partekatu
• Aurrekontuak
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontua % 7,4 haziko da, eta 41,1 milioi euro izango ditu
Turismoan, “merkatu-adimena” arduratuko da turismo-sustapeneko politikak diseinatu eta produktuak ebaluatzeko datuak eta txostenak sortzeaz.
Lehendabiziko aldiz, EHUko Merkataritza Katedra sortu da.
Merkataritzako ekintza-ildo berriak Arloko Federazioei laguntzera eta euskal merkataritzaren udal heziketa-programak sustatzera bideratuko dira.
![1. argazkia](imagenes/noticias/2018_11_08_Aurrekontuak_Turismo_04_1.jpg)
Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen aurrera agertu da 2019ko aurrekontuko ildoen berri azaltzeko. Sailak 41,1 milioi euroko aurrekontua izango du; Turismo arloak 15,5 milioi eramango ditu; Merkataritzak, berriz, 16,6 milioiko aurrekontua, eta Kontsumoak, 6,7 milioikoa. Aurrekontua % 7,4 hazi da guztira.
Ardatz nagusiak ondorengoak dira:
1.Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzaren enplegu maila mantendu eta hazi.
2.Saltokien eta udalen lankidetza bilatu.
3.Saltoki txikien digitalizazioa eta Interneteko salmenta-plataformen bidezko sarbidea sustatu.
4.Turismo-produktu berriak martxan jarri, sustatu eta merkaturatu.
5.Lehiakortasuna hobetu eta turismo- zein merkataritza-enpresen ekintzailetza bultzatu.
6.Produktu anitzeko jomugak landu, industria-turismoaren inguruan sor daitezkeen produktu berriei tokia egiteko.
- Turismo-isuriak urtarokoak ez izateko eta deszentralizatzeko estrategia sendotu.
- Kontsumitzaileen heziketa sustatu.
- Erosteko ohitura berrien jarraipena egin.
- Kontsumo-arloko gatazka-konponketarako bitartekaritza sendotu.
Turismo Arloa
Turismo Arloak 15,5 milioiko zuzkidura jasoko du, % 1,5eko igoera 2018ren aldean. Hortik, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziara 7,8 milioiko transferentzia bideratuko da; agentzia horren helburua da turismoa sustatu eta merkaturatzea, kalitatezko programak garatzea, lehiakortasuna, iraunkortasuna eta merkatu-adimena.
Turismo Zuzendaritzak ondorengoen artean banatuko du aurrekontua: lurraldeko turismo-proiektuak; Itourbask, Turismo Bulegoen Euskal Sarea; ekintzailetza eta lehiakortasunaren zein merkaturatzearen hobekuntza; besteak beste.
Merkataritza Zuzendaritza
Bestetik, Merkataritza Zuzendaritzak 16,6 milioi euroko zuzkidura izango du. 2018ko aurrekontu-proiektuaren aldean, % 13,6 haziko da: ia 2 milioi euro gehiago. Ekintza-ildo berriak Arloko Federazioei laguntzera bideratuko dira, arloa artikulatzen duten rol garrantzitsuagatik; gainera, eskaera historiko bati erantzungo zaio, lehendabiziko aldiz haien egitura-gastuak finantzatzean. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko saltokien heziketarako udal programak sustatuko dituen ekimen bat jarriko da martxan; programa horiek bat datoz udalerri bakoitzeko askotariko gizarte- eta ekonomia-errealitateekin.
Gainera, Merkataritza Zuzendaritzaren kontu-sailetan sartzen dira merkataritza-saltokiak modernizatzeko programak (MEC), 2 milioi baino gehiagorekin; hiri-merkataritza dinamizatzeko programak (Hirigune), 3 milioi eurotik gora jaso dituztenak; merkataritzaren bulego teknikoak, kopuruz 34tik 47 izatera pasa direnak; ekintzailetzaren sustapenerako laguntzak, 2 milioiko zuzkiduraz; eta digitalizazioa eta e-commerce, 1 milioi eurorekin.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua
Kontsumoko Euskal Institutuak 6,7 milioi jasoko ditu eta, horietatik, 5,6 Sailak egindako transferentziatik datoz; gainerakoa, berriz, haren diru-sarrerak dira. Kontu-sailak honela banatzen dira: kontsumitzailearen informaziorako udal bulegoak; heziketa-programak; kontsumitzaileen elkarteak; sentsibilizazio-, komunikazio- eta azterketa-kanpainak; eta kontsumo-proiektuetarako lankidetza-hitzarmen bat EHUrekin.