partekatu
Eneko Andueza: “Euskararen ofizialtasuna, Europako erakundeetan, aurrera aterako da Alderdi Sozialistaren eraginari eta konpromisoari esker”
PSE-EEko idazkari nagusia Javi Lopez Europar Parlamentuko presidenteorde kataluniarrarekin bildu da Bruselan, zeinak PPk “trabak jartzeko edozein aukeraz baliatzea” deitoratu baitu
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Bruselan esan duenez, euskarak, katalanak eta galegoak Europako erakundeetan ofizialtasuna lortzeko ekimenak aurrera aterako dira Alderdi Sozialistaren bultzadari esker. “Gure eraginagatik, gure lanagatik eta gure botoengatik izango da”, adierazi du Europako Parlamentuko presidenteorde den Javi Lopez kataluniarrarekin bildu ondoren, hori baita euskara lan-hizkuntza gisara aitortzeko urratsak emateko erkidegoko erakundeko elkarrizketetako buru.
Javi Lopezek, bere aldetik, azaldu du negoziazioak bi esparrutan ematen direla, Europako Kontseiluan –“Kanpo Arazoetako Ministerioa eta espainiar diplomazia osoa defendatzen ari diren eskaera bat dago”– eta Europako Parlamentuan –iragan legegintzalditik–.
“Uste dut garrantzitsua dela hori, Europako erakundeak hizkuntza horietako milioika hiztunengana hurbiltzen dituelako. Europako 20 milioi hiritarrentzat, koofizialak dituzte hiru hizkuntza horiek. Uste dugu gure herrialdearen aniztasun plurala hobeto jasotzen dela horrela Europan. Eta, hirugarrenik, Europa mailan inpaktua izango lukeelako 20 milioi hiritar horien hizkuntza eskubideen babesean”, azaldu du.
“Gogoz eta pasioz” negoziatzen ari diren ekimen horri ordezkari sozialista guztiek ematen dioten babesa ere azpimarratu du Europako Parlamentuko presidenteordeak. Aitzitik, PPren jarrera deitoratu du. “Zoritxarrez, ez dugu konplizitate eta ulermen hori aurkitzen Europako Alderdi Popularraren eta, bereziki, Espainiako Alderdi Popularraren aldetik. Edozein aukeraz baliatzen da trabak jartzeko”, adierazi du.
?? Euskararen ofizialtasuna, Europako erakundeetan, aurrera aterako da Alderdi Sozialistaren eraginari eta konpromisoari esker.
Horri buruz hitz egin dut @Europarl_ES, @javilopezEU presidenteordearekin, eta baita funtsezko beste gai batzuez ere... pic.twitter.com/FYCBSlN2bR
— Eneko Andueza (@enekoandueza) November 12, 2025
Andueza pozik azaldu da Idoia Mendia euskal europarlamentariak koordinatutako txanden barruan Europako Batzordearen eta Parlamentuaren beste arduradun batzuekin izandako kontaktuekin. “Euskadiren garapen eta modernizaziorako funtsezkoak diren gaiak aztertu ditugu, adibidez etxebizitza politikak edo Europako funtsen egitekoa, eta baita denbora asko eramango digun hirugarren kontu bat ere, sozialistak bereziki tematurik gaudena: Euskadi Europarekin abiadura handiko trenaren bidez lotzea”, azaldu du.
PSE-EEko idazkari nagusiak Bruselako bere agendarekin jarraituko du, eta Irene Tinagli Europar Parlamentuko Etxebizitza Batzordearen presidentearekin eta Laia Pinosekin bilduko da, Stephane Sejourne Europako Batzordearen Oparotasun eta Estrategia Industrialeko presidenteordearen kabineteko kide denarekin, alegia. Anduezak Teresa Ribera Europako Batzordeko Trantsizio Garbi eta Lehiakorrerako presidenteordearekin egingo duen bilerarekin emango dio amaiera Europako hiriburura egindako bisitari.