik gobernatzeko irtengo den aukera oro akordioaren emaitza izan beharko da. “Alderdi Sozialistak du giltza erabakitzeko Gobernu berriaren politikak klabe sozialean gauzatuko diren, klabe aurrerakoi eta eraldatzailean, Gobernu berriak indarrak jendearen arazoak konpontzera zuzen ditzan, eta ez identitate-auzietara”.
Javier Hurtado sailburuak, bere aldetik, esan du sozialistek gobernatzeko beste era bat dutela beste erakunde politiko batzuen aldean, eta leialtasunez, koordinatuta eta lankidetzan aritzen direla instituzio guztiekin, edozein dela ere horien kolore politikoa, “elkarrizketaren bidez eta akordioetara helduz”. “Guk ez diogu erreparatzen alderdiko karnetari nazionalistek eta independentistek politika publikoak ezartzerakoan egiten duten bezala, udalerriak diskriminatuz, horiek nork gobernatzen dituenaren arabera. Guk herritarren interesak jartzen ditugu aurretik, gizarte bidezkoago, aurrerakoiago eta inor atzean uzten ez duen baten alde lan eginez”, adierazi du.
“Era horretan egin izan dute lan sozialistek lau urteotan Eusko Jaurlaritzan, kolektibo, sindikatu, enpresa eta herritar guztiei entzunez”. “Edozein arazoren aurrean konponbidea subiranotasun gehiago dela esanez engainatu nahi gaituztenen aurrean, hortxe egongo gara beti sozialistak esateko XXI. mendean ez dutela balio XIX. mendeko erantzunek”, esan du.
Sailburuarentzat, ez da gauza bera datorren apirilaren 21ean botoa alderdi batzuei edo besteei ematea. “Ez da gauza bera denbora gehiena eskumen gehiagoren eske ematea edo denbora gehiena eskumenak ondo kudeatzen ematea. Ez da gauza bera eraikuntza nazionala edo desberdintasun sozialen kontrako borroka lehenestea, ezta ere pribatizazioen alde egitea edo osasungintza publikoa indartzea”, ohartarazi du.
Hurtadok, halaber, esan du ez dela gauza bera “Etxebizitzaren Legea aurkaratzea edo babestutako etxebizitzaren eraikuntzaren lidergoan aritzea, ezta ere kutsaduraren alde egitea edo mugikortasun jasangarrirako politiketan aitzindariak izatea, eta ezta nazionalismoa lehenetsiko duen hezkuntza bat edo gure ikasleen beharretara zuzenduko den bat. Ez da gauza bera betikoen mesederako den fiskalitate bat eta gehien duenak gehiago ordainduko duen bat”. “Beraz, ez da gauza bera EAJren edo EH Bilduren lehendakari bat edo lehendakari sozialista bat”, esanez amaitu du.