partekatu
• Eusko Legebiltzarra
Haurren eta Nerabeen etorkizuneko Legeak datozen belaunaldien ongizatearekin den konpromiso irmoa berretsiko du
PSE-EEk poza adierazi du neska-mutilen babesgabezia egoerak prebentzioa eta horien interes nagusia ardatz dituen arau bat onartu delako
Eusko Legebiltzarrak urrats garrantzitsua eman du Euskadiko haurren eta nerabeen eskubideak babesteko eta sustatzeko eginkizunean, astearte honetan Haurren eta Nerabeen Lege berriari buruzko irizpena batzorde parlamentarioan onartuta. Era horretan, haurrak zein nerabeak politika publiko guztien erdigunean jartzeko legebiltzar konpromisoa berresten da, guztientzako etorkizun bidezkoago eta seguruago bat ziurtatze aldera.
Gloria Sanchezek eta Eva Juezek, hurrenez hurren PSE-EEko eta EAJ-PNVko parlamentari direnek, lege hori funtsezko mugarri bat izango dela azpimarratu dute etorkizuneko belaunaldien ongizatearekiko gure konpromisoan. “Lege berri hau funtsezko urratsa da haurren eta nerabeen eskubideak babesteko dugun konpromisoan. Haurraren interes nagusia gure politika eta ekintza guztien erdigunean egotea ziurtatzen ari gara”, esan dute.
Legea gobernuetako eta gizarteko hainbat erakunderen arteko lankidetza- eta kontsulta-prozesu baten emaitza da, eta ikuspegi integral bat jorratzen du, prebentzioa lehenetsiz babeserako mekanismo nagusi gisa. “Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako sailekin eta, besteak beste, Save The Children bezalako antolakundeekin elkarlan estuan gauzatu da, lege horrek komeni den bezala erantzun diezaion gure haur eta nerabeen behar eta eskubideei”.
?Haurren eta Nerabeen Legearekin –gaur onartu dugu horren irizpena– urratsa eman dugu gure gazteentzako etorkizun justuago baterantz
?Adingabeen interes gorena jartzen dugu guztiaren gainetik, eta eskubideen titularrak direla aitortzen zaie. @gloria_marti pic.twitter.com/CfWeyXWSRa
— Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldea (@gpsv_parlamento) January 30, 2024
Hala, bi euskal legebiltzarkideek azaldu dutenez, arau berriak funtsezko ardatz batzuk ezarriko ditu Euskadin haurtzaroaren eta nerabezaroaren gaineko politika publikoa gidatzeko sustapenerako, parte hartzerako, prebentziorako eta babeserako. “Funtsezko kontua da azpimarratzea lege hau ez dela nazioarteko, estatuko eta erkidegoetako arauetan bakarrik oinarritzen, Haurraren Eskubideen Batzordearen ohar orokorrak ere jasotzen ditu, haurren eskubideak babesten eta sustatzen abangoardian gaudela ziurtatuz”, adierazi dute.
Bukatzeko, legeriak haur eta nerabeek euren hazte prozesuan dituzten eskubideak eta erantzukizunak zein diren jakiteak duen garrantzia nabarmentzen du. “Haztea, heztea, zaintzea eta babestea denok geure egin behar ditugun konpromisoak dira horiei euren garapenerako inguru seguru eta apropos bat ziurtatzeko”, esan dute.
Nobedade nabarmenak
Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri berritzaile aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean 2023ko irailean, Euskadin haurren eta nerabeen babes integrala indartzeko. Tratu onaren eta gurasotasun positiboaren kultura sustatzera bideratutako ikuspegiarekin, ekimen horiek esku hartzeko hainbat arlo jorratzen dituzte modu integralean.
Berrikuntza nagusien artean, profesionalei eta, oro har, komunitateari zuzendutako kontzientziazio-, dibulgazio- eta prestakuntza-programak nabarmentzen dira, familia- eta gizarte-ingurune osasungarri batek adingabeen garapen integralerako duen garrantziaz sentsibilizatze aldera.
Gainera, arreta berezia jarri da kalteberatasun- eta babesgabetasun-egoerak garaiz detektatzeko, bai eta edozein arrisku-zantzuren aurrean esku-hartze goiztiarra egiteko ere. Horren barruan sartzen da jokabide arazoak dituzten adingabeentzako zentro bereziak sortzea, arreta soziosanitarioa hala nola terapeutiko-hezitzailea modu integralean eskaintzeko.
Indarkeriako egoeren aurrean jarduteko protokolo argi eta eraginkor batzuk ere ezartzen dira, inplikatutako eremu guztietatik erantzun azkar eta koordinatua bermatuz, arriskua deklaratzen denetik hasi eta beharrezko arreta terapeutikoraino.
Neurri horiek Eusko Jaurlaritzak haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko eta babesteko duen konpromisoa islatzen dute, eta gizarte bidezkoago eta solidarioago baterako oinarriak ezartzen dituzte, adingabe guztiak segurua eta garapen oso baterako aproposa den ingurune batean hazi daitezen.