partekatu
Merkataritzako aurrekontua %15 igoko da, eta datozen urteetan ere igotzen joango da
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontua %5,6 handitu da, ia 60 milioi euroraino helduz, tokiko merkataritzan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman ahal izateko
Cristina Gonzalez Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Sailaren 2027rako aurrekontua; 59,8 milioi eurokoa izango da, 2026koa baino %5,6 gehiago.
Turismo arloa
Turismoaren arloak 23,2 milioi izango ditu, eta horietatik 10,2 milioi Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarentzat izango dira.
Turismoaren arloan, aurreko ekitaldian “turismo-sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko zuzkidura” izeneko partida berria sartu zen berrikuntza gisara, turismo-egonaldien gaineko zergaren inguruko akordioaren ondorioz. Partida horren gaineko konpromisoa da 1,5 milioi bideratuko direla lehen urte horretan, eta 2 milioi hurrengo ekitaldietan, zerga indarrean jartzen denean; 2027an, hortaz, milioi erdi euro handiagoa izango da.
Zuzkidura, alde batetik, turismo-garapen txikiena duten hiri, udalerri, eskualde edo lurraldeen potentziala zuzenean eta nabarmen bultzatzen lagunduko duten ekimenak sustatzera edo laguntzera bideratuko da, edo turismoa urtarokotasuna murrizten eta fluxuak lurraldean zehar mugitzen lagunduko duten ekimenak sustatzera. Bestalde, sektoreko enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatu nahi da, erakundeekin lankidetzan garatutako laguntza-ildo edo proiektuen bidez.
2027ko beste berrikuntzetako bat izango da turismoari aplikatutako adimen artifiziala garatzeko egingo den inbertsioa. Helburua da Euskadin zehar ibilbideak sustatzen dituen Grand Tourreko turismo-orriaren bitartez Adimen Artifizialaren erabilera integratzea, desestazionalizazioa, fluxuen mugimendua eta egonaldiaren luzapena sustatzeko. Sustapen-kanpainen bidez bisitariak erakartzen lagunduko duen estrategia integral bat inplementatu nahi da, bilaketa pertsonalizatua eta egokituak egitera zuzendua dena. 2027an 300.000 euroko aurrekontua izango du hori hobetzeko.
Horrez gainera, eutsi egingo zaie sektorea zuzenean babesteko laguntzei.
- ETEH - Ekintzailetzarako eta turismo-enpresen hobekuntzarako laguntzak, 1,3 milioirekin.
- LPT - Lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak lankidetzako eta kudeaketako erakundeentzat, 1,8 milioirekin.
- TMS - Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak, 934.000 eurorekin.
- Turismo arloko elkarteak indartzea, 742.000 euroko partidarekin,; %10 gehiago da.
Azkenik, 1,5 milioi bideratuko dira Turismoaren Kode Etikoaren baitan enpresa turistikoen lehiakortasuna eta Enfokatur Turismoaren Euskal Behatokiarekin Adimen Turistikoa indartzera.
Merkataritza arloa
Sailburuak nabarmendu duenez, “tokiko merkataritza birmoldaketa-prozesu sakonean dago, eta Sail honen lehentasuna izango da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa hartu du datozen urteetan merkataritzako aurrekontua pixkanaka handitzen joateko. Lehen urte honetan hazkundea ia %15ekoa izango da, hurbileko gure merkataritzaren benetako eraldaketari heldu ahal izateko”.
Merkataritza arloak, beraz, 25,5 milioi izango ditu, hau da, %14,7 gehiago. Merkataritza-eraldaketa 3 zutabetan oinarrituko da. Lehenik eta behin, esparru modernizatu bat eskainiko digun merkataritza-jardueraren lege berri bat. Bigarrenik, programak eta laguntzak indartzea, pixkanaka aurrekontua handituta. Eta, hirugarrenik, administrazioaren egitura ere indartu egingo da, sektorearen beharrei eraginkortasun handiagoz erantzun ahal izateko. Hona hemen aipatzekoak diren partida batzuk:
- Merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza %15,6 handitzen dira, 5,4 milioiraino, sektoreak asko baloratzen duen lerroa baita, eta zuzenean eragiten baitu haren inbertsio-beharretan.
- MERKAEKIN ekintzailetzarako 1,5 milioi euroko laguntzak izango dira, %50eko hazkundearekin, merkataritza-enpresen negozio-planak eta inbertsioak egiteko.
Merkataritza dinamizatzeko Hirigune programak, merkatarien elkarteei zuzendutakoak, 200.000 euro gehiago izango ditu 2026arekin alderatuta, hau da, 2,4 milioi.
- Sektoreko erakundeekin ditugun hitzarmenak ere %10 handitzen dira, gure profesionalentzako funtsezko laguntza gisa.
Berrikuntza komertzialaren Hubak 1,4 milioi euro izango ditu berrikuntza ikusarazteko eta sustatzeko tresna gisa.
- Merkataritza Laguntzako Guneek 2,2 milioi euroko zuzkidura dute, eta dagoeneko sendotzen ari dira Sare formulan.
Fidelizazio Proiekturako den partida berri bat nabarmendu behar da, tokiko merkataritzaren erronka nagusietako bat dena, eta 1,75 milioi izango ditu. Fidelizazio-proiektu integrala eta parte-hartzailea garatu nahi da gure merkatari guztiengana iristeko, eta Euskadiko elkarte guztien lankidetza eta konpromisoa eskatuko du.
Kontsumobide
Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren aurrekontua 8,6 milioi eurokoa izango da 2027an; horietatik 7,1 milioi Sailaren transferentziari dagozkio, eta gainerakoa diru-sarrera propioei. Kontsumobideren helburua da ahalik eta modurik eraginkorrenean bermatzea kontsumo-eskubideak, eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarrek eskubide horiek hobeto ikusi eta ezagutzea, eta prestakuntza eta informazioa bultzatzen jarraitzea.
Horretarako, eta berrikuntza gisa, 320.000 euroko partida bat gehiago izango du Kontsumobus proiektuak. Unitate mugikor horren helburua da Kontsumobideren jarduerak herritarrei hurbiltzea eta kontsumitzaileen arretarako bulegorik ez dagoen tokietan haien kontsultei edo erreklamazioei erantzun ahal izatea.
Ildo beretik, Kontsumobidek prestakuntza-ekintzak optimizatzen jarraituko du. Biztanleria orokorra, talde zaurgarriak, adinekoak, ikasleak eta profesionalak trebatzeko, guztira, 936.000 euroko aurrekontua erabiliko da. Iaz 40.000 pertsona ingururi eman zitzaien prestakuntza.
Horrez gain, kontsumitzaileen elkarteentzako laguntzak 605.000 euroraino helduko dira, 2026an baino %20 gehiago, merkatu-gatazketan herritarren eskubideen babesa eta defentsa handitzeko.
Sailburuak nabarmendu duenez, “245.000 familiari, hau da, Euskadiko langileen ia %25ari, lana ematen dieten bi sektoreren garrantziaren erakusgarri da tokiko merkataritzaren jauzi kualitatibo eta kuantitatiboaren alde egiten den apustu handia, aurrekontu-igoera nabarmena izango baitu, eta lehiakortasun eta jasangarritasun turistikoaren sustapenaren alde egiten dena”.