partekatu
• Gernikako Estatutuaren 43. urteurrena
Eneko Andueza: “Autogobernua ez da erauzitako eskumenen batura bat edota trukerako txanpon bat, kohesio tresna da”
PSE-EEko idazkari nagusiak esan du sozialistak direla Gernikako Estatutuarekin hasieratik eta 43 urteko indarraldian zehar egon izan diren bakarrak
Euskal Sozialistek hazkunde ekonomikoa, enplegua eta zerbitzu publikoek bermatzen duten berdintasuna erdigunean jarriko dituen autogobernu bat aldarrikatu dute, erakundeetako ordezkaritza zabal bat izan den ekitaldi batean
PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du Gernikako Estatutua kohesio tresna gisa ulertu eta defendatu behar dela, identitate ezberdinen kudeaketa ahalbidetuko duen herritar-itun bat, aldi berean “Euskadi gure Ongizate Estatuan bilakatuko duen” kapital sozial baten modura. Estatutua 1979ko urriaren 25ean onartu zenetik 43 urte betetzearen harira PSE-EEk “Siempre Avanzando. Beti Bidean” lemapean antolatu duen ospakizun ekitaldian hartu du parte Eneko Anduezak.
“Estatutua da etxe komuna, identitate ezberdinen zaindaria. Euskal Sozialistentzat, autogobernua ez da bakarrik, ezta funtsean ere, Administrazio Zentralari erauzitako eskumenen batura bat. Ez da trukerako txanpon bat. Elementu bereizle bat ere ez, kohesiorako tresna baizik. Batez ere, euskal herritarren arteko itun bat da. Ezberdintasunean elkarri aitortza egiteko hitzarmen bat”, adierazi du.
Eneko Andueza, besteak beste, honako hauek lagundurik egon da Goiuri Jauregian: Cristina Gonzalez, Mikel Torres eta Jose Antonio Asensio, hurrenez hurren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako idazkari nagusi direnak, eta baita arduradun instituzional garrantzitsuak ere, esaterako Idoia Mendia lehendakariordea eta Iñaki Arriola eta Javier Hurtado sailburuak, Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateordea edo Jose Anton¡o Santano Eudel erakundeko presidenteorde eta Irungo alkate dena. Arabar hiriburuan –hiri hori da instituzio komunen egoitza, Estatutuak dioenez– burutu den aipatu ekitaldian, autogobernuaren defentsan sozialistek bete duten egitekoa aldarrikatu du buruzagi sozialistak.
“Harro esan dezakegu gu garela Gernikako Estatutuarekin hasiera-hasieratik egon izan den alderdi bakarra. Guk bakarrik, soilik Alderdi Sozialistak, esan dezake parte hartu zuela haren idazketan, haren onarpena bultzatu izan zuela eta haren defentsan egon izan dela atsedenik gabe. Beste batzuk, edo ez zuten parte hartu idazketan, edo ez zuten haren onarpena bultzatu edo alboratu egin zuten elkarbizitzako itun honetatik urrun zeuden beste bide batzuei heltzeko. Batzuk, are, ez zuten hiru gauza horietako bakar bat ere egin”, gogoratu du.
Gaur, Euskal Sozialistek #Euskadi-ren Eguna aldarrikatzen eta ospatzen dugu, #Estatutua-ren 43. urteurrenean, euskal herritar guztien eguna.
Autogobernua ez da erauzitako eskumenen batura bat edota trukerako txanpon bat, kohesio tresna da. #SiempreAvanzando pic.twitter.com/xqoMdfM8uR
— Eneko Andueza (@enekoandueza) October 24, 2022
Anduezak “identitateen kudeaketarako” Estatutuak duen baliagarritasuna azpimarratu du, eta esan du sozialistek autogobernua osatu eta autogobernuan sakondu nahi dutela, baina “ez erakunde komunen aurka gerra eginez, Euskadin elkarren artean gizarte plural bat sortuz baizik, aniztuna dela aitortzen duen gizarte bat, ezberdina dena tolerantziatik errespetatzen duen gizarte bat”.
“Hori da erabakitzeko benetako eskubidea; bakoitzak bere izateko modua, bere identitatea ulertzeko modua erabaki ahal izatea. Eskubide hori ez da gehiengoen joko batean oinarritzen, gutxiengoen eta Legearen errespetuan baizik. Eraiki izan dugun elkarbizitza-esparruaren errespetua, azken batean”, adierazi du, eta, jarraian, “guztiei besoak zabalik dituen gu bat elkarrekin eraikitzearen” aldeko apustu egin du.
Anduezarentzat, “autogobernuaren benetako balioa” euskal erakundeek bildu eta kudeatzen dituzten 100 eurotik 96 eurori ahalik etekin handiena ateratzeko duen gaitasunean datza. Horri esker, “inguruabarren gogortasunari” erantzun izan dioten zerbitzu publiko batzuk ditu Euskadik, nahiz eta agerian utzi izan dituzten, halaber, “eredu bat birplanteatu behar luketen josturak, bere etorkizunerako jada jorratzen egon behar litzatekeena”.
“Erronka sakonen garai batean bizi gara. Erronka globalak, politikaren bidez ziurtasunak eman behar dizkiegun ziurgabetasunak. Euskadi ez da irla bat. Baina ziurtasun hortaz harago, bada beste Euskadi bat, isolatu ezin dena”, adierazi du.
PSE-EEko idazkari nagusiak Kataluniak bizi duen “irteerarik gabeko kale itxia” ekarri du gogora eta nola nazionalistak eta subiranistak aldarrikatu nahian dabiltzan “Euskadin sozialdemokrata gisara, bere obsesioekin bateraezina den ezker bezala”. “Ezker erreal bat, ezker garbi bat, benetako ezkerrik baldin badago, inork baino lehen euskal herritarren eskubideak defendatzen egon den ezker hori da. Ezker horrek ordezkatzen du lurralde honetan denbora gehien daraman alderdia: Euskadiko Alderdi Sozialista”, esan du.
Estatutua erreformatzeko kale egindako saiakera aipatu du Anduezak, eta iragarpen bat egin du: “helduko da unea abangoardian egoteko aukera emango digun belaunaldi berri bateko Estatutu batean, berriz ere ezberdinen arteko elkarbizitza-itun bat izango denean, lanera jarri beharko garena. Oinarria egindakoaren errespetuan, eta batasuna egiteko geratzen zaigun guztiaren aurrean. Hori da gure seme-alabekin kitatzeko dugun zor bat”.
Eta gogoratu du Euskal Sozialisten lehentasunek autogobernua, enplegu egonkor eta kalitatekoa sortzea eta laneko eskubideen defentsa jartzen dituztela, hain zuzen ere, erdigunean, eta EAJri eta EH Bilduri leporatu die lan-erreformari ezetza eman izana. Sozialistek bultzatutako politikek eta ekimenek protagonismoa duten beste jarduera eremu batzuk ere errepasatu ditu.
“Inor atzean gera ez dadin bizitzeko gutxieneko batzuk bermatzen gaude, geroz garrantzi handiago duten sektore ekonomiko batzuk bultzatzen, Turismoa, kasu, gizarte kohesioan mugikortasun iraunkorra sustatuz, garraio publikoarentzat deskontuak onartzen, gasaren prezioan topeak ezartzen, fiskalitate progresiboago bat defendatzen eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan”, zehaztu du. Eta esan du autogobernua badela ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzea, gazteen emantzipazioa erraztea, eskola publikoa defendatzea edo euskal herritarrek merezi duten mailan egongo den osasungintza baten alde lan egitea”.