partekatu
• ZUZENKETAK
Israelgo Estatuarekiko harremanei buruz
OSOKO ZUZENKETA
Eusko Legebiltzarrak:
- Gaitzetsi egiten du Israel eta Palestinaren arteko indarkeria mota oro.
- Pozez hartzen du Eusko Jaurlaritzak Garapenerako Lankidetzarako duen programaren bidez duela hamarkadetatik egiten duen ahalegina palestinar herritarren egoera arintzeko.
- Palestinako Agintariei eskatzen die berrezarri dezatela beren agintaritza legitimoa Gazan, eta Hamasi hertsatuki eskatzen dio ekintza armatu mota oro gelditu dezala.
- Arbuiatu egiten ditu Israelgo Gobernuak palestinar populazio zibilaren aurka manten ditzaken indarkeriazko jarduerak, eta eskualdean Giza Eskubide guztiak errespetatzea eskatzen du.
- Berresten du gatazka horren konponbidearen etorkizunerako bi Estatuen –Israel eta Palestina- bizikidetza baketsua behar dela, Jerusalen izanik etorkizuneko hiriburua bi Estatuetan, nazioarteko legeek eta NBEko Segurtasun Batzordearen hainbat ebazpenek jasotzen duten bezala.
- Babestu egiten ditu EBren ahaleginak elkarrizketa lortzeko, eskualdean behin betiko Bakearen bila; eta eskatzen du aldeen arteko elkarrizketaren bidezko konponbide bat lortzeko ekimen mota oro indartzea.
- Babestu egiten ditu Europar Batzordearen 2012ko abenduaren 10eko adierazpenak, zeintzuen bidez EBk konpromisoa hartzen baituen Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko akordioek berariaz eta argi jaso dezaten ez direla aplikatuko Israelek 1967an okupatutako lurraldeetan, Golan, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalen barne, eta Gazako Zerrenda bezala.
- Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio aintzat har dezala Europar Batzordearen akordio hori 2020 Nazioartekotzeko Esparru Estrategiaren bere ezartzean, hala nola Kanpo Ekintza Planetan eta Nazioartekotzekoetan. Era berean, eskatzen dio informazioa eman diezaiela Ekialde Hurbilean diharduten euskal eragile ekonomiko eta sozialei, batez ere Nazio Batuek eta Europar Batasunak onartutako ebazpenak eta horien ondorioak okupatutako palestinar lurraldeko asentamendu israeldarretan (Ekialdeko Jerusalen barne) parte hartzeari, babesteari eta egiteari dagozkionak.
- Nazio Batuen ebazpenekin bat, espainiar Estatuari, Europar Batasunari –eta oraindik egin ez duten EBko kide diren estatuei- eskatzen die aitor dezatela Palestina Estatu gisa, funtsezko neurria baita Israel-Palestina gatazkari konponbide negoziatu bat emateko.