partekatu
Eneko Andueza: “Jendeak badaki euskal sozialistek zer politika bultzatzen ditugun, horregatik erabaki dute indar gehiago izan behar dugula”
PSE-EEko idazkari nagusiak alderdiak etxebizitza publikoaren eraikuntzan, garraioaren deskontuetan edo azpiegiturei bultzada ematen egin duena aldarrikatu du Gaztela eta Leongo Gobernuaren IV. Eskolan
“Milaka gaztelar-mantxarrek, estremadurarrek, gaztelar-leondarrek, andaluziarrek edo galegoek” Euskadiren, Kataluniaren edo Madrilen garapenerako egindako ekarpena gogoratu du Salamancan
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, zerbitzu publikoak babesten dituzten eta etxebizitza, mugikortasun jasangarria edo enplegu duina bezalako beharrei erantzuten dieten politiketan sozialistek egin dutena aldarrikatu du Salamancan. Eta esan du hauteskundetan jasotako babes gero eta handiagoa herritarrek Alderdi Sozialista politika horien bermatzaile modura identifikatzen dutelako gertatu dela. Politika horiek eman zioten bide, hain zuzen, orain dela hamarkada batzuk osasun zerbitzu publikoari, euskal hezkuntzari edo babes sozialeko sistemari. Eta EAJri aurpegiratu izan dio Ibarretxe lehendakariak “tiraderan sartu” izana Abiadura Handiaren proiektua “ETA eta haren jarraitzaileak kontent izatearren”.
“Herritarrek oso ondo identifikatzen dituzte guk bultzatzen ditugun politikak. Jendeak badaki legegintzaldi honetan etxebizitza publikoaren parkea 7.000 etxebizitza gehiagorekin handituko bada hori Alderdi Sozialistarengatik izan dela. Jendeak badaki adingabeek garraio publikoa doan badute hori sozialistengatik izan dela, badaki euskal Y-a amaituko dela, eta Donostiako Metroa, eta Bilboko Metroaren 4. eta 5. linea edo Zabalganako tranbia, sozialistei esker. Badaki sozialistei esker direla posible Euskadiko milaka langile eta ikaslerentzat garraio publikoa erabiltzeagatiko deskontuak. Badaki Alderdi Sozialistari esker dagoela turismo jasangarria”, azaldu du.
Anduezak mahai-inguru batean hartu du parte gaur arratsaldean Salamancan, Gaztela eta Leongo PSOEko Gobernuaren IV. Eskolan. Emiliano Garcia Page Gaztela-Mantxako presidentearekin eta Carlos Martinez Gaztela eta Leongo PSOEko idazkari nagusi eta Juntarako hautagai denarekin partekatu du programa. Buruzagi sozialistak orain dela hamarkada batzuk Euskadira, Madrilera edo Kataluniara lan egiteko eta erkidego horien aurrerabidean laguntzeko lekualdatu ziren milaka gaztelar-mantxarrek, estremadurarrek, gaztelar-leondarrek, andaluziarrek edo galegoek egindako ekarpena gogoratu du.
Buruzagi sozialistak bere eskualdean aldaketa bultzatzera animatu du Carlos Martinez, erkidegorako kanpainan euskal sozialistak “gidoi aldaketa” bat eskatu zuten moduan, eta osasuneko 2.000 profesionalen kontratazioan edo hezkuntza-segregazioa bezalako arazoari heltzeko sozialistek duten eragina nabarmendu du.
“Ausar zaitez aldaketara Gaztela eta Leonen” izan da topaketa horren lema. Adrian Barbon Asturiasko presidentea ere espero zen topaketa horretan, baina Salamanca presaz uztera beharturik ikusi zen Cangas de Narcea asturiar herrira joateko meategiko azken istripuaren ondorioak bertatik bertara ikusteko. Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak bideo bat bidali dute bertaratuak agurtzeko eta Carlos Martinezi datozen hauteskundeetarako arrakasta opatzeko.