partekatu
Eneko Andueza: “Jarduera Ekonomikorako Premiazko Neurriei buruzko Legeak bultzatu egingo du Euskadik inbertsio estrategikoak erakartzeko duen lehiakortasuna”
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzar bozeramailearentzat, ekimenak “azkartu” egingo du proiektuen tramitazioa, “itzulkin sozial eta ekonomikoari, trantsizio ekologikoaren eskakizunei eta kalitateko enplegua sustatzeari begia kendu gabe, betiere”
PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzar bozeramaileak, Eneko Anduezak, Jarduera Ekonomikoa Sinplifikatzeko eta Arintzeko Premiazko Neurriei Buruzko Lege Proposamenak Euskadiren jarduera ekonomikorako eta inbertsio estrategikoak erakartzeari begira lehiakorra izateko duen garrantzia azpimarratu du gaur. Lege-proposamen hori Euskal Ganberan erregistratu izan da EAJ-PNV taldearekin batera. “Etxebizitzarekin orain dela hilabete batzuk egin genuen era berean, hau da, bizitegi-merkatua eraldatzeko premiazko neurrien lege bat aktibatu genuenean, formula hori orain Euskadiren jarduera ekonomikoa bultzatzeko erabiltzen dugu inbertsio estrategikoak erakartzeko inguruko beste ekonomia batzuekin –horietako askok badituzte, dagoeneko, honen antzeko lege batzuk– lehiatzeko aukera emango digun lege batekin.
Eneko Anduezak ekimena Aitor Esteban alderdi nazionalistako presidentearekin batera aurkeztu du, eta esan du arau berria “eragile ekonomikoek beren proiektuak gauza ditzaten erakundeek haien eskura tresnarik onenak” jarri behar dituztenaren “uste sendotik” sortu dela. Baina “itzulkin sozial eta ekonomikoari, trantsizio ekologikoaren eskakizunei eta kalitateko enplegua zaintzeko beharrari begia kendu gabe, betiere”.
Horren haritik, esan du kontu horiek, Sozialistentzat, funtsezkoak direla eta beti presente egon behar direla jarduera ekonomiko osoan. Anduezarentzat, “industria ez da produkzioa bakarrik, enplegu egonkorraren, gizarte-berrikuntzaren eta lurralde-kohesioaren iturri ere izan behar du”.
Jarduera Ekonomikorako Premiazko Neurriei buruzko Legeak bultzatu egingo du #Euskadi-k inbertsio estrategikoak erakartzeko duen lehiakortasuna.
Ekimen horrek azkartu egingo du proiektuen tramitazioa, itzulkin sozial eta ekonomikoari, trantsizio ekologikoaren eskakizunei eta kalitateko… pic.twitter.com/3Dcj6pmJEb
— Eneko Andueza (@enekoandueza) June 4, 2026
“Instalazio ekonomiko berriek osatu behar dituzten –karga burokratikoak murriztuta, proiektu estrategiko horien tramitazioa azkartzeari bide emanez– prozedura administratiboak modernizatzen dituen” arauaren edukia xehatu du buruzagi sozialistak. “Hori guztia, iraunkortasun sozial, ekonomiko nola ingurumenekoaren bermearen premisarekin, segurtasun juridikoa, parte-hartze publikoa eta ingurumen- zein gizarte-eskakizunen betearazpenerako kontrola indartzearen bidez”, azaldu du.
Ildo horretan, esan du arauak biltzen diren neurriek “azkartze” bat dakartela, ez dakartela “deserregulazio bat”. “Ez dio ukitzen Euskadik ingurumena babesteko dituen estandarren betearazpenari eta Estatuko zein Europako bermeen esparrua oso-osorik errespetatzeari”.
Anduezak Goi-mailako Interes Publikoko Proiektuei kapitulu bat eskaini dio bere jardunaren amaieran. Legeak, izan ere, esparru berezi bat arautzen du halakoentzat. Trantsizio energetikoari, ekonomia zirkularrari edo energia sortzeko azpiegiturei lotutako ekimenak dira. “Proiektu horiek ikuspegi integratu baten eta epe laburtu batzuen bidez izapidetuko dira, eta Gobernu Kontseiluaren eskumena izango da horiek onartzea. Ekimen pribatuak aurkeztutakoak badira, itzulkin ekonomiko eta sozial bat izatea eskatuko zaie horien sustatzaileei, helburu zehatz eta neurgarriekin, eta horiei baimena kentzeko aukera egongo da betekizun hori ez badute betetzen”, esan du.