partekatu
Eneko Andueza: “Irabazi egingo dugu, herritarrek badakitelako gobernatzen dakien, benetan axola denaz arduratzen den eta Euskadiri egonkortasuna ematen dion ezkerra garela”
PSE-EEko idazkari nagusiak “sozialisten gobernatzeko era, pertsonak erdigunean jartzen dituena” defendatu du Nafarroako, Gaztela-Mantxako eta Asturiasko presidenteekin egindako topaketa batean
Emiliano Garcia-Pagek euskal buruzagiaren “profil biltzailea, entzuteko gogoa duena eta politikarako baliagarria dena” azpimarratu du
Maria Chivite: “Eskuinak ez gaitzala eraman herrestan, ez politika egiteko euren moduan, ez euren aldarrikapenetan”
Adrian Barbonek nabarmendu du Alderdi Sozialista “politika egiteko orduan bere humanismoagatik” bereizten dela
PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigai denak, Eneko Anduezak, Alderdi Sozialistak datorren apirilaren 21eko hauteskundeak irabaziko dituela esan du gaur, “herritarrek badakitelako alderdi hori dela benetan axola denaz arduratzen den bakarra Euskadin, badakitelako ezker baliagarria garela, gobernuei egonkortasuna ematen diena, guztion baldintzak, inor ahaztu gabe eta inor atzean utzi gabe, hobetzearren lan egiten duena”. “Gobernatzen dakien ezkerra gara. Halaxe erakutsi dugu hori egiteko aukera izan dugun bakoitzean. Euskadik behar duen ezkerra gara. Gure lurra toki hobeago bat izateko gidoi aldaketa bat posible egingo duena”, adierazi du.
Eneko Anduezak topaketa batean hartu du parte Donostian Maria Chivite, Adrian Barbon eta Emiliano Garcia-Page, hots, Nafarroako, Asturiasko eta Gaztela-Mantxako presidenteekin batera. Anduezaren hitzetan, “egunez egun gobernatzeko beste era bat badela, era sozialista erakusten ari dira, sable mediatikoetatik urrun eta eskuinaren desgobernutik urrun” erakusten ari dira presidente horiek.
Buruzagi sozialistarentzat, erkidego horietan jendeak Alderdi Sozialistarengan, “hauteskundez hauteskunde beren aukera berretsiz”, jarri izan badu konfiantza, hori “herritarrak bere ekintza politikoaren erdigunean jartzen dituelako eta pertsonen benetako arazoez kezkatzen eta okupatzen den gobernatzeko duen erari” zor zaio. “Frogatuta dago gobernatzeko bestelako era honen eraginkortasuna; Espainian gobernu sozialista bat dagoenean autonomia erkidego batean ere gobernu sozialista bat baldin badago, hobeto doakio erkidego horri”, azaldu du.
Lehendakarigai sozialistaren esanetan, “zorte handia dugu Espainiakoak izateagatik”, baina “bere burua abertzaletzat duten baina gero bere buruaz eta beren lagunenaz bakarrik arduratzen diren horiek ez bezala”, bera harro dago “Espainiakoa izateagatik, pluraltasunaren, aniztasunaren, bizikidetzaren, ezberdinarekiko errespetuaren sinonimo delako, beren seme-alabei etorkizun hobeago bat eskaintzea bilatzen duelako eta beren adinekoek bizitzeko geratzen zaizkien urteak duintasunez eta bizi-kalitate on batekin gozatzea nahi duelako”. “Osasungintzaz, Hezkuntzaz, Etxebizitzaz, Segurtasunaz, bere herritarren ongizateaz kezkatzen den herrialde bat. Horixe da Euskadirentzat ere nahi dudan herria. Mariak, Emilianok eta Adrianek dagoeneko eskaintzen dutena. Horregatik irabazi nahi ditut hauteskunde hauek. Euskaldunek ez dutelako gutxiago merezi”, gaineratu du.
“Euskal Sozialistek irabazi egingo dugu #A21-ean, herritarrek badakitelako gobernatzen dakien, benetan axola denaz arduratzen den eta #Euskadi-ri egonkortasuna ematen dion ezkerra garela”.
#AldatuGidoia pic.twitter.com/sIM073bQxF
— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 23, 2024
Hiru erkidegoetako presidenteei bere babesa eskertu ondoren, “hautagaitza bikainak” eta “euskaldun guztiok kezkatzen gaituzten arazoei erantzuten dioten proposamen egiazko nola eraginkorrez beteta” den hauteskunde programa goratu ditu. “Azken ahalegina falta zaigu: hori herritarrei helaraztea, jakitera ematea, jakin dezaten kezka gehien eragiten dieten arazoak konpontzeko ideia sendoak ditugula sozialistek. Enplegurako, gure gazteentzako, gure adinekoentzat, berdintasunerako, klimaren larrialdirako”, esanez amaitu du bere jarduna.
Emiliano Garcia Page, bere aldetik, zeharo pozik azaldu da euskal kanpainan “esku bat luzatzeko” aukeragatik, eta Eneko Anduezaren profila azpimarratu du, hots, “politikarako pertsona baliagarri baten profila, politikara eraikitzeko gogoz etorri izan den baten profila, bere ikuspegi biltzailearekin eta entzuteko gaitasunarekin, profil baztertzailea eta sektarioa aurkezten dutenen aldean”. Eta “Euskadi Espainiarentzat erreferentzia miresgarria bat den bezala, PSE-EEren erreferentzia oso garrantzitsua da ezkerraren esparruan, ikur bat da, ezkerreko jende guztiok edaten dugun iturria”.
Gaztela-Mantxako presidenteak “gizarte-kohesioaren eta berdintasunaren alde egiten duen eta krisi egoerei lasaitasun unetan bezalaxe, hau da, pertsonei lehentasun berbera emanez, heltzen dien eredu sozialista” goratu du. “Gauzak ondo badoaz, banatu egiten dugu; oker badoaz berriz, badakigu ez ditugula murriztu behar”. “Zailtasunen kontrako koltxoia gara zailtasun egoeretan, eta aukerak daudenean badakigu azeleratzaile sozial bat izaten. Eta sozialisten izendatzaile komun bat da hori autonomia erkidego guztietan, dela klima politikan, dela egoera ekonomikoan”, gaineratu du.
Nafarroako presidentea, Maria Chivite, txantxetan aritu da gobernu sozialista batzuek “iparraldeko frontea” eratzeko aukeraren gainean, eta Eneko Anduezak bere ekintza politikoa herritarren benetako beharretara zuzendu izan duela azpimarratu du. “Gogoko dut fokua benetako gauza garrantzitsuetan jartzen denean, pertsonen bizi-baldintzetan. Albora ditzagun eraikuntza nazionalak, zuzendu gaitezen enplegura, etxebizitzara, azpiegituretara, gure industriaren trantsiziora”, adierazi du, eta Euskadiko eta Nafarroako autonomia erkidegoek proiektu estrategiko batzuk partekatzen dituztela azpimarratu du gero, abiadura handiko trena, esate baterako. Nekazaritzako protesten harira pertsona batzuk sortu dituzten azken ekintza biolentoen” inguruan, berriz, hauxe eskatu du: “eskuinak ez gaitzala herrestan eraman, ez politika egiteko beren moduan, ez bere aldarrikapen politikoetan”. “Argi izan ditzagula gure lehentasunak, ez ditzagun geure egin haien erak”, eskatu du.
Chivitek kogobernatza defendatu du pandemiari erantzuna emateko eredu arrakastatsu gisa, eta esan du Nafarroak duela “bizi-kalitaterik onena” eta “gutxien zorpeturik” dena. Eta “oparotasun partekatua” eta behar duten pertsonei eta enpresei lagunduko dien fiskalitate-justizia bat defendatu ditu, etorriko diren eraldakuntzen aurrean jarrera positiboa erakutsiko dutena.
Adrian Barbon Asturiasko presidenteak, berriz, Eneko Anduezaren eitea goratu du, esanez “pertsona koherentea, konbikzioduna eta ideia sozialistetan sinesten duena” dela. “Batzen duen pertsona bat da, Euskadiren pluraltasunaren jakitun dena”, esan du.
Sozialistek koiuntura zailetan emandako bestelako erantzuna azpimarratu du Barbonek, Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioz gertatu zenean bezala. Eta esan du Alderdi Sozialistaren bereizgarria dela “politika egiteko orduan duen humanismoa eta kolektiboak banakakoa gainditzen duela ulertzea”. “Oso argi dugu Ongizate Estatu bat beste ondarerik ez dutenen ondarea dela”, adierazi du.
“Erkidegoetako presidente sozialistak izan ginen, Pedro Sanchez presidentearekin batera, esan genuena Europak ezin zuela kudeatu osasun krisia austeritatearekin, aurreko krisi ekonomikoan egin izan zen bezala. Nola izango da, bada, berdin nork gobernatzen duen, nola izango da, bada, berdin zerbitzu publikoen alde egiten dutenek gobernatzea edo osasuna bakoitzaren patrikatik ordaindua izatea nahiago dutenek gobernatzea”, azpimarratu du.