Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

Lankidetzarako lege berriak indartu egingo du Euskadik elkartasunarekin duen tradizioa, eta Legebiltzarreko gehiengo zabal batekin aterako da aurrera

• Euskal Sozialistak pozik dira lankidetza-politika bati heltzeko “ezinbesteko” arauaz, “feminista eta ekologista eta larrialdi humanitarioei eraginkorki erantzuteko gauza” izango dena
• 2030erako Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lerraturik dago, eta Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuaren %0,7 alor horretara zuzentzera behartuko du
• Giza Eskubideen Batzordeak Trans Legearen aldaketa ere onartu du

1. argazkia
Las parlamentarias Gloria Sánchez y Miren Gallástegui, tras la aprobación de las leyes en la Comisión de Derechos Humanos.

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berriak sendotu eta indartu egingo du Euskadiren tradizio solidarioa, eta, gainera, oso kontsentsu handi batekin onartuko da Eusko Legebiltzarrean. Gasteizko Ganberako Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeak gaur goizean onartu du arau berriaren irizpena. Arauak babes sozial handia jasoko du, kolektiboekin egindako lanari esker. Legeak elkartasunaren erronkan oraindik gehiago engaiatzera bultzatzen ditu instituzioak eta eragile ekonomikoak, eta GKEek funtsezko protagonismoa izaten jarraitzen dute Lankidetzaren esparruan.

Esparru juridiko berri bat ezartzen du Lankidetzarako euskal politikarentzat eta finkatu egingo du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %0,7 Garapenerako Lankidetzaren politiketara bideratzeko helburua, 2030erako Garapen Iraunkorrerako Helburuetan ezarritakoaren ildotik. Aldi berean, GKErentzako laguntzak izapidetzeko betebeharrak malgutu eta erraztu egingo dira, eta dena prozesu azkarragoa izango da orain.

Hasieran Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak proposatu zuen testua osoagoa eta aberatsagoa da legebiltzar izapidea gainditu ondoren. Administrazioen (Eusko Jaurlaritza, diputazioak, udalak…) arteko zuzeneko lankidetza indartzen du, aipamen gehiago egiten zaizkio Berdintasunari edo LGTBI pertsonen eskubideei eta eraldaketa sozialerako heziketa sartu da, beste berrikuntza batzuen artean.

“Lege berri honen bidez, indartu egingo dugu Euskadin oso sustraiturik dagoen gauza bat: elkartasuna eta Lankidetzaren esparrua jorratzen duen elkartegintzaren ehuna. Beren ahaleginak laguntzera zuzentzen dituzten pertsona eta kolektiboek tresna eta erraztasun gehiago izango dituzte hori egiteko”, azaldu du Markel Aranburu EAJ-PNVko legebiltzarkideak.

Miren Gallastegui PSE-EEko legebiltzarkideak, bere aldetik, esan du oso egokia eta beharrezkoa dela lege horren onarpena, “aurrean ditugun erronka globalei heltzeko nahikoa ez zela erakusten hasia zen 2007ko araua ordeztera datorrena”. “Kontsentsu izugarri handia” lortu izanagatik zoriondu ondoren, Euskadin “feminista eta ekologista izan behar duen eta larrialdi humanitarioei era eraginkorrean erantzungo dion Lankidetza” bat ezartzeak duen garrantzia azpimarratu du.

Eskubide eta askatasun gehiago trans pertsonentzat

Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeak oniritzia eman dio Transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legea aldatzeko irizpenari ere. Arau horrek ere Eusko Legebiltzarraren babes zabala izango du eta pertsona horiei euskal administrazioetan Hezkuntza, Osasuna, Justizia eta Lan esparruan dituzten beharrei arreta integral eta egokia emateko eskubidea bermatzen zaie. Lege-testua, egitez, trans komunitatearen eskutik heldu zen Legebiltzarrera.

Gizarte eta erakunde mailako pertzepzioan kalte egiten duten estereotipoak gainditzen lagunduko duten neurriak ezarriko ditu lege horrek, eta, Iñigo Iturrate EAJ-PNVko legebiltzarkidearen hitzetan, “indartu egingo ditu trans pertsonen eskubideak eta sakondu egingo du eskubide horietan”. “Konpromiso politiko bat hartua genuen pertsona guztien eskubide eta askatasunak aldezteko eta aniztasuna aitortzeko, eta bete egingo dugu orain. Transexualitatea naturaltasunez eta beldurrik gabe bizi ahalko da, askatasun handiagorekin”, esan du Iturratek.

Gloria Sanchez legebiltzarkide sozialistaren ustean, legeak bermatu egingo die “trans pertsonei euskal administrazio publikoetatik euren hezkuntza, osasun, lege eta bestelako beharrei gainerako herritarren baldintza beretan arreta integral eta egokia jasotzeko eskubidea”. “Horrekin urrats bat gehiago ematen dugu transen aukera berdintasunean oinarritua den eta gizarte bidezkoago eta libreago batean aniztasuna onartzen duen gizarte bateranzko bidean”, gaineratu du.

Osasun arloari dagokionez, legeak barne hartuko du Osakidetzaren zerbitzu-zorroaren zabalpena eta Transexualitatearentzako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuak eta Unitate espezializatu bat martxan jartzea bultzatuko du. Hezkuntzaren sisteman, berriz, sexu-identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak ezarriko dira eta prestakuntza eta kontzientziazioa bultzatuko da hezkuntza-komunitate osoan. Lan arloan ere diskriminazioaren aurkako planak sortuko dira, bai eremu publikoan, bai pribatuan.

Arau berria aitzindaria da pertsona horien eskubideak babesten, eta pertsona horiek entzunak izateko eta eragiten dieten erabaki medikoetan parte hartzeko duten eskubidea jasotzen du. Tratamenduaren helmena ulertzeko moduan ez badira edo 16 urtetik beherakoak badira, horien legezko ordezkariak emango du horretarako baimena.