Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   #10UrteETAgabe

Idoia Mendia: “Etor zedin borrokatu genuen, esan ziguten ez zela posible izango amore eman gabe eta ez genuen eman amore; orain, ahantzi dezagun tematzen dira, baina ez dugu ahaztuko"

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak protagonismoa terrorismoaren biktimei eskaintzea galdegin du ETAren amaieraren 10. urteurrenean: “Gure berariazko aitortza horrenbeste sufritu dutenen minari, eraildakoei eta euren senideei”

1. argazkia
Jose Luis Rodíguez Zapatero, Idoia Mendia y Patxi López | Foto: Socialistas Vascos

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak, Idoia Mendiak, ETAren amaieran sozialistek jokatutako rola eta duela 10 urte talde terrorista erabaki hori hartzera bultzatu zuten inguruabarrak azpimarratu ditu. Euskal Sozialisten buruzagiak krimen horien alferrikakotasuna nabarmendu du, PSE-EEk beste batzuekin batera autogobernuaren zimentarriak jartzen zituen bitartean.

“Bagenekien helduko zela, eta etor zedin borrokatuko genuen. Esan ziguten ez zela posible izango amore eman gabe, eta ez genuen eman amore. Eta tematu ziren, oraindik ere tematu egiten dira guk ahantzi dezagun, baina ez dugu ahazten. Urriaren 20ko egun horretatik jada libre ginen. ETAk hiltzeko erabakia hartu izan zuen, eta hiltzeari uztera beharturik ikusi zen. Haiei ez zien ezertarako balio izan hiltzeko erabakia, ezpada Euskadin min aztarna izugarri bat uzteko. Haren legatua hilerrietan dago, gurea da Osakidetza, Ertzaintza, euskal eskola publikoa, lortutako eskubideak, DSBE edo etxebizitzarako eskubidea, kasu”, adierazi du.

Idoia Mendiak José Luis Rodríguez Zapatero presidente ohiarekin eta Patxi López lehendakari ohiarekin batera hartu du parte PSE-EEk Gernikan antolatutako ekitaldian, euskal autogobernuaren ikur den tokian, duela hamarkada bat ETAk bere ekintza terroristei amaiera eman ziola eta Estatutua onartu izana gogorarazteko.

“Mende erdiko terroreak odol-lorratza eta oroitzapenak uzten ditu. Baina demokraziako eta ezberdinen arteko akordioen ondoriozko lau hamarkadek herritar guztientzako zerbitzu publikoak eta eskubide sozialak uzten ditu atzean. Horregatik, barru-barruko harrotasunez gogoratzen dugu euskaldunek Estatutua lehen aldiz bozkatu izan zuten unea. Eta gogoratzen dugu, halaber, euskaldunak bere lastarik handienetik libratu ziren unea”, esan du.

Euskal sozialismoarentzat bereziki garrantzitsua da #Zapatero presidentea.

Gaur harekin partekatzen dugu guretzat konkistarik handiena izan den oroitzapen hunkigarri eta instituzional sentitua: askatasuna.#10AñosSinETA pic.twitter.com/ucVZVbL6Zt

— Idoia Mendia (@IdoiaMendia) October 19, 2021

PSOEren Azterlan eta Programen idazkari ere denak adierazi du biktimei dagokiela protagonismoa terrorismoaren amaiera ospatzeko egunean. “Nik ez dut desbideratuko fokua egun honetan protagonismoa izan behar dutenengandik: Biktimak. Gure berariazko aitortza horrenbeste sufritu izan dutenen minari, eraildakoei eta euren senideei. Erbesteratu izan zirenei. Erresistentzia itzela erakutsi zutenei, lepoa jokatu izan zutelako guztiontzako askatasuna irabaztearren. Sozialista kargudunei, beste alderdietako kideei, Estatuko segurtasun indar eta gorputzei, epaileei, kartzeletako funtzionarioei, kazetari eta enpresaburuei”, oroitarazi du.

Idoia Mendiak ETAren terrorismoaren memoria eta egia ere aipatu ditu. Eta adierazi du sozialistek ez diotela uko egingo politika egiteari. “Politika guztiak negoziatu ditzakegu, hori egin behar dugu eta horrela egiten jarraituko dugu, iraganean bezala, alderdi guztiek egin izan duten bezala. Ahal dugu egin, eta behar dugu egin, gizarteak aurrerantz egin dezan. Baina egia ez dugu negoziatuko. Hemen hil egin zen ezberdina zena. Hemen pluraltasuna akabatu nahi izan da. Bidegabea izan zen, eta itxi egin izan dugu ate hori, ez genuela lortuko esan baziguten ere. ETArekin akabatu genuen. ETAk ezin izan zuen akabatu Estatutuarekin, ezta ere sozialistekin. Horregatik, lortu izan badugu demokraziak inposizioari irabaztea eta duintasunak erailketari irabaztea, egiak ahanzturari irabaztea ere lortu behar dugu”, gaineratu du.

Jesús Eguigurenek behin esan zuen moduan, hauxe zen askatasuna. Gauzak errazago egitea. Eserleku batean esertzea, osteratxoa ematea, lagunekin berriro elkartzea, solastatzea... hilko zaituzten beldurrik gabe.

Duela 80 urte galdu genuen askatasuna berreskuratu genuen orain 10 urte.#10AñosSinETA pic.twitter.com/u7VZ823kZ5

— patxilopez (@patxilopez) October 19, 2021

Patxi López lehendakariak, bere aldetik, minaren eta sufrimenduaren urteak eta orain askea den eta beldurrik ez duen gizarte batek bizi dituenak kontrajarri ditu: “Duela 10 urte, ETA garaitua izan zen eta demokrazia atera zen garaile. Duela 10 urte, terroristek galdu egin zuten eta demokratek irabazi genuen. Duela 80 urte galdutako askatasuna berreskuratu genuen orain dela 10 urte. 2011ko urriaren 20an, pozezko malkoak isuri genituen pertsona askok, minezko, beldurrezko eta sufrimenduzko hainbat urterenak ziren isurarazitako malko haiek. Eta gaur, ikusten dugu malko horien gainean nola doan hazten gizarte libre bat, zuhaitz hau bezala, beldurrik gabea eta oinarri etiko sendoekin, horren gainean etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko".

 

 

Memoria Demokratikoaren eta Laikotasunaren idazkari izendatu berriak ohartarazi egin du talde terroristaren amaierari buruz zenbaitek egin nahi duten berrirakurketari buruz. “Tentazioa dago, eta berebiziko indarrarekin ari gara ikusten egun hauetan, ETAren amaiera irakurtzen eta berrirakurtzen saiatzeko bakoitzak gertaerei nahi duen talaiatik begiratuta, bere diskurtsora egokitze aldera; edo parterik hartu gabe ere lasterketan medailak irabazteko; edo irmotasunaren txapeldun gisa azaltzeko; edo, are, ETAren amaiera horretaz jabetzeko. Sozialistak ez gara horretan eroriko. Hor daude egitateak, ezaguna da bakoitzak une bakoitzean egin zuena, hori ezin da aldatu", adierazi du.                                                                                            

Eta esan du haren ustez ezker abertzalearen adierazpena “zuzenketa bat dela talde terroristaren euskarri gisa iraganean jokatutako eginkizunean”. “Beti daude batailak kontakizunagatik, baina egia bakarra dago. Eta kontakizunaren eta memoriaren egian, hiltzaileak inoiz ezin dio utzi hiltzaile izateari eta biktimak biktima izateari. Eta, atzo, hori egin zezan eskatzen urte asko eman eta gero, ezker abertzaleak urrats bat eman zuen norabide zuzenean, indarkeria terroristaren hainbat urteren errorea aitortzean. Eta, duela hiru urte egin zutenetik urrun, mundu horretako komunikatu okaztagarri batek albo kalteek eragindako biktimez baitziharduen, gainerako guztiak mespretxatuz, orain aitortu dute ETAren biktima guztien mina, eta inoiz ez zuela gertatu behar”, gaineratu du.