partekatu
Eneko Andueza: “Sozialistak inoiz baino erabakigarriagoak gara Euskadiren etorkizunarentzat”
PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, alderdiaren proposamenek “bere espazioa” dute nazionalisten polarizazioaren aurrean.
PSE-EEko idazkari nagusia, Eneko Andueza, pozik azaldu da Euskal Sozialistek M28-ko udal eta foru hauteskundeetan lortu izan dituzten emaitzengatik. Eneko Anduezak esan du bere alderdia giltzarri izango dela euskal politikan eta herritarrei aurkeztu zaien proiektuak saria jaso duela hautetsontzietan.
“Sozialistak inoiz baino erabakigarriagoak gara Euskadiren etorkizunarentzat. Euskadi, gaur, sozialistagoa da, eta gure udalek eta hiriek ezkerrerago begiratzen dute”, adierazi du.
Hauteskundeen emaitzak jakin ondorengo agerraldian, Eneko Anduezak “balorazio positiboa” egin du Euskal Sozialistek izan dituzten emaitzen gainean, eta eskerrak eman dizkie azken aste eta egunetan lanean aritu izan diren hautagai, ikuskatzaile zein ahaldunei. “Orain dela lau urteko emaitzekin esan genuen herritarren konfiantza berreskuratu genuela, eta gaur esan dezakegu beste urrats bat eman izan dugula horretan”, adierazi du.
Batzuk zioten Euskadi biren kontua zela, baina oker zeuden. #M28 honek erakutsi du Euskal Sozialistak inoiz baino erabakigarriagoak izango garela. Sozialisten mezua Euskadiko bazter guztietara heltzea lortu dugu eta herritarrek gauzatu dute hori… pic.twitter.com/a9o0PlTaNC
— Eneko Andueza (@enekoandueza) May 28, 2023
Emaitzek “arrazoia kendu” diela EAJri eta EH Bilduri nabarmendu du buruzagi sozialistak, kanpaina gako nazionalistan polarizatu nahi izan zutelako. “Alderdi Sozialistak toki bat aurkitu du, beste behin argi uzteko herri hau plurala dela eta herritarrek pluraltasun hori hautetsontzietan islatzea eta proposamen eta programa sozialistek bere tokia izatea nahi dutela”, adierazi du.
Maider Etxebarriak Gasteizen lortutako “emaitza bikaina” azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak, eta baita Donostian Marisol Garmendiarekin eta Bilbon Nora Abeterekin izandako igoera ere. Anduezarentzat, herritarrek berretsi egin dute sozialistek politika ulertzeko duten modua, eta bere alderdiko alkateek egin duten kudeaketa aintzatetsi dute.
Eta, horren erakusgarri, Irungo, Eibarko, Lasarte-Oriako, Zumarragako, Larraulgo, Iruña Okako, Ermuko edo Portugaleteko kasuak aipatu ditu. Azken horretan, Mikel Torres egungo alkateak gehiengo absolutua lortu du gutxiengoan egindako agintaldiaren ondoren. Horrekin batera, bere alderdiaren alkateak izango dituzten udalerri berriak era azpimarratu ditu buruzagi sozialistak, Zanbrana, Muskiz edo Trapaga, esate baterako, eta balorazio positiboa egin du Sestao, Errenteri edo Santurtzi bezalako beste udalerri batzuetan lortutako emaitzengatik.