partekatu
PSE-EE Busturialdearen suspertze sozioekonomikorako plan baten alde dago, aurrerabidea, enplegua eta eskualdeko biztanleen ongizatea sendotuko duena
Legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean EAJ-PNVrekin batera, beharren azterlan bat egin eta eskualdearen dinamizaziorako komeni diren inbertsioak martxan jartzeko
PSE-EErentzat lehentasuneko kontua da Busturialdea suspertzeko plan bat abian jartzea, eskualdearen aurrerabidea, enplegua, aberastasuna eta bertako biztanleen ongizatea sendotzera zuzendutako neurri eta inbertsioekin. Suspertze hori gauzatzeko, Socialistas Vascos- Euskal Sozialistak legebiltzar taldeak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Euskal Ganberan EAJ-PNVrekin batera, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko eskualdearen susperraldi sozioekonomikorako plan baten gauzatzea. Plan hori gauzatzeko, gogoeta aldi bat ireki beharko da aurretik eskualdeko eragile nagusiekin, beharrak antzeman ondoren heldu beharreko ekintzak prestatu daitezen.
Jarduera-eremuei dagokionez, hona hemen sustatzaileek proposatzen dutena: “dinamizazio eta dibertsifikazio ekonomiko eta industriala, nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako baliabideak modu iraunkorrean aprobetxatzeko kultura berri bat, inguruko turismoaren kontrola eta horren ondorioak, ur-saneamendua eta -hornidura, mugikortasuna eta azpiegituren sustapena, gizarte kohesioa, kultura sektorearen dibertsifikazioa, eta hiri eta ingurugiro mailako berroneratzea”.
Lehentasunezko eta ezinbesteko jarduerak dira horiek guztiak. PSE-EErentzat, hori martxan jartzeko ezin da eragozpen izan azken egunotan Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruz hala nola horren dimentsio, helburu, eduki, funtzio, aurrekontu eta inplikazio instituzionalari buruz agerian geratu izan den argitasun falta. Alderdi Sozialistaren planteamenduaren parte izan da etorkizuneko balizko museoaren gainean jarduera zorrotz bat gauzatzea, instalazio horri buruz duela hamarkada bat baino gehiagotik berriak azaldu zirenetik. Gaur egun ere, zuhurtzia, zorroztasuna eta gardentasuna eskatzen jarraitzen dugu.
Busturialdeak biltzen du Urdaibai Euskadiko Biosferaren Erreserba bakarra. Altxor natural horrek babes-maila handia du Unescok 1984. urtean hala katalogatu zuenetik. Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko 5/1989 Legeak arautzen du, zeinak lurzoruaren erabileren eta erreserbentzako araubide juridiko nola antolakuntzakoa ezartzen baitu babestuago egon dadin, aniztasun biologikoaren kontserbaziorako duen garrantziagatik.
Baldintza natural eta ingurumeneko horiek, horiei hainbat adierazle sozioekonomiko gehituta, eskualdea biziberritzeko eta suspertzeko jarduera berezi batzuk eskatzen ditu, Euskadin beste Lehentasunezko Jarduketa Eremutzat jotakoetan egin izan diren bezala, azaltzen dute bi alderdiek.
Ildo horretan, LBPk adierazten duenez, azken urteotan testuinguru orokorretik eratorritako zailtasunek eta eskualdeko jardueraren garapenean ematen diren baldintza bereziek arriskuan jarri dute eskualdeko ehun ekonomiko eta industrial partikularraren eraldaketa, enpresa-proiektu berri batzuen garapena eta lanpostu berrien sorrera. Horregatik guztiagatik –ondorioztatzen du LBPk–, Busturialdea garapen sozioekonomikorako estrategia propio baten beharrean da, bere errealitatera, bertako biztanleen beharretara eta bere ingurune naturalaren hala nola espazio babestua izateak dakartzan baldintzatzaile eta aukeretara egokituta egongo dena.