Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   Eibarko Elkarte Sozialistaren 125. urteurrena

Eneko Andueza: “Sozialistak gara beharrezko ezkerra, ezinbestekoak izango gara herri honen etorkizunean, areago oraindik maiatzaren 28aren ondoren”

1. argazkia
El Secretario General del PSE-EE, Eneko Andueza, interviniendo en el 125 aniversario de la Agrupación Socialista de Eibar | Foto: Socialistas Vascos

PSE-EEko idazkari nagusiak esan du sozialistek gobernuetan gauzatzen ari diren lanek balantza herritarrei benetan axola dieten kontuetara makurrarazten dutela, eta pentsioen balioaren handitzea, gutxieneko soldataren igoera, lan-erreforma edo europar funtsak bezalako gaiak aipatu ditu. Euskal politikaren erdigunean diren beste ekimen batzuk ere aipatu ditu Anduezak, Hezkuntza Legearen negoziazioa edo garraioko deskontuak, esaterako, eta adierazi du PSE-EE dela gobernatzen duen ezkerra baina, batez ere, beharrezko ezkerra dela. “Ezinbestekoak izango gara herrialdearen etorkizunean, areago oraindik maiatzaren 28aren ondoren”, adierazi du.

#M28-an, Euskal Sozialistek indar gehiago izango dugu eta herri hau eraikitzeko inoiz baino ezinbestekoagoak izango gara. #Eibar#DefiendeLoQuePiensas pic.twitter.com/4aXmBi49u2

— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 25, 2023

Sozialistek Eibarko Elkarte Sozialistaren 125. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldi politikoan hartu du parte buruzagi sozialistak Santos Cerdan PSOEko Antolaketa idazkariarekin batera. Eneko Andueza, eibartarra bera eta elkarte horretako militantea izaki, hiriko lehen zinegotzien oinordeko izateaz “harro” dagoela esan die bertaratutakoei, eta Toribio Echevarria bezalako intelektualak, Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta herria eraldatu duten alkateak izan ditu gogoan.

Eta militanteek klandestinitatean eta demokrazian egindako lana, lehen emakumezko zinegotziek izan zuten betekizuna eta fabriketako lanak erakarririk Eibarrera heldu ziren pertsona guztiak goretsi ditu, ondoan Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Ana Telleria Eibarko PSE-EEko idazkari nagusia zituela. “Hauxe da benetako egiten gaituen alderdiaren kultura”, esan du.

Udal eta foru hauteskundeei buruz, berriz, esan du ez dela izango “biren arteko kontua, zenbaitzuk nahi duten bezala”. Eta garaipen sozialistak iragarri ditu herri askotan, baita “ustekabe bat ere hiribururen batean”. Anduezaren esanetan, PSE-EEk ordezkatzen du “isiltzen ez den sozialismo hori, manipulatzen uzten ez dena, ahots propioa duelako; ezinbesteko ezkerra gara”. 

Sozialistak gara beharrezko ezkerra, ezinbestekoak izango gara herri honen etorkizunean, areago oraindik #M28-aren ondoren.

Eta, hemen, @IraolaJon bertako alkatearen eskutik, #Eibar-ko gobernuaren buruan izango gara... #DefiendeLoQuePiensas/❤️ pic.twitter.com/5M6zCCHUol

— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 25, 2023

Santos Cerdanek adierazi du Eibar “beti aurretik” joan izan dela, II. Errepublika aldarrikatu izan zenean bezala, eta aitortza egin dio Jon Iraola alkateak egindako lanari, eta eskuina zentzura mozio izan berrian egiten ari dena deitoratu du ondoren. “Bi gobernu-eredu ikusi izan ditugu, bat progresista, eskubideetan urratsak ematen dituena, eta bestea eskubide sozialak murriztuz atzeraka doana. Horri egin behar diogu aurre maiatzaren 28 honetan eta, gero, baita hauteskunde orokorretan ere”, esan du.

“Feijook Voxekin lotu du bere etorkizuna aste honetan, eta antipolitika ordezkatzen dute biek ala biek, ezegonkortasuna, guk jendea aurretik jartzen dugun bitartean. Sumindura sortzeari eta gorrotoa zabaltzeari emanik daude, hiritarrak elkarren artean aurka jartzera, eta irainez baliatzen dira, Pedro Sanchez gure presidentearekin egiten duten bezala”, adierazi du.

Eskuarteko hainbat lorpen ekarri ditu akordura Cerdanek, adibidez, pentsioen igoera, beken paketea edo gutxieneko soldataren igoera, eta PPri leporatu dio guztiari ezetza eman izana, EAJk eta Bilduk lan-erreformarekin egin zuten bezala. Eta Europara “Espainiaz gaizki hitz egitera” joatea eta pentsioen erreforma kritikatzea aurpegiratu dio PPko presidenteari, pentsio-plan pribatuen aldekoa delako, hain zuzen. “PP beti negozioari emanik dago”, adierazi du.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak hitza hartu duenean, berriz, esan du gipuzkoar sozialismoa ez litzatekeela orain dena izango eibartar lidergorik gabe, eta Eibar ez litzatekeela orain dena izango sozialismorik gabe. “Gipuzkoako sozialistentzat, Eibar da sozialisten ispilua. Gipuzkoako lehen elkarteetakoa da eta, nola ez, bere udalerrian errotze, sendotze eta identifikazio maila handia lortu duena”, esan du, eta gaineratu du Eibarko sozialismoak “argitasunez eta jatortasunez” defendatu izan dituela beti “justizia soziala, askatasuna, langileen defentsa, politika aurrerakoiak, berdintasuna eta kalteberenak babestea bezalako balio sozialistak”.

Jon Iraolak, Eibarko egungo alkate eta maiatzaren 28rako hautagai sozialista denak, eskerrak eman dizkio Elkarteari Udalaren buruan igaro duen etapan jaso duen babesagatik, eta egungo gobernu-taldearen kudeaketa defendatu du. “Gobernatzen dutenean anabasa besterik ez den beste batzuen aldean, guk badakigu kudeatzen. Eibar hobetu egiten da gurekin, Eibarrek aurrera egiten du gurekin. Nik egia esaten dizuet. Ezin ninteke harroago egon gure hiriaz, ikusita noraino eraman izan dugun, zenbateraino aurreratu eta hobetu den udal-gobernu sozialista batekin”, adierazi du.

Eta oposizioa eta EAJk kritikatu ditu: “Gutxiengoan gobernatu izan dugu, horrek dakarren guztiarekin, eta, hala ere, aurrera atera ditugu proiektu guztiak. Eta, gainera, lehentasunezko ‘bazkide’ batekin, kakotx artean diot bazkidearena, badakizue zeinetaz ari naizen; gobernu-taldea hankaz gora jartzea izan da eta jarraitzen du izaten haren helburua, proiektuak atzeratzea, horiek ez gauzatzea, ahal dena egin dute atzeratzen, denak balio die. Oposizio suntsitzailea, zeharo. Eta, okerrago oraindik; hiriaren interesak kontuan hartzen ez dituen oposizioa da, alegia. Bere alderdiaren interesei bakarrik begiratzen dion oposizioa”, gaineratu du. Horren beste aldean, Eusko Jaurlaritzan sozialistek egindako kudeaketari esker hiri-berroneratze eta etxebizitza proiektuei heldu ahal izan zaiela azpimarratu du.

Ana Telleria Eibarko Elkartearen idazkari nagusiak, bere aldetik, esan du “harro aldarrikatu” behar dela “125 urtez Alderdi Sozialistari geure onena eman izan diogun baina, batik bat, Eibarren interesak inork baino gehiago eta hobeto defendatu izan dugun sozialista guztion lana”. “Jende ondradua, umila, langilea, solidarioa, ausarta eta borrokalaria gara, inor atzean gera ez dadin beti laguntza emateko prest dena”, esan du, eta Eibarko PSE-EEk sustatu izan dituen edo parte hartu izan duen jarduera solidarioak edo ospitalea eraikitzeko berrabiarazten garatutako aldarrikapen-kanpainak azpimarratu ditu gero.