partekatu
PSE-EEk uste du EH Bildu hauteskunde taktizismoak mugitzen duela Eudelen 2026rako Aurrekontuak blokeatu dituenean
Erakundeak aurrekontuak luzatu beharko ditu EH Bilduren ordezkariek emandako abstentzioagatik, nahiz eta ez den agertu kontuetan jasotzen den ezein aurrekontu-partidaren aurka
Euskal sozialistek deitoratu egin dute historiako 40 urtez mantendu izan den kontsentsu-tradizio bat modu ulertezinean hautsi izana
PSE-EEk uste du EH Bilduren ordezkariek gaur Eudelen 2026rako kontuen bozketan emandako abstentzioarekin eragin duen aurrekontu-blokeoa udalerrien elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoien argitan bakarrik uler daitekeen huts bat dela. Inkoherentziaz betetako hauteskunde-taktizismo batetik datoz, aurrekontuei eman beharreko botoa erakundearekin zerikusirik ez duten gauza batzuekin lotu duelako. Erabaki horrek hauteskunde aurreko konfrontazio-dinamika batean murgiltzen du erakundea, sortu zeneko helburuei batere mesederik egiten ez diona.
Eudelek aurrekontu-luzapenaren agertoki bati egin beharko dio aurre EH Bilduk hartutako erabaki alderdikoi baten ondorioz. Izan ere, ez du egin aurtengo ekitaldirako kontuetan jasotako ezein partidaren aurka.
PSE-EEk deitoratu egiten du egoera horrek elkartearen irudiarentzako dakarren kaltea, era ulertezinean hausten baitu zegoen kontsentsu-tradizio bat, bai ordezkatzen dituen udalekiko, bai beste Administrazio batzuekin lankidetza-proiektu berrietarako gastu-konpromisoak bere gain hartzeko duen gaitasunari buruz, zatituta denaren irudi bat helarazten delako.
Haren berrogei urteko historian lehenbiziko aldiz, Eudelek aurreko urterako onartutako partidekin egin beharko du lan hasieran, ondorio larriak dakartzalarik haren gastu-gaitasunean, barne partaidetzarako prozesuan (jada badago Batzorde Betearazleak onartutako zirriborro bat), etxebizitza eta hirigintza arloan plantilla tekniko gehiagorekin hornitzeko asmoan edo hitzarmen kolektiboan jasotako eskubide batzuk aurrekontuetan jasotzerakoan.
Kaltetuak izango dira, era berean, etxebizitza kontuarekin lotutako beste proiektu batzuk, hala nola jardunbide egokien gida, etorkizuneko Lurzoruaren Legeari buruzko diagnostikoa edo turismo erabilerarako etxebizitza eta gelen hirigintza-antolamenduaren azterketa. Antzeko egoera gertatuko da gizarte-kohesioaren arloko egitasmoetan ere (zainketen sistemaren eraldaketak aurreikusten duena barne, EH Bilduk hain zuzen proposatutakoa dena) edo Tokiko Demokraziaren Defentsarako Europako Behatokian.