partekatu
Eneko Andueza: “Gure helburua da lehentasun soziala zaintzea gure politika guztietan, eta Ongizate Estatua babestea lehentasun nazionalaren aurrean”
PSE-EEko idazkari nagusiak “zuhurtziarako” dei egin du lehendakaria eskatzen ari den akordio handien aurrean, “nazionalistek herri-ituntzat jotzen dutena euren arteko itunak besterik ez direlako”
PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzar bozeramaileak, Eneko Anduezak, esan du urte politiko honetarako eta geratzen den legegintzaldirako Euskal Sozialisten helburua dela “lehentasun soziala zaintzea gure politika guztietan, Ongizate Estatua babestea eta hazkunde ekonomikoa gizarte osoan islaturik egotea lortzea”. “Eta, hori, zerbitzu publikoak eta politika publikoak irmo defendatuz eta Osasungintzari eta Hezkuntzari kalitatea argi eta garbi galdeginez egiten da, baina baita etxebizitzarako, enplegu duin baterako edo mugikortasun jasangarrirako eskubidean ere”, erantsi du.
Eneko Andueza prentsaurreko batera agertu da legebiltzar talde sozialistekin hala nola sailburu sozialistekin urte politikoaren hasiera aztertzeko egin duen bileraren ondoren. Bilera horretan izan dira, halaber, Miguel Ángel Morales PSE-EEko Antolaketa idazkaria eta Begoña Gil Erakunde Politikako idazkaria. Foro horretan, gaitzetsi egin du alderdi abertzaleek proposatzen duten lehentasun nazionala, eta Euskadiren benetako arazoak konpontzera zuzentzearen alde egin du. “Gure apustua hauxe da: lehentasun nazional gutxiago eta PISA txostenak gure Hezkuntzari buruz islatzen duen egoerari gehiago heltzea; lehentasun nazional gutxiago eta Osakidetzari guztiok nahi ditugun kalitate-estandarrak berreskuratzea ahalbidetuko dion giroa gehiago jorratzea”, adierazi du.
Legegintzaldiaren erdia markatzen duen urte politikoaren hasieraren harira, lehendakariak oposizioko alderdiekin akordio zabalak lortzeko egin duen deia izan du hizpide buruzagi sozialistak. Anduezak “zuhurtziaz” heldu nahi gaiari, “alderdi nazionalistek herrialde-ituntzat ulertzen dutena euren artean ixten dituzten akordio handi edo txikiak besterik ez direlako”.
Gure helburua da lehentasun soziala zaintzea gure politika guztietan, eta Ongizate Estatua babestea lehentasun nazionalaren aurrean.
Gure apustua argia eta irmoa da:
â lehentasun nazionala â Hezkuntza indartzea
â lehentasun nazionala â Osasungintza indartzea… pic.twitter.com/k7SgFZnN39
— Eneko Andueza (@enekoandueza) September 14, 2026
Ildo horretan, aurreko urte politikoa talde abertzaleek Enplegu Publikoaren Legeari buruz egindako akordioagatik utzi zion “sentsazio txarra” ekarri du gogora. “EAJk ez zuen jokatu beharrezko leialtasunarekin, eta EH Bilduk unea baliatu zuen gobernu-koalizioari kalte egiten saiatzeko. Batzuek zein besteek, gainera, Administrazioan euskararen eskakizun handiagoa jartzeko lege-esparru bat marraztu zuten. Bide okerra. Hori gogorarazi nahi izan dut, ez litzatekeelako errepikatu behar”, azpimarratu du.
Ildo beretik, eta Euskadiko Alderdi Sozialistak elkarrizketaren eta akordioaren bideari “sekula ez diola egin eta ez diola egingo uko” berretsiz, “Euskadiko gobernantzaren erantzukizuna bere garaian euskal gizarteari proiektu partekatu bat eskain geniezaiokeen bi alderdion kontua” dela gogoratu du. “Horregatik, gauza larria da kontsentsuak haustea”, errepikatu du.
Anduezak 2027rako Aurrekontuak aipatu ditu bukaeran. Haren irudiko, “hedakorrak” izan behar dute, “hazi egin behar dira Gobernu Akordioa betetzeko” eta Etxebizitza bezalako funtsezko gaietan “neurriak aktibatzeko”. “Sailari tresnak eman nahi dizkiogu babestuko parkeko etxebizitzak galtzea ekiditeko, iruzurra kontrolatzeko eta Etxebizitzaren Gizarte Funtsera lurzorua agudoago bideratzeko”, zehaztu du.
“Badago egiteko lana bi urte hauetarako, baina tamaina handiko makineria bat dugu eta autogobernurako tresnak, ia tresna guztiak, ditugu. Txantxa dirudi abertzaleek bete gabeko legeaz eta errealitatearekin zerikusirik ez duen beste topiko batzuez dihardutenean”, esan du amaitzean.