partekatu
Eneko Andueza: “Unibertsitatean ezberdin pentsatzeko eskubidea defendatzeko borrokatuko dugu beti, erakundeetan, lanean zein hizkuntza esparruan”
PSE-EEko idazkari nagusiak bizikidetzaren eta ezberdina izateko eskubidearen oinarriak higatu nahi dituztenen mehatxuaren aurrean memoriak betetzen duen egitekoa azpimarratu du Oroimen Hegoak 2026 sariak ematean
Euskadiko Ezkerraren Gazteak (JSE-Egaz) La infiltrada filma, Valentin de Foronda Institutua eta ETAk mehatxatutako komunikabideetako profesionalak (Gorka Landaburu, Aurora Intxausti eta Alain Lopez de Lacalle) saritu dituzte
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, memoriak diktadura frankistaren edo ETAren terrorismoaren aurrean bete duen eginkizunaz ohartarazi du demokraziarako eta bizikidetzarako eskuin muturraren olatua ezarri nahian den proiektu totalitario eta baztertzaileek dakartzaten arriskuak borrokatzeko. “Memoria horrek berak diosku demokrazia guztiek dituzten arriskuak, ahulak baitira izatez. Bizikidetzaren, pluraltasunaren, ezberdina izateko eskubidearen zutabeak, oinarriak higatu nahi izan zituztenen eta higatzen ahalegintzen jarraitzen dutenez ari zaigu hori esaten. Beren proiektu totalitario, uniforme eta baztertzaileak inposatu nahi dizkigutenen mehatxuaz ari zaigu”, esan du.
Alderdi Sozialistak esparru guztietan pentsamendurako askatasunaren defentsarekin duen konpromisoa azpimarratu du Eneko Anduezak, eta azken asteotan uniformizazio eta inposizio saiakerak jasan izan dituztenak izan ditu gogoan, adibidez unibertsitate publikoan gertatutakoa, zenbait irakasleri mehatxuak eginez, edo hizkuntzaren kontua, Comisiones Obreras sindikatuari Korrikan parte hartzeko jarri dioten betoarekin. “Ezberdin pentsatzeko eskubidea babesteko eta hori beti Giza Eskubideak errespetatuz borrokatuko dugu sozialistok. Unibertsitatean egingo dugu, erakunde guztietan, lan munduan, hizkuntzaren esparruan, kalean...”, adierazi du Donostiako Miramar jauregian Oroimen Hegoak sariak emateko izan den ekitaldian.
Euskadiko Ezkerraren Gazteak (JSE-Egaz) La infiltrada filma (Arte eta Kultura Saria), Valentin de Foronda Institutua (Zabalkundearen Saria) eta ETAren jomuga izan ziren komunikabideetako profesionalak (Sari Berezia) saritu dituzte. Gorka Landaburu, Aurora Intxausti eta Alain Lopez de la Callek, hots, talde terroristak eraildako Jose Luis Lopez de Lacalleren semeak, jaso dute azken sari hori.
Maria Luisa Gutierrez filmaren produktore denak eta Jose Antonio Perez Institutuaren zuzendari denak jaso dituzte beste sariak. Bere hitzaldian, Anduezak esan du “indarkeria legitimatzea bilatzen duten diskurtsoak desmuntatzen lan egin” beharra dagoela, “dela iraganekoa, dela orain gertatzen dena”, eta esan du ez dagoela “ekidistantzientzat” tokirik “Mendebalde osoari erasotzen ari den olatu ultra” borrokatzeko orduan. Era berean, Euskadin zein Espainian “inguruabar jakin batzuetan berme demokratikoak etetea edo indarkeria adierazpen politiko gisara erabiltzea justifikatzen duen” jendea nola dagoen ohartarazi du.
Ezberdin pentsatzeko eskubidea babesteko eta hori beti Giza Eskubideak errespetatuz borrokatuko dugu sozialistok.
Nonahi egingo dugu: unibertsitatean, erakunde guztietan, lan-munduan, hizkuntzan eta kalean.#EuskadiAquiyAhora pic.twitter.com/sx4yquTc38
— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 28, 2026
Horren haritik, Maria Jesus San Jose sailburu sozialistak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideak Sailak “Giza Eskubideekiko begiramenean eta ezbairik gabeko defentsan” oinarritutako memoria bat eraikitzeko bultzatzen dituen politikak goratu ditu PSE-EEko idazkari nagusiak. Eta adibide modura jarri ditu ikasleek frankismoaren errepresioari edo ETAren terrorismoak sortu zuen sufrimenduari buruz jarduteko egin izan dituzten topaketak.
“Hori da memoria egitea, orainaldia ulertzeko iraganari begiratzea. Kontua ez da datuak metatzea edo iraganari nostalgiaz edo errebantxismoarekin begiratzea. Memoria da herritartasuna eraikitzeko funtsezko tresna. Orain dituen eskubideak izateko, gorrototik, indarkeriatik eta totalitarismotik urrundurik egongo den etorkizun bat eraikitzeko euren onena eman zuten milaka pertsonen konpromisoaren eta lana beharrezko izan zela ulertuko duen gizarte bat eraikitzeko.