partekatu
Kalitate demokratikoa eta erakundeekiko konfiantza indartzeko aukera emango duen Gardentasunaren Legearen tramitazioa aurrera doa Eusko Legebiltzarrean
PSE-EEk “giltzarri” den arau baten desblokeoa eta Legea izapidetzean elkarrizketarako azaldu den gaitasuna azpimarratu ditu talde guztien zuzenketak jasoko dituen behin betiko testua txostenean jaso ondoren
Eusko Legebiltzarrak beste urrats bat eman du etorkizuneko Gardentasunaren Legearen tramitazioan testua txostenean jasotzea onartu eta gero. Era horretan, urrats sendoak emanez doa kalitate demokratikoa eta herritarrek erakundeekiko duten konfiantza indartzeko “estrategikotzat” jotzen den araua. Testua batzordean onartuko da datorren apirilaren 22an, eta egungo saioen aldia amaitu baino lehen osoko bilkurara aurkezteko asmoa dute.
EAJ-PNV eta PSE-EE legebiltzar taldeek mugarri horrek duen garrantzia azpimarratu dute, “aspalditik espero” den lege bat dela azpimarratuz. Beraz, horren desblokeoa mugarri bat izan da. Talde jeltzalearen aldetik, Xabier Barandiaran parlamentariak Legea txosten gisara izapidetzerakoan akordiorako erakutsi izan den gaitasuna” azpimarratu du. Izan ere, behin betiko testuak legebiltzar talde guztien zuzenketak jasoko ditu, eta, EAJ-PNV alderdiaren iritziz, “indartu egiten du legearen legitimitatea eta erakusten du posible dela akordiotik politika baliagarria egitea”. Hogeita hamar zuzenketa inguru onartu izan dira txostenean.
Pau Blasi parlamentari sozialistak “Administrazio irekiago, adimentsuago eta gardenago baterantz, bere kudeaketaz kontuak emango dituen baterantz” abiatzeko aukera emango duen araua goratu du, eta, bereziki, “herritarrak inplikatzeko bide berri batzuk –herritarren ahalduntzea dei dezakeguna– zabaltzeko herritarren parte-hartzearen alde egindako apustua bereziki azpimarratu du.
Ildo horretan, EAJ-PNVk eta PSE-EEk bereziki nabarmendu dute SUMAR alderdiarekin lortutako akordioa Gardenaren presidentetza Eusko Legebiltzarraren eskuetan egon dadin, horrela indartu egiten direlarik kontrol demokratikorako mekanismoak.
Gardentasunaren Legea “jauzi kualitatibo” bat izango da gardentasunaren, informaziorako sarbidearen eta gobernu onaren alorrean. Indartu egingo dira kontrolerako mekanismoak, kontuak ematea hobetu egingo da eta herritarrei tresnak eskainiko zaizkie Administrazio ireki eta arduratsuago bat eska dezaten. Era berean, gobernantza kolaboratibo eta deliberatiborako prozesuak sustatuko dira politika publikoen legitimitatea, eraginkortasuna eta gardentasuna indartzeko. Prozesu horiek printzipio hauetan oinarrituko dira: parte-hartze inklusiboa, gardentasuna, elkarrizketa irekia, erantzunkidetasuna, elkarrekiko konfiantza, kontu-emate partekatua, emaitza kolektiboetarako joera, malgutasuna eta moldagarritasuna.