partekatu
• PSE-EEren eta PSNren arteko bilera
Idoia Mendiak GIC taldeari gogorarazi dio ETA amaitu zela gizartearen eta Zuzenbide Estatuaren erresistentziari esker
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak Harremaneko Nazioarteko Taldearen (GIC, gaztelaniaz) ordezkariei gogora ekarri die ETA banda terroristaren jarduna amaitu zela polizien eta epaileen jarduketari zein beren lurretik eta erakundeetatik kanpora ziezaietela onartu ez zutenen erresistentziari esker. «Gogora ekarri nahi dugu ETAk bere porrota aitortu zuela 2011n, Espainian eta Euskadin gobernu sozialistak zeudenean; eta gizartearen erantzunak, segurtasun-indarren lanak, nazioarteko lankidetzak eta justiziaren zein politikaren jarduketak zapuztu zuten beren nahia, proiektu politikoa indarrez inposatzekoa», azaldu du gaur arratsaldean GICeko kideekin (Brian Currin, Raymond Kendall eta Alberto Spektorowski) izandako bileraren ostean.
Idoia Mendiarekin batera egon da Rafaela Romero PSE-EEren Askatasun Publikoetako, Memoriako eta Elkarbizitzako idazkaria. Hark ondorengo hau azpimarratu du: «Ezinbestekoa da eraikitzen dugun elkarbizitza biktimen memoria errespetatzean eta eragindako kaltea bidezkoa ez dela aitortzean oinarritzea». Euskal Sozialistek uste dutenez, GIC taldeak ETA desegin dela iragartzeko ekitaldi bat antolatu duten honetan, egokia da PSE-EEren jarrera garbia, hain zuzen ere, duela zazpi urte Aieten azaldu zuena.