partekatu
“Euskal Sozialistak” Lurralde Taldea eratu da Senatuan
Alfonso Gil: “Euskal herritarrek beren kezka eta aldarrikapenak Ganberara eramateko kanal bat izan dezaten egingo dugu lan, gure herrialdearen gizarte- eta lurralde-kohesioa zabaltzen joateko”
Erkidegoko senatari eta Sozialisten Talde Parlamentariaren idazkari nagusi dena izango da Taldearen koordinatzaile, eta Julia Liberal arabar senataria izango da koordinatzaileorde
“Euskal Sozialistak” Lurralde Taldea eratu izan da Senatuan, Goi Ganberako Sozialisten Talde Parlamentarioaren barruan, eta bost kidek osatuko dute.
Alfonso Gil Invernón erkidegoko senatari eta Sozialisten Talde Parlamentariaren idazkari nagusi dena izango da Taldearen koordinatzaile, eta Julia Liberal arabar senataria izango da koordinatzaileorde.
Taldeko kide izango dira, halaber, Adolfo Lander Vera eta Paula Somalo Garcia arabar senatariak eta Txema Oleaga Zalvidea bizkaitar senataria.
Taldea eratu denean, Gil Invernon pozik azaldu da hori eratu izanaz eta eraketa horrekin Senatua lurraldeetako ekimenak aurkezteko eta eztabaidatzeko lurralde-ordezkaritza izaerako ganbera bat izateko asmoa dutela esan du.
Euskal herritarren kezkak Ganberara helarazteko kanal bat
“Senatuko euskal sozialistek euskal herritarren kezka eta aldarrikapenak Ganberara eramateko kanal bat izateko egingo dugu lan, era horretan zabaltzen joanez gure herrialdearen gizarte- eta lurralde-kohesioa”, adierazi du Alfonso Gilek.
“Erakutsi behar dugu senatariek geure egiten ditugula herritarrek azaltzen dituzten kezkak, eta horiek onartu eta eztabaidatzeko gai garela”, azpimarratu du.
Eraketa eta eginkizunak
Lurralde taldeen eraketa Senatuko Erregelamenduaren 32.1 artikuluan aurreikusita dago. Artikulu horren arabera, “lurralde taldeak eratu daitezke lurraldean edo autonomia erkidego bi edo gehiagotako batzar legegileek edo goi mailako kide anitzeko organoek hautatuak izan diren senatariek osatutako parlamentari taldeen barruan”.
Era berean, eta aipatu erregelamenduaren 32.2 artikuluak xedatzen duenari jarraituz, “lurralde talde bakoitza hiru senatarik osatuko dute gutxienez, zeinak dagokion autonomia erkidegoko batzar legegileak edo goi-mailako kide anitzeko organoak hautatuak izango baitira.
Azkenik, osoko bilkuretan izango duten parte-hartzeari dagokionez, hauxe xedatzen du 85. artikuluak: “Ganberako osoko bilkuran autonomia erkidego bati edo gehiagori bereziki eragiten dioten gaiak eztabaidatu behar direnean, presidenteak handitu egingo du kasu bakoitzean erregelamenduak ezarrita dituen bozeramaileen txanda kopurua, dagozkion parlamentari taldeetako bozeramaileen adostasunarekin, gaiak eragiten dioten lurralde taldeetako ordezkariek parte hartzeko aukera izan dezaten”.