partekatu
Eneko Andueza: “Lehentasun soziala da autogobernuaren tresnez baliatzea euskal herritarrei kezkatzen dieten gauzak betetzeko”
PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzako sail sozialistetatik erdietsi izan diren mugarriak aletu ditu Euskadi Irratirako elkarrizketa batean
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, euskal gizartearentzat benetan garrantzitsuak diren kontuei, adibidez osasungintzari edo hezkuntzari, erantzunak emateko orduan euskal autogobernuak eskaintzen dituen ahalmenak azpimarratu ditu. Anduezarentzat, publikoa denera zuzentzen diren politikak izan behar dira gobernuen ekintzen ardatz nagusi. “Lehentasun soziala da autogobernuaren tresnez baliatzea euskal herritarrei kezkatzen dieten gauzak betetzeko”, adierazi du.
“Guk oso argi dugu zertara zuzendu behar garen”, esan du Anduezak Euskadi Irratirako egin dioten elkarrizketa batean. Eta esan du euskaldunei ez dietela kezkatzen “ez erabakitzeko eskubideak, ez bai EAJk eta bai EH Bilduk etengabe aipatzen dituzten aspirazio nazionalistak”. “Batzuk saltsa horretan sartuta dabiltza beti, eta nik uste dut konponbidea ez doala hortik”, erantsi du.
Abertzaleen jarrera horren aldean, buruzagi sozialistak esan du osasuna, hezkuntza, etxebizitza, mugikortasuna edo segurtasuna bezalako gaietan “erabakiak hartzeko gaitasuna izatea” dela “benetako erabakitzeko eskubidea”. “Hori da benetako eztabaida. Nire ustetan, beste eztabaida batzuk ez daude gizartean eta ez dute egon behar eztabaida politikoaren erdigunean edo ardatzean”, adierazi du.
Eneko Anduezak, bestalde, balioa eman dio sailburutza sozialistetatik jendearen bizi-kalitatea hobetzeko egin izan den lanari. Mikel Torres lehendakariordearen sailak enplegu alorrean lortu izan dituen datu onak azpimarratu ditu Anduezak. “Datu miresgarriak dira, zifra errekorretan gabiltza Gizarte Segurantzako afiliazioan”, gaineratu du. Denis Itxaso buru den sailburutzatik “herritarrei argi eta garbi kezkatzen dien arazo bat konpontzeko etxebizitza-politikei ematen ari garen bultzada” ere azpimarratu du buruzagi sozialistak. Eta Etxebizitzaren Gizarte Funtsa aipatu du, “babes ofizialeko etxebizitzak eskualdatzean iruzurra eteteko” aukera emango duena.
Lehentasun soziala da autogobernuaren tresnez baliatzea euskal herritarrei kezkatzen dieten gauzak betetzeko.
Eztabaida politikoa jendeari benetan interesatzen zaion gai horietara zuzendu behar da, adibidez etxebizitzara, osasungintzara… pic.twitter.com/HvrRYSodl1
— Eneko Andueza (@enekoandueza) September 15, 2026
“Mugikortasunaren alorrean, azpimarratu beharra dago Donostiako Topoaren burutzea, Bilboko Metroaren 4. linearen proiektua edo Zabalganako tranbiarena. Turismoan, berriz, datu oso positiboak ditugu eta Turismoaren Legea martxan jartzera goaz. Eta, memoriari dagokionez, uste dut begibistakoa dela aldaketa egon dela lur honetan sufritu izan dugunon egia kontatzerakoan”, adierazi du.
EAJk eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeari buruz egin duten itunaren gainean, PSE-EEko idazkari nagusiak esan du “desleiala” izan dela jeltzaleen jarrera. “Uste dut desleialtasun bat egon zela koalizioarekin, eta desleialtasun bat egon zela euskal herritarrekin”, adierazi du. “Gu alderdi serioa gara, leialak gatzaizkio sinatzen ditugun akordioei”, esan du.
“Demagun PSE-EEk akordio bat lotzen duela EH Bildurekin fiskalitateari buruz Batzar Nagusietan. Zer esango luke EAJk, erakunde guztietan gurekin koalizio-akordio bat duenean? Ondo irudituko litzaioke? Zuzena dela esango luke? Edo, egiari zor, desleialtasuna irudituko litzaioke?”, itaun du.