partekatu
Eneko Andueza: “Arduragabekeria larria litzateke bihar ez biltzea Transferentzien Batzorde Mistoa”
PSE-EEko idazkari nagusiak gogoratu du eskumenei buruzko “akordioaren %99,9 lotuta” dagoela dagoeneko, azken asteotan egindako ahaleginari esker
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, esan du ez dagoela arrazoirik biharko aurreikusita dagoen Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera ez egiteko. Adostasun-indize altua dagoela gogoratu du Anduezak, bi gobernuen aldetiko jarrera onari esker. “Arduragabekeria larria litzateke bihar ez biltzea Transferentzien Batzorde Mistoa”, esan du.
Buruzagi sozialistak adierazi du negoziazioan lan asko egin izan dela “onestasunetik, zintzotasunetik eta konpromisotik”, akordio “betea” ahalbidetzeko helburuarekin. Eta gaur Arcadi España Lurralde Politikako Estatuko idazkariak eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza sailburuak telefono bidez izan duten elkarrizketa jarri du gobernuen arteko lankidetzaren eta gobernantza partekatuaren adibide modura.
Dena dela, Anduezak ohartarazi du ezen, ez bada itun bat lortzen bost gaietakoren batean, haztatu beharra dagoela “akordio bat lortu izana gairik garrantzitsuenean, hots, langabeziagatiko subsidioen eta prestazioen transferentzian”. “Euskadira 400 funtzionario eta urtean 800 milioi euro baino gehiago, Espainiako Gobernuak dagoeneko onartuak dituenak, eskualdatzen diren akordio batera heldu izan da”, erantsi du.
Arduragabekeria larria litzateke bihar ez biltzea Transferentzien Batzorde Mistoa.
Onestasunetik eta konpromisotik ari gara lanean, ahal den guztia jarriz akordioa aurrera atera dadin.
Ohiko eszenaratze bat ari gara ikusten... pic.twitter.com/UzWJNPUfi1
— Eneko Andueza (@enekoandueza) January 15, 2026
“Jauzi kualitatibo oso garrantzitsua da Espainiaren eta Euskadiren historian. Eman diezaiogun balioa ona den guztiari, jauzi handi horiei, autogobernuaren alorrean lortzen ari garen aurrerapen handi horiei. Ez dezagun bota popatik, bestela, ematen du ez garela ari ezer lortzen, eta zeharo bestela da. Izugarri ari gara aurreratzen”, ziurtatu du.
Eneko Anduezak, bestetik, esan du “akordioaren %99,9 lotuta” dagoela dagoeneko, azken asteotan egindako ahaleginari esker. Anduezaren iritziz, EAJk alor horretan izan duen jarrera “ohiko eszenaratzeetako bat da egoera tenkatu eta kontu horretatik etekin bat atera nahian”. “Ezin gara erori arduragabekerian, ezin dugu eskaini irudi distortsionatu bat gauzak une honetan direnari buruz. Herritarrei argi eta garbi azaldu behar diegu”, esan du.