partekatu
• 2019ko aurrekontuak
PSE-EEren aburuz, EH Bilduk aurrekontuei buruz eztabaidatzea erabaki izana positiboa da
PSE-EEren idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, bilera bat izan du EH Bilduren ordezkaritza batekin, beren aurrekontu-proposamena ezagutzeko
PSEren legebiltzarreko bozeramaileak, Jose Antonio Pastorek, esan du positiboa dela EH Bilduk emandako lehen pausoa, Alderdi Sozialistarekin aurrekontuen negoziazioari ekiteko, baina argitu du ez dutela baztertzen Legebiltzarreko talde batek ere ez, PP ere ez, laguntzea aurrekontuak onartzeko.
«Euskal Sozialisten jarrera da Legebiltzarreko talde guztiekin akordioak egitearen aldekoa, aurrekontuak onartzeko. Bilduk eman du lehenengo pausoa, baina PPk eta Elkarrekin Podemos oposizioa egiten ari dira oraindik», esan du.
Alfonso Alonso euskal Popularren presidenteak esandako hitzen –Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzea ezinezkotzat jo du– ostean ea negoziazioa amaitutzat jo duen galdetu zaionean, Pastorek erantzun du: «PSEk eta Gobernuak ez diote atea itxi PPri». Horrez gain, gogorarazi du Alonsok lehendakariarekin biltzeko asmoa azaldu zuela, aurrekontuei buruz aritzeko.
«Ez dakit jadanik bildu diren, ez eta zer baldintzatan ere, baina guk ez diogu uko egiten edozein legebiltzar-taldek laguntzeari aurrekontuak onartzeko. Bakoitzak erantzun beharko du mahai gainean zer lehentasun jartzen dituen».
Ordezkaritza sozialista burutu dute PSE-EEren idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, aurrekontu-negoziazioko arduradunak, Susana Corcuera legebiltzarkideak, eta Politika ekonomikoko idazkariak, Sonia Pérezek. EH Bilduren ordezkaritza osatu dute: Maddalen Iriartek, Unai Urruzunok eta Nerea Kortajarenak.