partekatu
Eneko Andueza: “Ezin diogu erne egoteari utzi Espainian eta munduan, balio demokratikoei uko egiten dion muturreko eskuinaren aurrean”
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak postulatu erreakzionarioei aurre egiteko “duintasunean eta besteen aldeko lanean” hezteak duen garrantzia azpimarratu du XVIII. Ramon Rubial Sariak ematean
Ramon Rubial Fundazioak Joaquin Almunia sozialista eta Paca Sauquillo, Cristina Almeida eta Manuela Carmena legelariak saritu ditu, beste pertsona eta erakunde batzuen artean

PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, muturreko postulatuetara gero eta lerratuagorik den eskuinaren aurrean balio demokratikoak indartzen jarraitzera dei egin du. Anduezak deitoratu egin du egoera hori, eta herritarrentzat eskubide gehiago dakartzan jarrera guztiak nabarmendu nahi izan ditu. “Ezin diogu erne egoteari utzi Espainian eta munduan, balio demokratikoei uko egiten dion muturreko eskuinaren aurrean”, esan du.
Bilbon “Balioak transmitituz, etorkizuna defendatzen da” lemarekin egin izan den Ramon Rubial Sarien XVIII. edizioko emate-ekitaldian, eta Joaquin Almunia PSOEko idazkari nagusi ohia –Balio Sozialisten Defentsaren Saria– edo Paca Sauquillo, Cristina Almeida eta Manuela Carmena bezalako legelariak –Demokraziaren eta Askatasunaren Defentsaren Saria– ondoan zituela, “gure garai hauek Atochako sarraskia eragin zuen estremismorantz lerratzen doaz arriskutsuki” ohartarazi du Anduezak.
Buruzagi sozialistak “demokraziaren alde borrokatzeari inoiz utzi ez dioten” pertsona guztiak goratu izan ditu. Anduezaren esanetan, lan horri esker Espainia “urte askotan atzerako ispilutik begiratzen aritu den Europa baten abangoardia” bihurtu da. “Baliorik ez duen bizitza ezer ez” dela esan du Eneko Anduezak, eta “gure seme-alabei zer mundu utzi behar diegun eta zer balio transmitituko dizkiegun” gogoetatzera deitu du. “Guztiaren gainetik arrakasta errazaren alde” egiten duen eskuinaren kontra ere kargatu du Anduezak.
PSE-EEko idazkari nagusiak “gure aitona-amonek eta gurasoek” transmititutako balioak azpimarratu ditu, elkartasunean, berdintasunean, justizian edo askatasunean oinarritzen direnak. “Balio horiek transmititu zizkiguten, eta sozialismoan oso erroturik daude. Horiexek dira gure seme-alabei eta atzetik datozen belaunaldiei transmititu nahi dizkiegu balioak”, adierazi du.
Ezin diogu erne egoteari utzi Espainian eta munduan, balio demokratikoei uko egiten dion muturreko eskuinaren aurrean.
Belaunaldi gazteenei duintasunean eta besteen alde lan eginez hezi behar ditugu postulatu erreakzionarioei aurre egiteko.
Balio horiek transmititu… pic.twitter.com/QfH2pDY0xU
— Eneko Andueza (@enekoandueza) June 7, 2025
Hona hemen hamazazpigarren edizio honetako beste sarituak: Amor Sin Barreras Elkartea, Elkartasunaren eta Lankidetzaren Saria; Gonzalo Miro, Komunikazioaren Saria; Pedro Olea, Komunikazioaren Saria; Ingeteam, Enpresaren Saria; Moriarti Produkzioak, Euskadi Munduan Sustatzearen Saria; Alex Txikon, Kirolaren Saria; eta Enraiza Derechos, Jasangarritasunaren eta Ingurumenaren Defentsaren Saria.
Presidenteen Konferentzia
Ekitaldia hasi aurretik komunikabideei egindako adierazpenetan, Katalunian egin izan den Presidenteen Konferentzia eta Madrileko Erkidegoko presidenteak Lehendakariari euskaraz hitz egiten entzutean bileratik ospa eginez erakutsi zuen jarrera aipatu ditu Anduezak.
“Euskara, katalana, galegoa, valentziera, herrialde honetan erabiltzen den edozein hizkuntza eta dialekto Espainiaren kultur ondarea eta izateko moduaren adierazpide direla ulertzen ez duenak, ez du ulertzen Espainia den bezala. PPri gertatzen zaiona da eurek pentsatzen duenera, euren ereduetara mugatzen den kontzeptu bat dutela herrialde honi, demokraziari, den guztiari buruz. Uniformetasunera lerratu nahi gaituzte, dena euren antz eta irudira izatea nahi dute, baina horrek ez du adierazten herrialde honen pluraltasuna eta aniztasuna”, adierazi du.
PSE-EEko idazkari nagusiarentzat txotxongilo bat da PPko presidentea, “Ayusoren estrategiaren morrontzari jarraitzen diolako”, eta Euskadiko buruzagi popularrak aipatu ditu horren harira. “Atzo entzun nuena entzun eta gero, eta ikusita Feijook nola jarraitzen dion Ayusoren morrontzari, argi geratzen zaizkit bi gauza. Feijoo txotxongilo bat dela emakume horren ondoan. Eta nahiko nuke jakin zer pentsatzen duen Euskadiko PPk horri guztiari buruz. Gaur arratsaldean bere presidentea itauntzeko aukera bat dute, eta, bestela, agerian geratuko dira”, adierazi du larunbat arratsalderako euskal popularrek antolatuta duten ekitaldiari aipu eginez.
Eta deitoratu egin du Ayusoren jarrerak eta PPko presidenteen estrategia bateratuak akordioren bat lortzea eragotzi izan zutelako Presidenteen Konferentzian. “PPri boterea botereagatik baino ez zaio interesatzen, horrexegatik bakarrik, eta edozein gauza egiteko gauza dira, are Presidenteen Konferentzia bat bezalako hain gauza garrantzitsu bat hankaz gora jartzeko, etxebizitzari buruzkoak bezain horren gai garrantzitsuak aztertzekoak zirenean”, azaldu du.