partekatu
Etxebizitza eskuratzeko aukerak eta mugikortasun jasangarriaren eta auzo kalteberen berroneratzearen bidezko Euskadiko kohesio sozialak 966,4 milioi euroko aurrekontua izango dute 2024an
Garraio arloak aurrera egingo da trenbide-azpiegitura zabaltzeko eta hobetzeko zein garraio publiko jasangarriaren erabilera bultzatzeko bidean, eta 536,3 milioi euro bideratuko dira horretarako
Etxebizitza arloan, berriz, 487,5 milioi bideratuko dira herritarrek etxe duina eta egokia lortzeko bidean aurrera egiteko (alokairuaren aldeko apustua eginez) eta eraikitako parkearen birgaitzeak sustatzeko
Auzo kalteberen hiri-berroneratze integraleko 24 jarduketa egingo dira, eta Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzak 44,8 milioi euroko aurrekontua izango du horretarako
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 966,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2024. urtean, Iñaki Arriola sailburuak astearte honetan Legebiltzarrean aurkeztutako proiektuaren arabera. Kopuru hori joan den urtekoa baino %25,8 handiagoa da. Igoera hori gobernu zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bitartez bideratutako EBko Next Generation funtsei esker gertatu da hein handi batean. Proiektuaren bidez, Sailak egungo legegintzaldirako ezarri dituen eremu estrategikoetan aurrera egitea aurreikusten da: lurraldearen berrikuntza, berroneratzea eta egokitzapen jasangarria; etxebizitzaren beharra duten pertsonei erantzun integrala bermatzea; eta mugikortasun jasangarria, segurua eta herritar guztientzat irisgarria bultzatzea.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila da 2024. urteko aurrekontu-proiektuan proportzioan gehien hazi dena. Diru kopururik handiena izango duen arloa da. Garraio arloak pisu handiagoa izango du (536,3 milioi euro). Etxebizitzak, berriz, 487,5 milioi euro izango ditu, Alokabide eta Visesa sozietate publikoen zenbatekoak barne hartuta, eta Lurralde Plangintzaren arloak 44,8 milioi euro izango ditu.
Lurralde Plangintza
Lurralde Plangintzaren arloak 44,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta zenbateko horren zatirik handiena (40,3 milioi euro) Hiri Agenda-Bultzatu 2050 gauzatzera bideratuko da, zeinaren proiektu Nagusia, eta pertsonengan eraginik handiena izango duena, auzoen hiri-berroneratze integrala baita. 2024. urtea garrantzitsuenetako bat izango da proiektu horren barruko jarduketak gauzatzeari dagokionez. Lurralde Plangintzaren arloaren zuzkidura ardatz hauetan egituratzen da:
- Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu 2050 izenekoak Bultzatu 2050 Foroak lehentasunezkotzat hartutako proiektuen ebaluazioan lan egiten jarraituko du.
- Sailburuordetzaren hamar eurotik zortzihiri-berroneratze integralera bideratuko dira, eta guztira 37,8 milioi euro izango dira (7 milioi euro Next Generation funtsetatik iritsiko dira). Legegintzaldi honetan, 21 udalerritan egingo dira esku-hartzeak (aurrekoan 5etan egin ziren), eta 24 jarduketa izango dira guztira.
- Lurralde Plangintzak Lurralde Plan Partzialak eta Lurralde Plan Sektorialak berrikusteko prozesuarekin jarraituko du, 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetara (LAG) egokitzeko. 2024. urtean Itsasertzeko LPSa eta Araba Erdialdeko LPPa behin-behinean onartzea aurreikusi da. 2023. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera hasitako Debagoieneko eta Debabarreneko LPPen kasuan, berriz, lanekin jarraituko da. Halaber, aurrera egingo da Guardia-Arabako Errioxako LPPan (Arabako Foru Aldundiarekin batera) eta Turismoko LPSan (esparru hori zuzentzen duen Sailarekin batera).
Era berean, hirigintza-estandarrei buruzko dekretua onartzea aurreikusten da.
Etxebizitza
- urtean, Etxebizitzaren arloko kontuak 277,9 milioi eurokoak izango dira, 487,5 milioi euroko aurrekontu bateratuarekin (Visesa eta Alokabide sozietate publikoen aurrekontuak barne direla). Funtsezko urtea izango da eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikoko ezohiko programak gauzatzeko. Programa horietara 100 milioi euro bideratuko dira guztira datorren urtean. Zehazki, gastuaren %46 birgaitzea bultzatzera bideratuko da. Gainerako %54a, berriz, alokairu-politiketara bideratuko da.
Etxebizitza duin eta egokia eskuratzeko aukera bultzatzen duen bigarren esparru horretan, hurrengo ekitaldian etapa berri bat irekiko da prestazioen kudeaketan. Izan ere, Etxebizitza Prestazio Osagarria (Lanbidek kudeatua) jasotzen duten pertsonak pixkanaka Etxebizitza Prestazio Ekonomikora (EPE) eramango dira. Prestazio hori Sail honek kudeatzen du, eta, beraz, Sailak etxebizitza bat eskuratzeko laguntza espezifiko guztiak kontrolatuko ditu.
Etxebizitza arloak ardatz estrategiko hauek izango ditu:
- Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa (EES) bermatzeko tresnak sendotzea. 2023an eskubide horri buruzko dekretua onartu ondoren, 2024an Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa EAEko 10.000 familiari aitortuko zaiela kalkulatu da. Eskubide hori gauzatzeko, alokairuko etxebizitza publiko bat esleituko da (parke publikoa 29.300ekoa izango da) edo prestazio ekonomiko bat ordainduko da (26.700 familiak jasotzen dute Etxebizitza Prestazio Osagarria edo Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa gaur egun). Ildo horretan, Etxebizitza Prestazio Ekonomikora 5,3 milioi euro bideratuko dira, eta zenbateko hori handiagoa izan daiteke, premien arabera. Guztira, Euskadin alokairuan bizi diren familia guztien erdiek esku-hartze publikoren bat izan dute (laguntzak edo etxebizitza-esleipenak).
Gazteen kolektiboa berriz ere lehentasunezkoa izango da etxebizitza-politikan. Ildo horretan, gazteek %40ko kupoa izango dute alokairuko etxebizitzen esleipenetan, eta laguntzen Gaztelagun programa jauzi kualitatiboa egiten ari da indarrean dagoen araudi berriarekin. Kalkulatutakoaren arabera, 7.500 laguntza emango dira, eta aurrekontua 17,6 milioi eurokoa izango da.
- Alokairu eskuragarriko etxebizitzen kopurua handitzea. Sailak aurreikusitakoaren arabera, 1.200 babes publikoko etxebizitza eta alokairuko zuzkidura-bizitoki hasiko dira egiten Euskadin, eta, haietatik, 750 Sailaren beraren edo Visesa sozietate publikoaren ardura izango dira. Horretarako, 81 milioi euro bideratuko dira. Gainera, 31 milioi euro udal-ekimeneko eta ekimen pribatu/sozialeko etxebizitzak sustatzeko diru-laguntzetara bideratuko dira (aurreikusitakoaren arabera, 100 eta 350 etxebizitza hasiko dira hurrengo ekitaldian, hurrenez hurren). Halaber, kalkulatutakoaren arabera, ekimen pribatuak beste 1.200 etxebizitza gehiago hasiko ditu (salmentarako BOEak).
Alokairu-parkea handitzeko, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatuko dira, Bizigune programaren —guztira 8.000 etxebizitza eta 35,6 milioi euroko aurrekontua (Alokabideren bidez) aurreikusi dira— edo ASAP programaren bidez.
Aldi berean, etxebizitzak erosiko dira (2 milioi euro ordainketa- eta konpromiso-kredituetan), baita lurzoru berriak ere, etorkizunean alokairuko 1.125 etxebizitza publiko eraikitzeko (horretarako, 27,9 milioi euro erabiliko dira ordainketa- eta konpromiso-kredituetan).
Sailak erakunde publikoekin eta hirugarren sektorearekin lankidetzan jarraituko du, gizarteratze-sare baten bidez. Sare horri 225 etxebizitza lagako zaizkio, eta haiei beste 25 etxebizitza gehituko zaizkie etxegabetasunaren aurka borrokatzeko, beste 60 utzarazpenei aurre egiteko, eta beste 60 genero-indarkeriaren kasuetarako.
- Klima-aldaketaren aurrean parke eraikiaren prestaketa hobetzea: urtean etxebizitzen %2,5 birgaituta egoteko eta 2030ean ratio hori %3ra igotzeko helburuarekin, Sailak bideratuko dituen baliabideak 2023an bideratu zirenak baino %24 gehiago izango dira, eta aurrekontu arrunteko 44,3 milioi euro izango dira guztira. Baliabide horien xedeak honako hauek izango dira, besteak beste: 4.500 eraikinetan —35.000 etxebizitzatan— birgaitzeak bultzatzea, 3.500 etxebizitzaren irisgarritasuna hobetzea (adibidez, 500 igogailu instalatuko dira) eta bizigarritasuna eta segurtasuna bultzatzea. Next funtsei dagozkien laguntzetarako, 80 milioi euro bideratuko dira (20 milioi euro Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari dagozkio, eta 60 milioi euro Eusko Jaurlaritzari berari).
Garraioak
Garraio arloak 536,3 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Euskadiko pertsona guztientzako garraio publiko jasangarria, kalitatekoa, eskuragarria eta irisgarria bultzatzera bideratuko da.
Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak 119 milioi euro izango ditu, eta, haietatik, 104,3 milioi euro Euskotrenera bideratuko dira. Tren- eta tranbia-garraioko operadore horrek 35,7 milioi euro inbertituko ditu Donostialdeko metrorako eta Bizkaiko metroaren etorkizuneko L5 linearako unitate berriak erosteko, ERTMS seinaleztapen-sistema ezartzeko eta Gasteizko eta Bilboko tranbietako makina baliogabetzaileak eta makina balioztatzaileak berritzeko.
Legegintza-egutegia bete ondoren, hots, Mugikortasun Jasangarriaren Legea aurki onartzen denean, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana idazten amaituko da 2024an, eta herritarrek parte hartzeko prozesua egingo da. Halaber, Autonomia Erkidegoko ordainketa-tituluen elkarreragingarritasuna bultzatzen jarraituko da, eta 3,1 milioi euro bideratuko dira horretarako. Garraioaren sektoreak milioi bat euro izango ditu hainbat laguntza-ildotarako, eta 1,5 milioi euro aireportu-eredurako eta plataforma logistikoetarako.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak 228,4 milioi euro izango ditu, eta zenbateko horri trenbide-sare berrirako eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako kudeaketa-gomendioei dagokien 188,7 milioi euroko zenbatekoa gehitu behar zaio.
Zuzendaritza horrek, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, honako hauek izango ditu ardatz:
- Trenbide-azpiegituraren hobekuntza (184 milioi euro). Jarduketarik aipagarrienak honako hauek izango dira: Donostiako Topoaren Lurpeko Pasagunea (57,9 milioi euro), Altza-Galtzaraborda tartea (26,2 milioi euro), Bizkaiko metroaren 5. lineako lehenengo hiru tarteetako obrak eta laugarren tartearen (Galdakaoko Ospitalea-Euskotrenen egungo linea) eraikuntza-proiektua idaztea (30,2 milioi euro). Halaber, Zarauzko geltoki berriak eta Euba, Bernabeitia eta Zaldibarko trenbide-pasaguneak amaituko dira (3,9 eta 4,4 milioi euro, hurrenez hurren), eta Altzolako saihesbideko obrekin eta Eibarko Geltoki nagusia-Azitain tartearen estaldurarekin jarraituko da (7,7 eta 6,3 milioi euro, hurrenez hurren). Anoetako, Usurbilgo eta Zumaiako geltokien birmoldaketek aurrera jarraituko dute (4,1, 5,3 eta 1,5 milioi euro, hurrenez hurren).
- Tranbia- eta tren-eskaintza handitzea. Tranbiaren arloan, aurrera egingo da Bilboko tranbiaren (Zorrozaurre eta kotxetegi berriak) eta Gasteizko tranbiaren (Zabalgana eta kotxetegi berriak) informazio-azterlanetan eta eraikuntza-proiektuetan. Halaber, 786.000 euro Donostian autobus elektriko adimenduna (AEA) ezartzera bideratuko dira.
Tren-arloan, berriz, Gipuzkoan lurraldearen mugikortasunerako garrantzitsuak diren beste hiru proiekturi ekingo zaie: Aginagan bidea bitan banatzea (1,25 milioi euro), Zumaiaren eta Donostiaren arteko maiztasunak 15 minutukoak izan daitezen; Loiolako Erriberetako alda-geltokia eraikitzeko proiektuaren lizitazioa eta Pasaiako porturako metro bateko zabalerako trenbide-sarbidea (2,8 milioi). Horren eta Altza-Galtzarabordako obraren bidez, Pasai Antxo banatzen duen trenbide-sarea desagerrarazi eta zubibidea eraitsi ahal izango da. Bizkaian, Metroaren 4. linearen eraikuntza-proiektua idazten jarraituko da.
Halaber, 1,18 milioi euro Irungo etorkizuneko hiri-pasabidera eta ADIFen geltoki berriko konexio intermodalera bideratuko dira, eta 365.000 euro, berriz, aldiriko trenen geltokia eta Astigarragako erdigunea lotuko dituen konexiora.
- Bilboko metroaren bidezko garraioaren mantentze-lanak, erakunde eskudunekin; aurrekontua 38 milioi eurokoa izango da.
- Euskal Trenbide Sare berrian urratsak ematea, 60,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Kapitulu honetan, honako hauek nabarmentzen dira: Hernani-Astigarraga tartearen amaiera, eta Atotxako geltokia (51,8 milioi euro). Gainera, 5,66 milioi euro amaitutako tarteen likidazioetara bideratuko dira, eta 3 milioi euro, berriz, Abandoko (Bilbo) geltokira sartzeko tunelen eraikuntza-proiektua idaztera, horretarako gomendio espezifikoa sinatu ondoren.