partekatu
Eneko Andueza: “ETA historia da, akabatuta dago, ondo akabatuta ere, Isaias Carrasco bezalako sozialistei esker, gaur hemen gaudenotako askori esker”
PSE-EEko idazkari nagusiak PPren eta Voxen jarrera kritikatu du talde terroristak duela 18 urte eraildako sozialistaren aldeko omenaldian, “ETAren aitzakia erabiltzeagatik beren miseriak ezkutatzeko”
Jesus Eguiguren: “Isaias, bizia kendu zizuten, zuk askatasunaren alde borrokatzen zenuen. Zure memoria bakean bidea egiten doa, gaur, gurekin”
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Isaias Carrasco bezalako hainbat sozialistek bakean eta askatasunean biziko den Euskadi bat lortzearren erakutsitako kemena eta erabakimena goratu ditu. “ETA historia da. Akabatuta dago, ondo akabatuta ere, Isaias Carrasco bezalako sozialistei esker, gaur hemen gaudenotako askori esker”, esan du.
Duela 18 urte ETAk Arrasateko gipuzkoar udalerrian erail zuen zinegotzi ohi sozialistaren omenaldian hitz egin du Anduezak PSE-EEko presidente ohi Jesus Eguigurenen atzetik, zeinak lehen aldiz hartu baitu hitza oroitzapen-ekitaldi horretan. Hona hemen buruzagi sozialistak esandakoak: “Sumindu egiten nau PPk eta Voxek ETAren aitzakia erabiltzea beren miseriak ezkutatzeko. ETA badela eta hariak mugitzen ari dela entzun beharra dugu. Horrek, demokraziaren garaipen handia ukatzeaz gain, biktimei min gehiago eragitea dakar”, deitoratu du.
“PPko buruzagiek eta Voxeko haren bazkideek badakite hamarkadetan egunero Euskadi eta Espainia terrorismotik libratzearren bizia arriskuan izan zuten milaka pertsona daudela”, esan du Anduezak. Eta hau erantsi du: “Sozialistek ez dugu utziko biktimen memoria zikin dezaten beren lotsak ezkutatzeko. Gutxiago oraindik merkantzia politiko gisara, jaurtigai gisara erabil ditzaten”.
Eta “inoiz indarkeria demokraziarekin bateragarria zen bide bat zela pentsatu zutenek” ibilbide etiko bat egiteko premia ere azpimarratu du, EH Bilduri erreferentzia eginez.
ETA historia da, akabatuta dago, ondo akabatuta ere #IsaiasCarrasco edo Jesus Eguiguren bezalako sozialistei esker, gaudenotako askori esker, gaur hemen, #Arrasate #Mondragon-en, orain dela 18 urte hil zuten gure adiskidea gogoratzen. Horregatik, ez dago eskubiderik Feijook, PPk eta… pic.twitter.com/g7rqqoFdOE
— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 7, 2026
Jesus Eguigurenek, bere aldetik, Isaias Carrasco bezalako pertsonek askatasuna, memoria eta bakea lortzearren egindako sakrifizioa nabarmendu du. “Aita, adiskide, senar eta lagunen lagun izateaz gain, ingurukoez kezkatzen zen sozialista eta sindikalista bat zen”, adierazi du. Eguigurenek poza adierazi du ETA desagertzearen geroztiko 15 urteko bakeagatik, baina gogoratu du terrorismoa egon zela “isildu eta bestaldera begiratu zuen jendea egon zelako”. Eta “beldurrik izan ez zuen, atzera egin ez zuen eta bere ideiak defendatzen jarraitu zuen” jende haren adorea goratu du. “Isaias horien artean zegoen. Eta jende horri zor diogu bakea”, izan dira haren hitzak.
“Isaias, bizia kendu zizuten, zuk askatasunaren alde borrokatzen zenuen. Zure memoria bakean bidea egiten doa, gaur, gurekin”, esan du.
Omenaldia Navas de Tolosa kalean egin da, Isaias Carrasco lanera zihoala tirokatu zuten tokian, hain zuzen, eta Marian Romero haren alargunaz gain, parte hartu dute Sandra eta Adei seme-alabek, Miguel Angel Morales PSE-EEko Antolaketa idazkariak, Gipuzkoako kargu organiko eta instituzionalek, lurralde horretako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensio buruan zela, Mikel Duran Antolaketako idazkariak, Susana Garcia Chueca eta Denis Itxaso sailburuak, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta sailburu ere denak, Azahara Dominguez foru diputatuak eta Arrasateko zinegotziak. Ekitaldian izan dira, halaber, Maider Morras Arrasateko EH Bilduko alkatea eta Maddalen Iriarte, koalizioaren Batzar Nagusietako bozeramaile dena.