partekatu
Eneko Andueza. “Memoria funtsezko tresna izatea nahi dugu gizarte bidezko, bakezale eta aske baterako eta bizikidetza demokratikorako”
• PSE-EEko idazkari nagusiak Memoria Historikoaren Legeak duen garrantzia azpimarratu du “iragan traumatiko bateko egiarako eta frankismoaren biktimen justizia eta erreparaziorako eskubidea aitortzeko”
Eusko Legebiltzarrak onartu duen Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legeak duen garrantzia nabarmendu du Eneko Anduezak, PSE-EEko idazkari nagusiak, “memoria izan dadin gizarte bidezko, bakezale eta askerako eta elkarbizitza demokratikorako funtsezko tresna”, eta baita “inposatutako indarkeria kriminal batek markatutako iragan traumatiko bateko egiaren, frankismoaren biktimen justiziarako eskubidearen eta aitortza eta erreparazioa jasotzeko eskubidea indartzeko ere.
Euskal Ganberan izan den eztabaidan hartu du parte buruzagi sozialistak eta pozik azaldu da onartu den legearengatik. Anduezaren iritziz, lege horrekin “gure iraganari buruzko kontzientzia kritiko bat sortzen lagundu nahi dugu, baita errealitatearekin inolako zerikusirik ez duten mitoak desegiteko orduan nolabaiteko utzikeriaren ondorioz euskal gizartean ezar daitekeen edozein usteoker edo manipulazio saihesten ere”. Lege horrek, Kongresuan joan den uztailean onartutakoarekin batera, “frankismoaren biktimen senideen bidezko eskariei erantzuten dio”, Anduezaren iritziz, “gure historiako aldi lazgarri bat ezkutatzen zuen isiltasuna deseginez, bizi dugun demokrazia oso batean izateko arrazoirik ez zuen isiltasun bat, alegia”.
Eneko Anduezak memoriaren aldeko elkarteek egin izan duten lana ekarri du gogora eta eskerrak eman dizkie horregatik. “Lan aitzindari bat, aurrerapen garrantzitsuak sustatu zituzten 2002. urtetik, frankismoaren indarkeria totalitarioaren biktimetako askoren gorpuzkiak aurkitzen, hilobitik ateratzen, identifikatzen eta duintzen”, adierazi du. Lan “tinko eta ereduzko” hori osoko bilkuran onartutako Legeak “babesten eta indartzen” du orain, Anduezaren esanetan. “Biktimak erdigunean jartzen dituen legea da, joan den urtean Diputatuen Kongresuan onartutako Memoria Demokratikoaren Legearen ildotik”, esan du Anduezak.
Legearen testuak “trantsizioaren izpirituari traizio egiten dionik” ukatu ondoren, eskuin zaharkituenak dioen bezala, ukatu egin du, halaber, lege horrek terrorismoaren biktimak ahanzten dituenik, “aitortza jasotzen aurrenekoak izan zirelako 2008an onartu genuen legearekin”. “Ez gara horiez ahazten, ezin ditugu ahaztu biktimak oraintsuenak ere, ETAren krimen totalitarioenak, ezta ere iragan urrunekoak. Batzuk zein besteak, demokrazia armak eskuan hankaz gora jartzen saiatu zirenen biktimak izan ziren”, esan du.
Horregatik, jarraitu du Anduezak, bai Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea zein Memoria Historikoarena, “Euskadiren memoria demokratikoaren oinarrizko zutabe izango dira, jite ezberdineko askatasun-hiltzaileengandik jasandako indarkerien biktimak umiliatzea eragotziko dute batak zein besteak”. “Ezinezkoa delako frankismoaren biktimei ohore egin eta terrorismoaren biktimak umiliatzea, preso politikoak direla esanda biktimarioak umiliatuz. Demokraziaren kontra jo eta su aritu zirenen biktima guztiak ez dira alde batekoak ala bestekoak. Gu guztionak dira, euskal gizarte osoarenak. Gutakoak dira”, erantsi du.
Horren haritik, Euskal Sozialistek askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa azpimarratu du Anduezak. “Euskal Sozialismoaren historiak ibilbide orbaingabe bat azaltzen du askatasunen aldeko borrokaren konpromisoan. Bereziki Euskadin, frankismoaren jazarpenetik ETAren jazarpenera igaro baikinen sozialistak. Komisaria frankistetatik eskolta eramatera ETAren terrorismoari aurre egiteagatik. Berrogei urteko diktadura, eta beste berrogei terrorismoarena. Askok pentsatu genuen ez ginela biziko ETAren amaiera ikusteko, baina haren porrotaren lekuko izan gara, zorionez. Nahiz eta egon interes politikoak lortzearren hori sarritan lurpetik ateratzen saiatzen denik”, esan du amaitzeko.