partekatu
Eneko Andueza: “Gobernu gisa dagokigun erantzukizunaz jokatu beharra dugu ahulenak, langile klasea, babestuko dituen eta horiei segurtasuna emango dien neurriak martxan jartzeko”
PSE-EEko idazkari nagusiak: “Ez dugu pauso bakar bat ere atzera emango 2008ko krisian dagoeneko eskuinaren atzera-egitearen biktima izan zen gizarte-babesaren sisteman”
“Sekula betetzen ez diren konponbide magikoak eskaintzeko jendearen zailtasunak instrumentalizatzen” dituzten diskurtso populistez ohartarazi du Eusko Legebiltzarreko gai bakarreko osoko bilkuran
VVVVVVV
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarentzat, Eusko Jaurlaritzak neurriak jarri behar ditu martxan Ekialde Hurbilean sortutako Amerikako Estatu Batuen eta Israelen gerrak ekarri duten bezalako egoeren aurrean gizarte osoa babesteko eta, aldi berean, erronka global handiei erantzuten jarraitzeko.
“Gobernu gisa dagokigun erantzukizunaz jokatu beharrean gara, euskaldunak babestuko dituen berehalako neurriak martxan jarri beharrean gara, ahulenei, hots, langile klaseari, enpleguari eta gure pentsiodunei segurtasuna emango diena. Eta, hori guztiori, trantsizio energetikoa, krisi demografikoa, Adimen Artifiziala edo zainketa-ereduaren birdiseinua bezalako horren eraldaketa konplexuen erdian”, azaldu du Eusko Legebiltzarra egiten ari den osoko bilkura monografikoan.
Euskadik gizarteko geruza kalteberenen aldeko ongizate-maila handiagoetarantz urratsak emateko orduan sozialismoak gobernuetan duen eragina aldarrikatu du Anduezak. “Eraldaketarako, lidergorako, ekintza politikorako eta herrialde-erantzukizunerako garaiak dira. Eta gobernu guztietan gaude horretarako: eraldaketarako, ekintzarako eta lideratzeko”, adierazi du.
“Hamaika arrazoi ditugu aditzera emateko dagoeneko eskuinaren atzera-egite politikoaren biktima izan zen gizarte-babeserako sisteman urrats bakar bat ere ez dugula atzera emango”, esan du 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren gertatutakoa aipatuz. PSE-EE “Euskadi aurrerabidean jartzen duen bide-orria zorrotz-zorrotz betetzeko eguneroko ekintzan bete-betean murgildurik” dagoela bermatu du buruzagi sozialistak. Eta “politika sozialistek beren eraginkortasuna erakutsi” dutela “ahal dena salba dadila”ren aurrean.
“Horrelaxe ulertu zen Pedro Sánchez presidenteak bultzatuta Berreskurapen Funtsekin pandemiari eman zitzaion europar erantzunarekin; horrelaxe erantzun genion Ukrainiako inbasioaren ondorengo inflazio-espiralari; eta horrelaxe erantzuten diogu, gaur, Irango gerratik eratorritako ezegonkortasunari”, azaldu du.
Horren haritik, Anduezak munduko bazter askotan eskubideak murrizten dituen inboluzio-arriskuaz ohartarazi du, “azkenean herritarren bizi-segurtasunari” eragiten diona, haren hitzetan. “Gure Ongizate Estatua mehatxaturik dago ezegonkortasunagatik, beldurraren diskurtsoengatik eta jendearen zailtasunak sekula betetzen ez diren konponbide magikoak eskaintzeko baliatzen dituzten populismoengatik”, adierazi du.
Gobernu gisa dagokigun erantzukizunaz jokatu beharra dugu ahulenak, langile klasea, babestuko dituen eta segurtasuna emango dien neurriak martxan jartzeko.#2añosmásdeizquierdautil pic.twitter.com/SiJIbaiqow
— Eneko Andueza (@enekoandueza) June 17, 2026
Testuinguru horren aurrean, erakundetatik erantzun argi bat ematearen alde azaldu da, “gobernu erantzukizunetik konponbide errealak” emanez. “Indar progresistek irmo eutsi behar diogu kexaren paralisiaren aurrean eta diagnostikoaren eta prospektibaren laborategian eroso-eroso geratzea nahiago dutenen aurrean”, adierazi du.
PSE-EEko idazkari nagusiak, bestetik, Eusko Jaurlaritzan sozialistak buru diren sailetan lortu izan diren aurrerapenak aletu ditu. Mikel Torres lehendakariordearen sailak egindako lanari esker euskal ekonomiak erakusten duen norabide egokia azpimarratu du Anduezak. “Garai ona ari gara igarotzen, nazioarteko asaldurak eta muga-zergen mehatxua gorabehera. %1,9ko igoera aurreikusten da urte honetarako”, esan du.
Buruzagi sozialistak, era berean, euskal enpleguak izan duen bilakaera ona nabarmendu du, eta Gizarte Segurantzari kotizatzen dioten 1.042.000 langile edo langabezia-tasa %6,5 inguruan egotea eman ditu adibidetzat. “Arrakasta hori, Euskadin, Europako Funtsen kudeaketa akasgabean nabaritzen da”, gaineratu du.
Mugikortasun jasangarriaren arloan, berriz, Eneko Anduezak esan du garraio publikoa dela “aukera-berdintasuna bermatzeko eta langile familien kontziliazioa errazteko tresnarik indartsuenetako bat”. Eta ildo horretan ezarritako hainbat neurri aipatu ditu, hala nola garraio publikoan jarri izan diren hobariak edo “herrialdea eraldatzen duten tamaina handiko obrekin” ematen ari diren urratsak, Donostiako Topoarekin, Bilboko Metroaren 4. eta 5. lineekin edo Gasteizko Zabalganako tranbiarekin gertatzen ari den moduan”.
“Hori da herrialdea kohesionatzeko mugikortasuna, ez eztabaida antzuekin geraraztekoa. Beste batzuk identitate-eztabaidetan nahasturik dabiltzan bitartean azpiegiturei buruz, guk jendearen patrikarentzat lagungarri diren politikak exekutatzen ditugu”, esan du Susana Garcia Chuecaren sailburutzako politikei erreferentzia eginez.
Etxebizitza kontuan, Denis Itxasok zuzentzen duen sailak bizitegi-krisia arintzeko bultzatu izan dituen neurri batzuk xehatu ditu euskal buruzagi sozialistak, hots: Premiazko Neurrien Legearen onarpena, eremu tenkatuetan alokairuen prezioa mugatzea edo Gaztelagun edo Bizigune programetako baldintzak hobetzea. “Etxebizitza duin baterako sarbidea bermatzeak ekintza publiko iraunkor, anbiziotsu eta ausart bat eskatzen du, merkatuan behar denean esku hartuko duena. Horixe da bide-orri sozialista: egintzak, legeak eta eraikitako pisuak”, gaineratu du.
Eneko Anduezak, halaber, balorazio positiboa egin du Maria Jesus San Josek zuzentzen duen sailburutik “justizia irisgarria, modernoa eta birgizarteratzera eta bizikidetzara zeharo zuzendutako bat” bermatzeko orduan egin den lanari buruz, eta baita Javier Hurtado buru duen sailburutzan euskal udalerriei turismoaren fenomenoa kudeatzeko orduan baliabide gehiago emango dizkion Turismo Lege berria onartzeko egin duen lanari buruz ere.