partekatu
• Zizurkil-Villabonako Herriaren Etxearen inaugurazioa
Idoia Mendiak dei egin die mozioa babestu zuten taldeei Pedro Sánchezen Gobernuarekin eskubideak berreskuratzeko garaia finkatzeko
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak dei egin die zentsura-mozioa babestu zuten taldeei gizarte-eskubideak berreskuratzeko garaia finkatzeko, suposatuta Pedro Sánchezen gobernuaren aurrekontu orokorrak onartuko direla. Idoia Mendia Zizurkil-Villabonako Herriaren Etxearen inaugurazioan izan da, eta euskal alderdiei eskatu die gizarte osoaren beharrekin konprometitzeko, 2019ko aurrekontuak onartuz.
«Denon erantzukizuna da garai hau finkatuko dela bermatzea; askoren ardura da aro hori mantentzea eta PPren erruz galdutako eskubideak berreskuratzea. Egia da zarata handia dagoela Espainiako politikan, batzuek aldaketa horiek oztopatu nahi dituztelako». PSE-EEren idazkari nagusiak azpimarratu duenez, gainera, «lurraldeekin eztabaidatzeko garaia hasi da», eta, horrez gain, eskatu du alderdien arteko lankidetza hori Euskadin ere egiteko.
«Gai baldin bagara Legebiltzarrean akordioak egiteko astero, aurrekontuak onartzea aintzat hartu behar dugu; gai izan behar gara hitzartu ditugun politika horiek zehazteko», adierazi du.
Idoia Mendiarekin batera Zizurkil eta Villabonako afiliatu-talde ugaritsu bat eta PSE-EEren Gipuzkoako zuzendariak izan dira, hala nola Eneko Andueza. Mendiak kritikatu egin du Podemosek ezetza eman izana aurrekontuei, horiek ezagutu gabe; bai eta, bestalde, EH Bilduk alde batera utzi izana aldaketa soziala, independentismoaren alde egiteko ere. «Eta PPk aitzakia moduan hartzen du EAJren muturreko jarrera, duela gutxira arte, Rajoyren jarraitasuna bermatzeko, haiekin itunak egiteko arazorik ez zuen bitartean, adibidez, aurrekontuen akordioarekin egin zuen bezala EAJk eta EH Bilduk Estatu berriaren oinarri subiranistak adostu zituzten egunean bertan», argudiatu du.
Idoia Mendiarentzako, gainera, Zizurkil-Villabonako Herriaren Etxea irekitzea albiste bikaina da, aniztasuna bermatzeko sozialisten apustua baieztatzen duena, eta gogora ekarri du PSE-EEk askotan berritu behar izan dituela bere egoitzak terroristen erasoengatik.