partekatu
Eneko Andueza: “Fernando Buesaren borondateak eta erabakimenak garamatza gaur gizarte osoaren alde lanean jarraitzera”
PSE-EEko idazkari nagusiak ezkerreko politikekin duen konpromisoa bermatu du, “burua goian dela, umiltasunez eta harrotasun sozialistarekin”, ETAk eraildako arabar buruzagia jaio zeneko 80. urteurrenean
“Haren borondatea eta erabakimena ez digute kenduko alde bateko edo besteko abertzaleek. Indar hori ez digute kenduko eskuinak zein eskuin muturrak, horiek soinez soin lar arituagatik ere”, adierazi du
Javier Hurtado: “Gaur Fernando Buesa aldarrikatuz, sozialismoaren balio unibertsalak aldarrikatzen dira: bakea eta askatasuna, justizia soziala, berdintasuna, aukerak, mestizaia, aniztasuna eta Euskadi plurala, edonork beste era batera pentsatzeko aukera duelarik”
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Fernando Buesaren figurak egungo euskal sozialismoarentzat duen garrantzia azpimarratu du, eta esan du ETAk 2000. urtean Jorge Diez haren bizkartzainarekin batera eraildako buruzagi arabarraren idealak bizi-bizirik jarraitzen dutela mehatxuen arren. “Haren borondatea eta erabakimena ez digute kenduko alde bateko edo besteko abertzaleek. Indar hori ez digute kenduko eskuinak zein eskuin muturrak, horiek soinez soin asko arituagatik ere”, adierazi du.
Buruzagi sozialistak nabarmendu duenez, hori izan da sozialistek historian zehar izan duten jarrera, eta halaxe jarraituko du izaten. “Urrats bat aurrera eman dezakeenak, eman dezala ezkerraren politikak defendatzeko, herritarren aldeko politikak aldezteko”, adierazi du. Eta PSE-EEtik “beharrik handienean direnak defendatzen” jarraituko dela nabarmendu du. “Burua goian dela, umiltasunez eta sozialista izatearen harrotasunez egingo dugu beti, sekula ez garelako atzean geratu herri hau eraikitzeko lan egitea egokitu denean”, izan dira haren hitzak.
Eta gaineratu du: “Sozialistok identitate-zeinu oso garbiak ditugu, gure DNAn txertatuta daude eta horiexek gidatzen dute gure lana”. “Gure printzipioekin konektatzea bilatzen duten politika horiek dira, printzipio hauekin: askatasuna, justizia soziala, berdintasuna, elkartasuna eta elkarrizketa”.
PSE-EEk Araban Fernando Buesa jaio zeneko 80. urteurrenaren harira antolatutako omenaldian, Anduezak haren profilean sakondu du, eta esan du “predikua etsenpluaren bidez” egiten zuen lider bat zela, “bere lurrarekin eta herritarrekin konprometitutako pertsona bat”. “Ezerk ez zuen atzera bultza, ez zuten lortu haren hitza tolestea. Ezta terrorismoaren itzala bizi osoan izanagatik ere”, gogoratu du.
Fernando Buesaren irmotasuna gaur Euskal Sozialistak mugiarazten gaituen berbera da.
Eta indar hori, borondate hori eta erabakimen hori ez digute kenduko alde bateko edo besteko abertzaleek.
Indar hori ez digute kenduko eskuinak zein eskuin muturrak, horiek soinez soin... pic.twitter.com/vMjmCJNlds
— Eneko Andueza (@enekoandueza) May 30, 2026
“Fernandok ezin izan zuen martxan jarri bakean izango zen Euskadi batez amesten zuen guzti hura. ETAren terrorearen itzalpean bizi eta garatu behar izan zuen bere ibilbide politiko guztia. Baina, hala eta guzti, milimetro bat ere ez zuen atzera egin. Indarkeriaren eta terrorismoaren amaiera eskatu zuen etenik gabe. Eta independentismoari haren ameskeria subiranistak logika eztabaidaezin batez lurrera jaitsiz, errealitatera ekarriz egin zion aurre.
“Gorroto diskurtsoen” kontra
Topaketa, zinez, Buesaren ibilbide politiko eta pertsonal osoan nabarmendu ziren bizikidetzaren, pluralismoaren eta askatasunaren balioen aldarrikapena izan da. Hitzorduak militante eta zale sozialistak, erakundeetako ordezkariak, senideak eta euskal sozialismoaren eta terrorismoaren aurka demokraziaren defendatzeko ahotsik garrantzitsuenetako izan zena gogoratu nahi izan duten herritarrak bildu izan ditu Gasteizko Memoriaren enparantzan.
“Hitzaren balioa: ondare sozialista” izenburupean egin den omenaldian, irakurketa publiko bat egin da Fernando Buesaren diskurtsoen testu eta zatiekin, eta militanteek, kargu publikoek eta arabar sozialismoari lotutako hainbat pertsonek irakurri dituzte. Sokako hirukote batek girotu du ekitaldia, eta Fernando Buesaren parte-hartze politikoa jasotzen zuen ikusentzunezko zati bat bota da.
Javier Hurtadok Buesaren figura aldarrikatu du bere hitzaldian, esanez “politika onaren erreferentea” zela, “komunitatearentzako zerbitzu gisara, bizikidetza defendatzen duena eta aurkari politikoa inoiz ezin dela izan arerio bat ulertuz praktikatzen dena”. Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak, halaber, Buesaren pentsamenduak oraindik ere duen indarra nabarmendu du “gorroto diskurtsoak, polarizazioa eta politika etengabeko lubaki batean bihurtu nahi dutenak gero eta gehiago direnean”.
Hurtadoren esanetan, Fernando Buesa aldarrikatzea “beti soseguz eta irmotasunez defendatu izan zituen sozialismoaren balio unibertsalak aldarrikatzea da: bakea eta askatasuna, justizia soziala, berdintasuna, guztientzako aukerak, mestizaia, aniztasuna eta edonork beste era batera pentsatzeko aukera izan dezakeen Euskadi plural bat”. Eta ondare hori belaunaldi berriei helaraztearen garrantzia ere nabarmendu du: “Memoria demokratikoa ez da iraganari atxikirik bizitzea, da nondik gatozen jakitea nora joan nahi dugun jakiteko”.
Egin diren irakurketekin, Fernando Buesaren pentsamendu politiko eta humanistaren zati bat ekarri dute gogora, eta hitzaren erabileran, errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako politika ulertzeko era bat aldarrikatzeko ere baliatu izan da. Omenaldi horren bidez, Arabako PSE-EEk hauxe eman nahi izan du aditzera: Fernando Buesaren figura Euskadiko memoria demokratikoaren funtsezko parte izaten jarraitzen duela, gizarte plural, aske eta ireki bat defendatzen dutenentzako erreferentzia etiko eta politiko bat izaten jarraitzen duela.