partekatu
PSE-EEk Susana Corcuera izendatu du Eusko Legebiltzarreko Lehen Presidenteordetzarako hautagai izateko
Susana Corcuera datorren maiatzaren 14an hautatuko den Eusko Legebiltzarreko Mahairako hautagai izatea erabaki du PSE-EEk. Hautagai sozialista lehen presidenteorde izateko aurkeztuko da bozketa horretan.
Susana Corcuera Donostian jaio zen 1963. urtean, Zuzenbidean lizentziatua da eta legebiltzarkidea 2009tik. Eskarmentu handi eta luzea du dagoeneko euskal Ganberan, ekonomiaren arloan, aurrekontuetako bozeramaile gisa. Izan ere, Ekonomia, Ogasuna eta Aurrekontuak Batzordeko mahaikidea da IX. legegintzalditik, eta organo horren buru izan zen 2013tik 2016ra bitartean.
Horrez gain, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordeko presidenteorde eta Osasuneko presidente izan zen iragan legegintzaldian, eta baita sozialisten Ogasun eta Aurrekontuen, Merkataritza eta Turismoaren eta Garraioen bozeramailetzako arduradun ere.
1987an ekin zion bere lan politikoari, Donostiako Udalean. Tokiko Gobernuaren Gazteria, Osasuna, Kirola, Barne Araubidea eta Udal Ogasuneko ordezkaria izan zen erakunde horretan, eta baita Osoko Bilkuraren ordezko presidente eta lehen alkateorde ere.
Gipuzkoako PSE-EEren idazkariorde nagusia da, eta Garapen Ekonomikoaren idazkaria, eta PSE-EEko Batzorde Nazionaleko eta PSOEko Batzorde Federaleko kidea.