partekatu
Eneko Andueza: "Euskadik eta Espainiak argi eta garbi hitz egingo dute azaroaren 29an: Alderdi Sozialista eta Pedro Sanchez beste lau urtez"
Sozialismoaren aurrerabidearen eta PPren eta Voxen atzerakadaren artean ez dagoela "berdinketarako tartetik" esan du PSE-EEko idazkari nagusiak Bilbon Gobernuko presidentearekin eman duen mitinean
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, sozialismoaren garaipena iragarri du datozen hauteskunde orokorretarako, bai Euskadin, bai Espainian, Pedro Sanchez buruan dela gobernu berri aurrerakoi bat eratzea ahalbidetuko duena. Anduezak konfiantza adierazi du gizarteak eskubide eta askatasunean aurrera egiteko egingo duen hautuaz. “Euskadik eta Espainiak argi eta garbi hitz egingo dute datorren A29-an: Alderdi Sozialista eta Pedro Sanchez beste lau urtez”, adierazi du.
Eneko Anduezak Progreso/Aurrera izeneko Bilboko aurrekanpaina batean hartu du parte PSOEko idazkari nagusi eta Gobernuko presidente denarekin batera. Ekitaldian, halaber, hauek hitz egin dute: Patxi Lopez Bizkaiko PSE-EEko zerrendaburuak, Txema Olegaga Senado de Progreso/Aurrera doan Senatua plataformako hautagaiak, eta Nora Abete PSOEko Merkataritza eta Kontsumo idazkari eta Bilboko alkateorde denak. Bere hitzaldian, datozen A29-ko hauteskundeek duten garrantziaz ohartarazi du Anduezak. Haren ustez, ez dago “berdinketa posiblerik”. “Sakrifizioak ala justizia soziala. Harresiak ala zubiak. Pribilegioak ala eskubideak. Beldurra ala ilusioa. Iragana ala etorkizuna. PP eta Vox ala Alderdi Sozialista”, defendatu du.
Euskal buruzagi sozialistak deitoratu egin du eskuinak “demokrazia boterean dagoenean bakarrik” izatea gogoko. “Boterea ez duenean, hankaz gora jarri nahi du demokrazia”, adierazi du. Eta, horren aurrean, “guk hautetsontziak boto sozialistekin jarriko ditugu hankaz gora hori ez dezaten egin”, esan du. “Ez dute Espainia berreraiki nahi, eskubide guztiak eraitsi nahi dituzte”, esan du.
Horren haritik, Anduezak “inor ez despistatzeko eta inor ez nahasteko” dei bat egin du, “benetan jokoan dagoena Espainiaren eta Euskadiren etorkizuna dagoelako”. Eta kritikatu egin ditu Feijooren eta PPren saiakerak zerbitzu publikoak eta pentsioak murriztearren, langileen eskubideak higatzearren edo abortua eta eutanasia murriztearren.
“Lan-erreforma indargabetu egingo dute. Pentsioen errebalorizazioari amaiera emango diote. Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera kenduko dute. Memoria Demokratikoaren Legea ezabatu egingo dute. Milaka langile atzerritarrek beren egoera erregularizatzea eta Espainian etorkizun hobeago bat izatea eragotziko dute. Mendekotasunaren Legea baliogabetuko dute. Etxebizitzaren Legea indargabetuko dute. Espainia eurentzat bakarrik nahi dute”, salatu du.
Horren aurrean, PSE-EEko idazkari nagusiak Alderdi Sozialistak gobernatzen duen era kontrajarri du, herritarren benetako kezkak konpontzera zuzentzen dena. “Askoz argiago dugu zertarako irabazi nahi ditugun hauteskunde hauek Euskadin”, adierazi du.
“Gure Estatutua eta gure itun ekonomikoa defendatzeko gobernatu nahi dugu. Milioi bat langile baino gehiagoren lan-eskubideak bermatzeko. 600.000 euskaldun baino gehiagoren pentsioak errebalorizatzen segitzeko. Etxebizitza baterako aukera prezio eskuragarri batean izan nahi duten langile klaseko eta klase ertaineko 109.000 familiek izan dezaten bizitzeko etxe bat. Euskadiko 25.000 gaztek emantzipazioa lor dezaten. Eta milioitik gora euskal emakume egunez egun libreago izan daitezen eta edozein gizonek bezala kobra dezaten”, azaldu du.
Patxi Lopez, 8 urteko lana
Diputatuen Kongresuko PSOEko bozeramaile eta Bizkaiko hauteskunde orokorretako zerrendaburu denak, Patxi Lopezek, eskerrak eman nahi izan dizkio Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari “milaka eta milaka herritarren izenean, 8 urte daramatzazulako gobernatzen lehen minututik zure kontra joan izan diren arren”. “Sozialistok erasotu, iraindu, mehatxatu eta, are, kolpatu izan gaituzten guztiarekin, baina batez ere zu, egun bakar bat ere ez duzu utzi lanik egin gabe jendeak gehien behar duenerako. Egun bakoitza, Ministro Kontseilu bakoitza, dekretu bakoitza, aurrera begirako pauso bat izan da guztion eskubideen alde kolektiboki aurrera doan herri batean”, azpimarratu du.
Bilboko alkateorde eta PSOEko Exekutibo Federaleko kide Nora Abetek ere “Euskal Sozialisten maitasun eta errespetu osoa” adierazi dio presidenteari, “badakigulako gobernatzea ez dela erraza”. “Oso harro gaude zure Gobernuak egindako lanaz, zeren eta Euskadiri, gainera, oso ondo datozkio gobernu sozialistak”, adierazi du. Abetek Gobernu sozialistaren berdintasun-politikak nabarmendu ditu, eta “gure eskubideak urratu nahi dituztenen aurrean urrats bat ere atzera ez egiteak” duen garrantziaz ohartarazi du. “Lortu izan duguna ez da betirako, egin dezake aurrera, baina egin dezake atzera ere. Asko dugu, horregatik, jokoan, edo aurrera egiten dugu, edo atzera egiten dugu Voxekin eta PPrekin. Bi alderdi horiek hauxe besterik ez dute esan nahi: murrizketak, inboluzioak eta babes gutxiago gehiengo sozialarentzat”.
Senaturako Bizkaiko hautagai Txema Oleagarentzat, “aurrerakoi garenok Brasilen eta Estatu Batuetan gertatu den bezala mobilizatuko gara datorren azaroaren 29an”, aurrerabideko gobernu berri bat lideratzeko, eta Fronte Zabalak Euskadin Senaturako lortu izan duen akordioa goratu du: “Senatuan indartsuak izanez, hurbilago dauzkagu eskubideen, aurrerabidearen eta askatasunen beste lau urte”.