partekatu
“Euskadi, aquí y ahora. Euskadi, hemen eta orain”, PSE-EEren 10. Kongresuaren lema
“Orain bertan lanari ekitea dagokigu gure helburuak lortzeko, herrialde hau gidatzeko hobeagoa izan dadin, denborarik galdu gabe ekin ere”, azpimarratu du Miguel Angel Morales PSE-EEren Antolaketako idazkariak
Begoña Gil: “Azken hiru urteotan Alderdia indartzeko eta horren eragina handitzeko egin izan dugu lan. Orain prest gaude garai hauek eskatzen duten norabidea markatzeko”
Pau Blasi: “Ponentzia Politikoari egindako zuzenketek Kongresuak jendearen benetako arazoetara zuzentzeko duen bokazioan sakontzen dute: etxebizitza, enplegu duina, mugikortasun jasangarria eta hiri-agenda mota berri bat”

Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerrak (PSE-EE) datorren otsailaren 14an, 15ean eta 16an egingo du bere 10. Kongresua “Euskadi, aquí y ahora. Euskadi, hemen eta orain” lemarekin, euskal erakundeak eta, bereziki, Eusko Jaurlaritza gidatzeko asmoarekin etapa berri baten hasiera izango dena. Eneko Andueza idazkari nagusiaren lidergoa berretsirik dela, euskal sozialistek helburu anbiziotsu bat proposatzen dute, eta halaxe aitortzen dute eurek ere, alabaina ezinbestekotzat jotzen dute Euskadik ongizatean eta justizia sozialean denborarik galdu gabe aurrera egin dezan.
Arazo guztientzako etorkizuneko konponbidea subiranotasunaren eta independentziaren agertoki irudikatu batetik etorriko omen dela dioten eredu politikoen aldean, PSE-EEk politika aurrerakoiak indartzeko eta beste berri batzuk dagoeneko martxan jartzeko duen borondate sozialista berretsi nahi du 10. Kongresuaz baliatuta. Helburu horiek lortzeko modurik eraginkorrena Alderdiak euskal erakundeetan zerbitzu publiko indartsu batzuk nahi dituen, eremu guztietan berdintasuna bilatzen duen eta ekologiaren, elkartasunaren eta aurrerabide jasangarri baten alde egiten duen gehiengo sozial baten babesarekin eragina eta lidergoa handitzea izango da.
“Lema horixe aukeratu dugu, argi utzi nahi dugulako Euskadi dela gure lehentasuna eta une honetatik bertatik lan egitea dagokigula geure helburuak lortzeko, hau da, herrialde hau gidatzea hobeto egiteko, denborarik galdu gabe, gainera”, adierazi du Miguel Angel Morales PSE-EEko Antolaketako idazkariak komunikabideen aurrean Kongresuaren aurkezpena egitean.
Euskal arduradun sozialistak Pau Blasi Azterlan eta Programen arloko arduraduna eta Begoña Gil Erakunde Politikako idazkaria izan ditu ondoan. Azken horrek ere PSE-EEk datozen lau urteei zer gogarterekin heltzen dion izan du hizpide. “Kezkaturik ari gara ikusten Euskadin alderdi politiko batzuk nola dauden tematurik datozen mehatxu eta aldaketa horiei, aldaketa saihetsezinei muzin egin eta bizkarra ematen. Izan ere, guk egiten dugunaren arabera, bateko edo besteko norabidea hartuko dute. Korronte autoritarioen gorakadara ala demokrazien sakontasunera”, adierazi du.
Eta hau gaineratu du: “Alderdi batzuk tematurik daude duela dagoeneko 20 urte eskaini ziguten prediku berarekin: estatus berri bat, subiranotasun berri bat, Euskadi independenteago bat… mundua guztiz bestelako (kontrako, esango nuke nik) bideetatik doan bitartean. Eta arrisku global horri aurre egiteko modua ez da isolatzea, ez da partzelatzea, ez da zatitzea… gizarte-, gizatasun- eta zibilizazio-eredu bera partekatzen dutenekin bat egitea baizik. Horregatik, gure hamargarren Kongresu hau inflexio-puntu bat izatea nahi dugu. Azken hiru urteotan Alderdia indartzeko, horren eragina handitzeko, gure proiekzio soziala hobetzeko egin izan dugu lan. Orain prest gaude erakundeak gidatzeko, herrialdearen buruan jartzeko eta garai hauek eskatzen duten norabidea markatzeko”.
Horren aurretik, Miguel Angel Moralesek Kongresuaren hiru egunetan garatuko den egitarauaren berri eman du. Kongresuan, besteak beste, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Gobernuko presidentea etortzea espero da, 15eko larunbataren inaugurazioan izango baita. “10. Kongresua gaurkotasun handiko gaiak eztabaidatzeko foro bat ere izatea nahi dugu, eta egitarau oso interesgarria beteko duten jarduera batzuk ere prestatu ditugu.
Jarduera osagarriak organoaren otsailaren 14ko ostiraleko hitzorduari hasiera formala eman baino egun bat aurretik hasiko dira, Alexis Mundt austriar adituaren hitzaldi batekin, zeinak Vienak etxebizitza publikoaren arloan izan duen esperientziaren ardatz nagusiak azalduko baititu. Aditu horrek berak “Orain, etxebizitza duina eta eskuragarria guztiontzat” izenburuarekin mahai-inguru batean hartuko du parte gero Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroarekin, Denis Itxaso sailburuarekin eta Ane Oyarbide Donostiako alkateordearekin batera.
Ostiralean, berriz, beste topaketa bat egingo da “Orain, mugikortasun jasangarria gizarte-kohesio handiago baterako” izenburuarekin, Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroa, Susana Garcia Chueca euskal sailburua eta Azahara Dominguez diputatuaren parte-hartzearekin. Arratsaldean, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak, Salvador Illa Generalitateko presidenteak, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Eneko Anduezak beren iritziak elkartrukatuko dituzte “Oraian, Euskadi plural eta anitz bat Espainia moderno eta kohesionatu baten barruan” izeneko mahai-inguruan.
Kongresuaren irekieran, Pedro Sanchezez gain, parte hartuko dute Raul Arza Euskadiko UGT eta Loli Garcia Euskadiko Langile Komisioak sindikatuetako arduradun gorenek eta Gabriel Arrue Euskadiko Gazteria Sozialistako idazkari nagusiak. Goiz horretan bertan, PSE-EEko idazkari nagusiak kudeaketaren txostena azalduko du. Larunbat arratsaldean, Carlos Cuerpo eta Oscar Lopez ministroek, Idoia Mendia europarlamentariak eta Mikel Torres lehendakariordeak mahai-inguru bat egingo dute ekonomiari buruz “Orain, ekonomia berritzaile, jasangarri eta inklusiboa” izenburupean.
Igandeko klausura ekitaldian, berriz, Santos Cerdan PSOEko Antolaketako idazkaria izango da Eneko Anduezari laguntzen, beste hainbat gonbidatuez gain. Horren aurretik, ordea, PSE-EEren gobernu-organoen bozketa egingo da: Euskadiko Batzorde Betearazle berria, Bermeen Batzordea eta Batzorde Nazionaleko eta Batzorde Federaleko kideak, zeinak 86 elkarte ordezkatuz arituko diren 347 ordezkarik hautatuko baitituzte.
PSE-EEren Azterlan eta Programen idazkari Pau Blasik azaldu duenez, elkarte sozialistek 198 zuzenketa egin dizkiote Alderdiaren eta Estatutuen Ereduari, eta 779 zuzenketa Ponentzia Politikoari. Biek ala biek “Kongresuaren eta Ponentziaren jatorrizko bokazio honetan sakontzen dute, hots, jendearen benetako arazoak erdigunean jarrita: etxebizitza, enplegu duina, mugikortasun jasangarria eta hiri-agenda mota berri bat”, adierazi du, “euskal politika hainbat urtetan baldintzatu duten identitateari buruzko eztabaida horiek baztertuta, fokua jendearen bizitza hobetzeko hemen eta orain benetan egin dezakegunean jartzeko”.
Militante sozialistek proposaturik Kongresuan eztabaidatuko diren zuzenketen artean, “asko hitz egiten da enpleguaz, zainketez, Osakidetzaz, galdutako kalitatea eta prestigioa berreskuratzeko proposamenekin, Hezkuntzak eta eskola publikoak hezkuntza-sisteman jokatu behar duen rol nagusiaz hitz egiten da, eta etxebizitzaz, eta baita trantsizio energetikoaz ere, asko gainera”, azaldu du Ponentzia Politikoa idazten aritu denak.