Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Azaroa 2026

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak %7,7 handitzen du bere aurrekontua, zerbitzu publikoak indartzeko, biktimentzako arreta hobetzeko eta memoria demokratikoa zaintzeko

Sail sozialistak 397,7 milioi euro izango ditu 2027an, justizia-eredu irisgarriagoa, modernoagoa eta hurbilagoa garatzen jarraitzeko eta giza eskubideen, memoriaren eta bizikidetzaren politikak sendotzeko

1. argazkia

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 397,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, aurreko ekitaldian baino %7,7 gehiago. 28,5 milioi euro inguruko igoera horri esker, Justiziako zerbitzu publikoak indartuko dira, biktimentzako arreta hobetuko da, gizarteratzea bultzatuko da, azpiegiturak eta kudeaketa judizialeko sistemak modernizatuko dira, eta giza eskubideak sustatzeko eta babesteko eta memoria demokratikoa zaintzeko politikak finkatuko dira.

 

Aurrekontu-proiektua María Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alfonso Gomez Justiziako sailburuordeak, Arritxu Marañon Giza Eskubide, Memoria eta Bizikidetzako sailburuordeak eta Alberto Alonso Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak aurkeztu dute, eta orientabide politiko zehatz bati erantzuten dio: justiziarako sarbidea bermatzea, biktima guztientzako arreta hobetzea, gizarteratzea indartzea, giza eskubideak babestea eta memoria demokratikoa zaintzea.

 

“Garrantzitsuena ez da soilik zenbat bideratzen dugun Justiziara eta Giza Eskubideetara, zertarako egiten dugun eta zerbitzu publikoren zer eredu eraikitzen jarraitu nahi dugun baizik”, adierazi du San Josek. Sailburuaren esanetan, Justizia eta Giza Eskubideak “erantzukizun publiko beraren bi dimentsio bereizezinak dira: pertsonen eskubideak bermatzea eta gure demokrazia indartzea”. Batik bat, “une sozial eta politiko honetan, kezkaz ikusten baititugu giza eskubideak eta Zuzenbide Estatua zalantzan jartzen dituzten hainbat dinamika, indarkeria hutsaltzen edo justifikatzen dutenak, eta desberdin pentsatzen duenaren edo desberdina denaren deshumanizazioa elikatzen dutenak”.

 

Funtsezko zerbitzu publikoa

Langileen kapitulua 222 milioi euroraino helduko da, “funtsezkotzat” jo duen zerbitzu publikoari eusteko. Gainera, 18 milioi bideratuko dira ofiziozko txandara eta abokatutzaren guardiako txandara, eta 1,13 milioi prokuradoretzara, doako laguntza juridikoa bermatzeko eta arrazoi ekonomikoengatik inor kanpoan gera ez dadin.

 

Biktimei arreta emateak lehentasuna izaten jarraituko du. 1,2 milioiko zuzkidurari eutsi zaio Biktimari Laguntzeko Zerbitzurako, eta handitu egin dira hiru lurraldeetako abokatuen elkargoen bidez genero-indarkeriaren biktimei laguntza juridikoa emateko baliabideak. Bestalde, Gazte Justiziara eta Familia Elkarguneetara bideratutako partida ia 21 milioi eurora igotzen da, eta Espetxeak Kudeatzeko Zerbitzua 9,1 milioira heltzen da. Partida horiei esker, egoera konplexuetan dauden adingabeen eta familien arretari eutsiko zaio, eta gizarte-, hezkuntza- eta gizarteratze-programak indartu egingo dira.

 

Espetxe arloan, aurrekontuak 3,66 milioi euro aurreikusten ditu espetxeetan Aukerak Gizarteratzeko Euskal Agentziaren tailer eta zerbitzuetan lan egiten duten 630 preso baino gehiagoren ordainsarietarako. Lan egiteko prest dauden presoen %60 dira, hain zuzen. Horrela, euskal espetxe-ereduak segurtasunaren, duintasunaren eta gizarteratzearen printzipioetan aurrera egiten jarraituko du, zigorrak bete ondoren gizarteratzeko eta laneratzeko aukerak ahalbidetuz.

14 milioi euro gehiago Justizia modernizatzeko

Justizia Digitaleko eta Azpiegituretako Zuzendaritzaren aurrekontua 46,7 milioi eurotik 60,8 milioi eurora igoko da 2027an. 14 milioitik gorako igoera horrek eraldaketa teknologikoan aurrera egitea eta instalazio judizialak hobetzea ahalbidetuko du. Aurreikusitako jarduketen artean, aipatzekoak dira Bilboko Telefonica eraikineko obrekin jarraitzea eta Donostiako San Martin Justizia Jauregiko azken solairua eraberritzea, baita Gasteizen lokalak erostea ere. 575.000 euro bideratuko dira espazioak bulego judizialaren eredu berrira egokitzeko, adingabeentzako arreta hobetzeko eta biktimentzako eta ikertutako edo akusatutako pertsonentzako ibilbide seguru eta bereiziak bermatzeko. Kontuek 950.000 euro izango dituzte eraikin judizialak mantentzeko. Teknologiaren eta azpiegituren modernizazioaren helburua izango da herritarrentzako arreta hobetzea eta justizia irisgarriagoa eta eraginkorragoa bermatzea.

Giza Eskubideak, Memoria eta Bizikidetza

Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren arloak, bere aldetik, 12,4 milioi euro izango ditu, Zuzendaritzarako 7,15 milioiak eta Gogora Institutura bideratutako 5,25 milioiak batuta, biktimei arreta, aitortza eta erreparazioa lehentasuntzat hartuz. Horregatik, eutsi egingo zaie AVT, COVITE, Terrorismoaren Biktimen Fundazioa, Fernando Buesa Fundazioa eta Egiari Zor Fundazioa bezalako elkarte eta fundazioekiko lankidetza-ildoei, 55.000 eta 64.000 euro arteko ekarpenekin, baita lehiaketa-deialdiei ere.

 

San Josek nabarmendu duenez, “ez gaude diru-laguntzen politika soil baten aurrean, erakundeen arteko lankidetza-politika baten aurrean baizik”, elkarteek “esperientzia, ezagutza eta ikuspegi ordezkaezina ematen dutelako biktimei zuzendutako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko; horregatik, harreman hori indartzen jarraitu nahi dugu”.

 

Giza eskubideei dagokienez, “erantzukizun publiko iraunkor bat” direla uste du, eta “bere eskubideez gero eta kontzienteagoa den, bere defentsarekin konpromiso handiagoa duen eta edozein urraketari aurre egiteko prestatuagoa dagoen” gizarte bat eraikitzeko deia egin du.

 

Horren haritik, aurrekontuak 675.000 euro zuzentzen ditu giza eskubideak sustatzeko proiektuak garatzen dituzten gizarte-erakundeei laguntzera, 125.000 euro tokiko erakundeei laguntzera eta 250.000 euro Elkarrekin Bonuei laguntzera. Adi-Adian eta Ikaskuntza Komunitatea bezalako programak mantendu egingo dira, unibertsitateekin, ikastetxeekin eta gizarte-erakundeekin garatutako giza eskubideen inguruko sentsibilizazio- eta hezkuntza-ekimenekin batera. Giza eskubideen defendatzaileak babesteko eta errefuxiatuei eta desplazatuei laguntzeko jarduketek ere aurrera jarraituko dute.

Gogorak indartu egiten du ikerketa eta testigantzen berreskurapena

Gogora Institutuari 5,25 milioi euroko ekarpena egingo zaio aurrekontuan. Bere lan-ildo nagusien artean ikerketa, testigantzak berreskuratzea eta memoria demokratikoaren transmisioa egongo dira. Institutuak Nafarroako, Euskadiko eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako erakundeekin lankidetzan jarraituko du, Memoria Demokratikoen eta Mugaz Gaindiko Identitateen Partzuergoaren bidez.

 

Era berean, handitu egingo du frankismoan eta laurogeita hamarreko hamarkadara arte beren sexu-aniztasunagatik errepresaliatutako pertsonen testigantzen bankua, jazarpen- eta estortsio-indarkeriarekin lotutako testigantzak jasotzen hasiko da, eta poliomielitisak diktaduraren aldian eragindako pertsonei buruzko ikerketa bat bultzatuko du, “biktima horien aldarrikapen historikoa, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legean jasoa” dena. 1976. eta 1980. urteen bitartean Euskadin egindako deshobiratze goiztiarrei buruzko ikerketak ere egingo dira.

 

Gogora Institutuaren webgunearen kudeaketa hobetu egingo da motibazio politikoko indarkeriaren azterketan eta memorien eraikuntzan erreferentziazko ikerketa-zentro gisa sendotu dadin, dokumentazio digitalerako sarbide publikoa eta doakoa ahalbidetzeko eta udalerri bakoitzari egokitutako material pedagogikoak ikastetxeen eskura jartzeko.

Aurrera egiteko erantzukizuna

2027ko kontuek Justizia eta Giza Eskubideen eredu bat baliabide, profesional eta helburu zehatzekin sendotzeko aukera ematen dutela defendatu du San Josek. “Egongo da kontu hauek kontinuistatzat hartzen dituenik. Baina ez da lortutakoarekin konformatzea funtzionatzen duten zerbitzuak mantentzea eta indartzea, laguntza behar dutenentzako arreta zabaltzea, Justizia Administrazioa modernizatzea, gizarteratzera bideratutako espetxe-politika eraikitzen jarraitzea, biktimentzako arreta hobetzea, giza eskubideak sustatzea eta babestea, eta memoria demokratikoa zaintzea. Aurrera egiteko erantzukizunari heltzea da”, adierazi du.