partekatu
Eneko Andueza: “Mugikortasun iraunkorrak funtsezko betekizuna betetzen duen hazkunde-, gizarte- eta hiri-eredu batean ari gara lanean”
Maider Etxebarria: “Gure egitekoa giltzarri izan da Zabalganara tranbia iristea blindatzeko, trazatuarekin luzamendutan eta joan-etorrietan ibiltzeari utzi eta erabakiak hartu behar zirela esan genuelako”
Iñaki Arriola: “Zabalganarako tranbia errealitate bihurtzen hasi nahi dugu lehenbailehen, eta eraikitzeko proiektuaren idazketa martxoa amaitu baino lehen atera behar dugu horretarako lizitaziora
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Gasteizko Zabalgana auzoan egindako ekitaldi politiko batean, azaldu du mugikortasun iraunkorrak “funtsezko egitekoa” betetzen duen hazkunde-eredu, gizarte-eredu eta hiri-eredu batean ari direla lanean. Bisitan Maider Etxebarria Gasteizko alkateorde eta Alkatetzarako PSE-EEren hautagai denak lagundurik egon da. Maiderrek esan du sozialistak tranbiaren proiektuarekin inplikatu zirelako izango dela orain hori errealitate. Iñaki Arriola Garraio sailburuak, bere aldetik, proiektua eraikitzeko idazketaren lizitazioa martxoan egingo dela iragarri du.
“Politika eta inbertsio sorta zabala ari gara gauzatzen, garraioak gure bizitzetan duen garrantzia bakarrik ez, ikuspegi sozialista bat badela ere erakusten duena, badela begirada sozial bat geure etxetara, geure lanetara, aisialdiko geure tokietara joan-etorrian nola ibiliko garen, zer bitartekoz, zer bidetatik, nola eragingo dion horrek hiriari eta gainerako planetari galdetzen duena. Kudeatzeko beste modu bat eta nahi ditugun hiria eta herria pentsatzeko beste modu bat badela erakusten duten politikak, alegia. Garraio publikoaren alde apustu eginez, bai, hori gero eta toki gehiagotara iristearren, Zabalgana auzorako hau, kasu. Baina baita jende gehiagorengana ere. Hiritarrak euren auto pribatuetatik atera eta gure autobus eta tranbietan sartzea”, adierazi du.
Ekitaldi politikoan izan dira Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusia eta beste kargu organiko eta instituzional sozialista batzuk ere, eta Anduezak gogoratu du sozialistek bultzatutako neurriek, esaterako garraio publikorako abonuen murrizketak –PSE-EEren erantzukizunpean daude erakunde gehienetan–, garrantzitsuak direla euskal familien egoera ekonomikoa arintzeko, baina, horrez gain, etorkizuneko hiria kudeatzeko eta zehazteko beste modu baten aldeko apustua direla.
“Gure ekimen bakoitzean eta guztietan, gure ekintza publiko osoan iraunkortasunaren ikuspegia txertatzeak esan nahi du nola mugitzen garen aztertzea, baina baita non bizi garen, zer kaletatik ibiltzen garen, zer kontsumitzen dugun, non lan egiten dugun, zer energia erabiltzen dugun, gure hondakinak nola kudeatzen ditugun eta abar luze bat ere. Auzokideen arazorik berehalakoenei erantzunez hirian pentsatzea, Zabalganarako tranbiak egiten duen moduan, etorkizuneko ikuspegi argiarekin: ekonomia lehiakorrago bat lortu, bizitza-kalitate on bat, eta ingurumena babestu”, esan du.
🚊Gure ekintza publikoan iraunkortasunaren ikuspegia txertatzeak esan nahi du auzokideen arazorik berehalakoenei erantzunez pentsatzea hirian, @iarriolal sailburua eta @metxebarria_vg bezalako sozialistei esker #Zabalgana-ko tranbiak egiten duen bezala.. #vitoriagasteiz pic.twitter.com/DCnvbLnept
— Eneko Andueza (@enekoandueza) February 12, 2023
“Sozialistak duela urtetatik lantzen ari garen zerbait da. Sozialistak Eusko Jaurlaritzatik garatzen ari garen Hiri Agendan dago. Eta bat egiten du gero udaletatik eta aldundietatik garatzen ditugun etxebizitza, osasun, enplegu, mugikortasun eta abarren politikekin. Azken batean, hiri hobeago bat, Euskadi hobeago bat eraikitzeak esan nahi du hazkunde-eredu hobeago bat ezartzea, gure herri eta hiriak hobeto habitatzea eta elkar hobeto zaintzea”, azaldu du.
Maider Etxebarriak poza adierazi du Zabalganak bete dituen hemezortzi urteengatik, eta urte batzuetan bertako auzokide izan zela gogoratu du. EAJk tranbiari buruz erakutsitako erresistentzia eta zalantzak ere aipatu ditu; sozialistek konpondu zituzten horiek Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailetik. Maider Etxebarriaren esanetan, “erantzukizunez eta denbora errekorrean” jokatu du sailburu sozialistak, PSE-EErentzat garrantzitsuena baitzen tranbiaren etorrera, bitarteko “garbi, erabilerraz, eroso eta kapazitate handiko” hori, ez atzeratzea hiriko eremu horretara, 28.000 biztanle baititu dagoeneko.
#tranbia, bitarteko ‘garbi, erabilerraz, eroso eta kapazitate handiko” hori, #Zabalgana-ra iritsiko da azkenean.
Berri bikaina da #VitoriaGasteiz-ko auzorik populatuenarentzat.
#socialistas-ek proiektuarekin izan duten eginkizun eta inplikazioari esker da orain errealitatea. pic.twitter.com/6ci4Ff5lTh
— Maider Etxebarria (@metxebarria_vg) February 12, 2023
“Auzo honek bere lehen biztanleak hartu zituenetik hemezortzi urtera, esan dezakegu azkenean tranbiaren etorrera errealitatea izango dela. Eta sozialistek proiektuan izandako inplikazioari esker izango da, jakingo duzue-eta desadostasunez beteta egon dela azken hilabeteotan. Gure egitekoa giltzarri izan da Zabalganara tranbia iristea blindatzeko, trazatuarekin luzamendutan eta joan-etorrietan ibiltzeari utzi eta erabakiak hartu behar zirela esan genuelako”, adierazi du, eta tranbia auzotarren eskaera bat dela azpimarratu du.
Iñaki Arriola Garraio sailburuak, bere aldetik, Sailak dituen planik berehalakoenak zehaztu ditu, tartean martxoan egingo den eraikitze-proiektuaren idazketaren lizitazioa: “Zabalganarako tranbia lehenbailehen hasi nahi dugu errealitate bihurtzen. Badugu jada Udalaren behin betiko ibilbideari buruzko jakinarazpena, baita euren helegiteei gure sailak emandako erantzuna onartzen duenaren berrespena ere. Horrekin, hasi gaitezke informazio-azterlanaren aldaketa izapidetzen eta eraikitzeko proiektua aldi berean lizitatzen. Fronte batean baino gehiagotan jardungo dugu aldi berean. Faseak estaltzen joateko aukera emango digu horrek, proiektuak urratsak egiten segitzea ahalbidetuko du, ahalik kalte gutxiena eraginez epeei dagokionez. Eta, ildo horretan, iragarri nahi dizuet eraikitzeko proiektuaren idazketaren lizitazioa martxoa amaitu baino lehen egiteko asmo irmoa dugula”.
Arriolak “erabateko konpromisoa” adierazi die Zabalganako auzokideei, eta Gasteizko alkateak eta EAJk ibilbidea aukeratzean eta informazio-azterlana argitaratzean izan duten jarrera aipatu du: “Lan horrek, nire uste apalean, hondoko zarata justifikaziorik gabe eta artifiziala jasan izan du, bigarren maila batean utzi izan duena hiriarentzat garrantzi izugarria duen albiste bat: Gasteizko erdigunearen eta Zabalgana auzoaren artean tranbia bidez egingo den konexio iraunkorra, trenbidea lurperatzeko obrak egiteari itxaron beharrik gabe”.
Gasteizko tranbia gero eta jende gehiagorengana iristeko ari gara lanean.
Udaberrian Salburuarako tranbia jarriko dugu martxan, probetan dago dagoeneko, eta martxoan #Zabalgana-ra zabaltzeko proiektua lizitatuko dugu. #MovilidadSostenible #TransportePublico pic.twitter.com/ILS9znKVvH
— Iñaki Arriola (@iarriolal) February 12, 2023
“Abaguneaz baliatu nahi dut argitzeko Garraio Sailean, guzti-guztiok, leialtasunez eta gainerako administrazioekiko beharrezko begirunez egiten dugula lan. Eta adostasunetik egiten dugu, gainera, herritarrak eta euren behar eta eskubideak jarriz gure ekintza politikoaren erdigunean”, adierazi du gero.
Sailburu sozialistak gogoratu du tranbia Gasteizko azken hedagunearen beste auzoan, Salburuan, hasiko dela funtzionatzen udaberri honetan. “Tranbia da mugikortasun iraunkorrean funtsezko pieza izanez sendotzen joan izan den sistema horietako bat, batik bat Gasteizen. Eta integraziorako eta hiri-kohesiorako elementu batean ari da bihurtzen. Tranbia hiriko auzoen artean ari gara konektatzen, urrutien eta jende gehien bizi denetara eramanez, eta urtez urte ahalegin handia ari gara egiten hori lortzeko inbertsioan”, adierazi du.