partekatu
Idoia Mendia: “PPk Europa gutxiago eta eskuin muturrari atea zabaltzea aukeratu du; sozialistek aurrerabide gehiago eta Europa Sozial bat nahi dugu”
Eneko Andueza: “Gure gazteek etorkizun hobea merezi dute, askatasunak, aukerak eta eskubideak egongo diren toki batean bizitzea”
Gabriel Arrue: “Gure erronka ezkerreko gazteak mobilizatzea da, baita hori izan gabe europeismo demokratikoarekin identifikatzen direnak ere”
Europako Parlamenturako hautagaiak, Idoia Mendiak, Europan etorkizunean aliantzak egiteko eskuin muturra aukeratu eta horren hazkundea elikatu izana aurpegiratu dio PPri, Alderdi Sozialistak aurrerabidearen, Europa sozialaren, berrikuntzaren eta bakearen alde egin duen bitartean. Eta hautesleek Europako hauteskundeetan zer hautabide duten zehaztu du: langileen eskubideak indartzen dituen eta enpresen jarduera bermatzen duen Europa sozialaren eta erronka klimatikoa ukatzen duenaren artean.
“Europa gehiago edo gutxiago egongo den erabakitzen da, Europa hori sozialagoa edo soziala izango ez den, klimaren erronkari helduko diogun ala ukatu egingo dugun, gure enpresak eta gure langileak indartuko ditugun ala abandonatuko ditugun, aurrera ala atzera egingo dugun, Euskadik aurrera egiten jarraitu ahal duen. Eta sozialistek aurrerabidea, Europa soziala, babesa, berrikuntza eta bakea erabaki dugu. Europa gehiagorekin eta zero ultrekin aurrera egitea erabaki dugu. PPk Europa gutxiago eta eskuin muturrari atea zabaltzea aukeratu du. Bere arazoa da, baina boto sozialistek ez dute utziko hori euskaldunen arazoan bihurtzea, ezta Europarena ere”, adierazi du.
Mendiak ekitaldi politiko batean hartu du parte Bilbon Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Gabriel Arrue Euskadiko Ezkerraren Gazteak-en (JSE-Egaz) idazkari nagusiarekin batera, eta munduak bizi izan dituen aldaketak ez ulertzea leporatu dio popularrei.
“Alderdi Popularrak ez du jakin historia eta azken bost urteotako aldaketak irakurtzen. Europak azkenekoz hautetsontzietara deitu gintuenean, izan ere, burua altxatu nahian genbiltzan, zailtasun frankorekin, austerizidioaren osteko krisi finantzariotik. Hamarkada bat generaman horretan, eta oraindik amaiera eman gabe genion. Alabaina, azken krisian burua denbora errekor batean altxatzeaz gain, funtzionatzen duen erantzun sozial baten liderra da Espainia. Pedro Sanchezek bosgarren martxa sartu dio eredu horri, eta hobeto doa. Europar Batasuneko ekonomiaren susperraldiaren buruan gaude”, arrazoitu du.
Hautagaiak adierazi du langileek nabaritu izan dutela aldea batzuen eta besteen arteko kudeaketan. Eta Gizarte Segurantzako afiliazio-zifrak jarri ditu horren adibiderako. “Euskadi afiliazioaren maximo historiko batera heldu zen 2008an, ia 983.000 pertsonekin. Urte hartako udazkenean finantza-krisia lehertu zen, beltzezko gizonak agertu ziren eta Raxoik babesik gabeko kaleratze librearekin errematatu zuen. Handik hamaika urtera, oraindik ez genuen berreskuratu orduan galdutako enplegu guztia. Covida etorri zen gero. Munduko geldialdia. Baina beltzezko gizonik gabe erantzun zitzaion, Pedro Sanchezen lidergoarekin, babes publikoarekin, enpresak eta enplegua babestuz, herrialdeen arteko elkartasunez. Emaitza: Euskadik 21 hilabeterako berreskuratuta zeukan pandemiaren aurreko zifra. Hamaika urteko austeritate eta elkartasun faltarekin lortu ez zena, gizarte-ezkutuaren eta lankidetzaren bidez lortu zen. Eta milioiaren langa gainditzera heldu gara”, esan du.
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, bestalde, esan du herritarrei, baina bereziki gazteei interesatzen zaizkien gaien etorkizuna, esaterako lan-baldintzak, berdintasuna, hezkuntza edo mugikortasuna, hauteskundeetako emaitzen mende daudela hein handi batean, eta Europaren eredua defendatu beharra dagoela eskuinaren eta eskuin muturraren aurrean.
“Gure gazteek etorkizun hobea merezi dute. Askatasunak, aukerak eta eskubideak egongo diren toki batean bizitzea merezi dute. Eraiki dugu Europa bat, baina oraindik ez da guk nahi dugun Europa, eta hori posible egiteko gure ahalegin guztia jarriko dugu horretan. Axola bazaigu osasuna, zainketak, berdintasuna, hezkuntza, prestakuntza, gure gazteen etorkizuna, Europa gehiago. Garraio garbia nola jasangarria axola bazaigu, Europa gehiago. Hori guztiori defendatuko dugu ekainaren 9an hautetsontzietan horrekin guztiarekin akabatu nahi duten eskuinaren eta eskuin muturraren aurrean”, adierazi du.
Gure gazteek etorkizun hobea merezi dute. Enplegu duina, berdintasuna edo garraio garbi hobeago izatea axola bazaigu, #EuropaGehiago behar da orduan.
Hori guztiori defendatuko dugu ekainaren 9ko hautetsontzietan horrekin guztiarekin akabatu nahi duten eskuinaren eta eskuin muturraren aurrean… pic.twitter.com/m7zs5Dt3IY
— Eneko Andueza (@enekoandueza) June 1, 2024
Europar Batasunak pandemiari emandako erantzuna ekarri du gogora Anduezak, eta txertoen erosketa masiboa, osasun-krisi oso larri batetik irtetea ahalbidetu zuena, eta baita ABEEk nola babestu zituzten langileak eta enpresak, euren lanpostuak eta euren jardueraren jarraipena arriskuan ikusi zituztenean. Eta sektore ekonomiko askoren susperraldian eta eraldaketan Next funtsek bete izan duten eginkizunari erreparatu dio.
“Jende asko oraindik gogoratzen da zeinen urrun zegoen Espainia Europatik 60. eta 70. urteetan. Hainbeste, ezinezkoa ematen zuela diktadura frankistak sartu gintuen zulo hartatik irtetea. Europa hark gure herrialdeari falta zitzaion guztia esan nahi zuen, askatasunak eta aurrerabidea. Hamarkada batzuk joan dira ordutik. Eta amesten genuen guzti hura lortzen joan gara. Aspaldi da Europa horren parte garela, garairik zailenetan erakutsi du zenbaterainoko gaitasuna duen eta zer eginkizun betetzen duen gure bizitzetan”, esan du.
Hauteskunde orokorretako emaitzak gogoratu ditu Anduezak, eta Europakoetan erronka Feijoori eta Abascali berriro irabaztea izango dela. “Iragan uztailaren 23an, espainiar gizarteak, Euskadi buruan zela, aurre egin zien eta argi eta garbi esan zieten aurrerabidearen herrialde bat dela hau, ez inboluzioarena. Ez duela berriro garai ilunetara atzera egin nahi. Datorren ekainaren 9an beste erronka bat dugu: berriz ere ezetz esatea. Esatea Europa proiektu komun bat dela, etorkizunduna, eta ez dugula berriro 60etako eta 70etako zulo hartara itzuli nahi. Europa indartsu bat behar dugu, balioen Europa bat. Europa ausarta, solidarioa, eskuzabala, abegitsua. Europa sozialdemokrata bat”, esan du, botoa Alderdi Sozialistaren inguruan kontzentratzera dei eginez ondoren.
Gabriel Arruek esan du gazteek eginkizun oso garrantzitsua betetzera deituta daudela eskuinari eta Europaren etorkizuna mehatxatzen duen olatu erreakzionarioari galga jartzeko. “Gure erronka ezkerreko gazteak mobilizatzea da, baita hori izan gabe europeismo demokratikoarekin identifikatzen direnak ere”, adierazi du. Eta esan du elkartasunaren, berdintasunaren, ekologismoaren eta Europa Sozialaren ardatzek mugiarazten dituztela gazte sozialistak.