Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Uztaila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko akordiorako oinarriak ongizatean, aurrerabidean, autogobernuan zein Euskadi globala eraldatzeko bidean aurrera egiteko

partekatu  partekatu

2020ko irailean, EAJ-PNV eta PSE-EE (PSOE) alderdiok Gobernu akordioa hitzartu genuen ekonomia eta enplegua biziberritzeko, zerbitzu publikoen eta politika sozialen defentsatik abiatuta eta autogobernu gehiago eta hobea oinarri hartuta.

Une hartan, alderdi politiko biok ulertu genuen euskal hiritargoari gobernu egonkorra eskaini behar geniola ekonomiaren eta enpleguaren egoera berroneratzeko, zerbitzu publiko eta sozialak bermatuz, inor atzean utzi gabe.

Harrezkero, Europako Gobernu guztiek aurre egin behar izan zioten ondorengo lau urteotako lana baldintzatuko zuen egoera bati, ordura arte sekula eman ez zenari. Krisiak bata bestearen ondoren etorri dira: pandemiaren ondorioak, Ukrainaren alde bakarreko inbasioa, energiaren eta hornigaien krisia, inflazioa eta bizitzaren kostearen igoera, Gazako gerra...

Krisiak bata besteari kateatuta eman arren eta gizarteak ezagutu behar izan dituen krisiak gorabehera, orduko akordio hark, ezarri genituen helburuek eta mahaigaineratutako lehentasunek erakutsi digute une hartan hartu zen bidea positiboa izan dela hiritargo osoarentzat. Hala baloratu du euskal hiritargoak, 2024ko otsailean euskal gizartearen %73k adierazi baitzuen konfiantza zuela Eusko Jaurlaritzarengan.

2020an adostu ziren printzipioetan oinarrituta eta epe ertain eta luzera begira, alderdi politiko biok erabaki genuen hurrengo Eusko Jaurlaritzari planteatuko zaizkion erronkak eta hartu beharko dituen erabakiak argi eta garbi zehaztu behar genituela. Hala, partekatzen dugun helburua da ongizate mailan hazi beharra dagoela, Euskadiren eraldaketari ekin behar zaiola munduan ematen diren aldaketa globalei erantzuna emateko, nazioartean protagonismoa eta presentzia irabaziz. Horretarako, Estatutu Itun Berri baterako Akordioa lortzea proposatzen dugu, autogobernuan aurrera egiteko eta Euskadiren aurrerabideari laguntzeko.

Alderdi biok ulertzen dugu moderno jotzen dugun euskal gizarte honek aberastasuna sortzeak eta banatzeak dakarten erronkari erantzun behar diola, gizartean desparekotasun-egoerak borrokatuz, bai eta ezinbestean heldu behar diegun eraldaketei ekiteko ere: demografiaren erronka, transformazio digitala, ekonomia jasangarria eta aldaketak enpleguan, horretarako baliabide finantzario nahikoak aurreikusiz kalitatezko zerbitzu publikoei erantzuteko eta produkzio alorreko inbertsioari bultzada emateko.

Halaber, ordezkatzen ditugun alderdi politiko biok osatzen dugun gehiengo transbertsal eta kualifikatuaz jabetuta, EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOE) ezarri nahi dugun helburua da gizarteko gainerako erakunde sozial, sindikal, enpresarial eta politikoen inplikazioa bilatzea, bai eta Euskadiko gainerako erakundeena ere, esandako politika horiek guztiak garatzera begira.

Oinarriak horiek direla, alderdi biok planteatzen duguna da Eusko Jaurlaritzak bere programan jaso beharko dituen konpromisoak ondorengo jarduera ardatzen inguruan egituratuko direla:


1. PERTSONAK ERDIGUNEAN.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOE) ulertzen dugu garapena eta gizarte kohesioa, pertsonen autonomia, bizimodu independente eta osoa bermatu behar direla euskal erakundeen lidergopean eta abangoardiako zerbitzu publikoen bidez. Helburu horiek gizarteeskubideak benetan eta eraginkortasunez betez eta sektoreen arteko lankidetzaren bidez baino ez dira lortuko, gizarte-ekimena nagusi izanik.

Partekatzen dugun ideia da pertsonen etorkizuneko ongizatea bermatzeko, ezinbestekoa dela erronka berriei elkarlanetik eta lankidetzatik heltzea, denon arteko lankidetza estuaren bidez eta zerbitzu eta politika sozialetan berrikuntza bultzatuz.

Gure apustua da ongizatearen agenda berria abian jartzea, pertsonak politika publikoen erdigunean jarriz eta egun daukagun erronka hirukoitzari aurre eginez: soziodemografikoa, energetiko-ekologikoa eta teknologiko digitala, ondorengo esparru hauek guztiak hobetuz: osasuna, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, ekonomia berria eta gizarte zerbitzuak. Hori dena, belaunaldien arteko erantzukidetasuna aplikatuz, ongizate ereduaren iraunkortasun eta jasangarritasun ekonomikoa bermatuz eta administrazio hurbil, erraz eta eraginkorra bermatuz.


Lehen ardatz honetan partekatzen ditugun helburuak ondorengoak dira:

  • Pertsona guztientzat aukera berdintasuna eta emaitzen berdintasuna bermatzea.
  • Gizartean gaur egun ongizate mailan diren desparekotasun-egoerak murriztea.
  • Zainketen Eredu berri bat bultzatzea.
  • Kontziliaziorako neurriak aztertzea, gizabanako guztiek beren bizitza pertsonala, familia eta lana erabat garatzeko aukera izan dezaten.
  • Gazteen emantzipatze tasak igotzea eta emantzipatzeko adina beheratzea.
  • Belaunaldi ezberdinen arteko ikuspuntua garatzea eta beren arteko kohesioa areagotzea, belaunaldien artean aberastasuna orekatuago egon dadin.
  • Pertsonen eta komunitatearen garapena sustatzea, bizi kalitate globala eta zerbitzu publikoak bikaintasun parametrotan bermatzeko. Pertsona guztientzat bizimodu duina izateko behar diren baliabideak eta zerbitzuak eskuratzeko aukerak bermatzea. Pertsona guztien inklusioa eta errespetua sustatzea, dena delakoa beren jatorria, generoa, sexu-orientazioa, ezintasuna, adina edo beste edozein ezaugarri.
  • Emakume eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra ezartzea politika publiko guztien ardatz estrategiko eta transbertsal gisa.


Helburu horiek lortzeko, gure Herri-lehentasunak ondorengoak izango dira:

  • Osasuna. Euskadin osasun publiko, unibertsal, dimentsionatu eta kalitaterik gorenekoa bermatzea, gure osasun sistema publikoa Europako erreferente bilakatuz.
  • Zerbitzu Sozialak. Gizarte-politika transbertsal eta intersekzionaletan aurrera egitea, ikuspegi integral eta koordinatuarekin, inor atzean ez uzteko. Zaintzaren aldeko Herri Ituna adostea, Zaintza Eredu berria bultzatzeko.
  • Etxebizitza. Etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzeko behar diren ekimenak bultzatzea, batez ere gazteen artean.
  • Hezkuntza. Berdintasuna eta kohesioa bermatzea. Eskola publikoa erreferente gisa ezartzea, hezkuntzarako sarbide unibertsala bermatzeko. Hezkuntza Legea garatzea, 2022ko apirilean lortutako Hezkuntza Itunari erantzuna emanez.
  • Segurtasuna. Gure gizartearen ongizaterako, egonkortasunerako eta aurrerabiderako funtsezko oinarri den hau finkatzea.
  • Euskara. Helburua: “edonon, edonoiz”. Bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera ahalbidetzea.
  • Kultura. Babesa ematea sortzaileei, artistei eta kulturaren profesionalei, Euskadin sorkuntza eta kulturaren produkzioa sustatzera begira.
  • Gazteria. Pertsona gazteei babesa ematea, beren bizi proiektua egoki jotzen dutenean hasteko aukera izan dezaten eta beren emantzipazioa ahalbidetzeko.
  • Demografiaren erronka. Demografiaren erronkarako 2030 urterako ezarri zen Euskal Estrategia eraginkortasunez garatzea.


2. HAZKUNDE ETA ONGIZATE EREDUA.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOE) legegintzaldi berri honi heldu nahi diogu aurrerabidean aurrera egiteko aukera gisa. Aurrerabide soziala, hobeto bizitzeko, pertsonen eta euskal gizarte osoaren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko. Bai eta aurrerabide hori gure ehun ekonomiko, produktibo eta enpresarialean ezartzeko ere, berrikuntzan, lehiakortasunean eta jasangarritasunean aurrera eginez, ekonomia berriak ematen dizkigun aukera guztiak baliatuz.

Eraldaketa energetiko-ekologikoa, sozio-demografikoa eta teknologiko-digitala ere ezinbesteko izango ditugu eta lagundu egingo digute Eusko Jaurlaritza azken legealdi hauetan garatu duen Giza Garapen Jasangarrirako ereduan sakontzen. Alderdi biok ulertzen dugu ezinbesteko dugula iraunkortasun -jasangarritasunari heldu behar diegula gizartean, ekonomian eta ingurumenean, ardatz estrategiko eta transbertsaltzat hartuz. Eredu honek eskaintzen digu Euskadiren berrindustrializazioan aurrera egiteko aukera, bai eta aurrerabidean eta lehiakortasunean hazteko ere.

Beharrezko dugu, lankidetza publiko eta pribatuaren bidetik, ekonomia moderno, dinamiko, garatu eta jasangarriari bide emateko baldintzak ahalbidetzea. Aberastasuna sortzeko eta banatzeko kalitatezko enpleguaren bidez, zerbitzu publiko sendoei eusteko eta inor atzean gera ez dadin bermatzeko politika sozialak garatzeko.


Bigarren ardatz honetan partekatzen ditugun helburuak ondorengoak dira:

  • Euskadi berrindustrializatzea, ekonomia berriak eskaintzen dizkigun aukerak baliatuz.
  • Ekonomia hazi arazteko eredu bat bultzatzea, aberastasun ekitatiboa eta kalitatezko enpleguak sortuko dituena. Hau da, lan baldintza onak eskainiko dituzten enpleguak, bizitza pertsonala eta familia egokiro uztartzeko, bai eta etengabeko prestakuntza, garapen profesionala eta soldata onak ere. Elkarrizketa Soziala eta Negoziaketa Kolektiboa sustatuko dituen eredua, ongizatea hobetzen eta desparekotasun sozialak murrizten lagunduz.
  • Jasangarritasuna sustatzea enpresen, industrien eta sektore ekonomikoen bereizte eta lehiakortasun elementu gisa. Ekonomia deskarbonizaturako egokitze prozesuak bultzatzea, teknologian, berrikuntzan, nazioartekotzean, jasangarritasunean eta azpiegitura industrialen berrikuntzan aurrera eginez.
  • Gure Lehen Sektorea babestea. Funtsezko elementua da, bai eta gure ekonomiaren bereizgarri eta lurralde orekarako faktore ere.


Helburu horiek lortzeko, gure Herri-lehentasunak ondorengoak izango dira:

  • Kalitatezko enplegua eta Talentuaren kudeaketa. Kalitatezko enpleguak, enplegu inklusiboak eta berdintasunean oinarritutakoak lortzeko lehentasunezko helburuan aurrera egitea, gizarte aurreratuagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko. Talentua erakartzeko eta atxikitzeko bidean aurrera egitea.
  • Industria. Euskadiren berrindustrializatze prozesua lehiakortasun jasangarrirantz bideratzea.
  • Berrikuntza. Euskadi Europako berrikuntza polo gisa finkatzea, ekonomiaren hazkundeari eta ongizateari lagunduz.
  • Digitalizazioa eta Adimen Artifiziala. Euskadiren garapena bultzatzea lurralde ireki eta adimendun gisa, datuen kudeaketa adimendun eta etikoa bermatuz.
  • Azpiegiturak. Gure bizi kalitatea, lurralde- egituraketa, -kohesioa eta -lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten azpiegiturak sortzen jarraitzea, bai eta garapen sozioekonomiko inklusibo eta jasangarria ere.
  • Lehen Sektorea eta Arrantza. Bertoko dugun sektore estrategiko jasangarri eta osasungarri honen etorkizuna bermatzea.
  • Merkataritza eta Ostalaritza. Sektore ekonomiko hauek bultzatzen jarraitzea, garapenerako eta aberastasuna banatzeko eragile diren aldetik.
  • Turismo jasangarria, bikaintasunezkoa. Turismoak gure ekonomiarentzat egiten duen ekarpen positiboa areagotzea Turismo jasangarri, lehiakor eta kalitatezkoa oinarri hartuta.
  • Kontsumitzailea. Kontsumo arduratsu eta kontzientziatua sustatzea, bai eta kontsumitzaileen eskubideen babesa ere.


3. ERALDAKETA ENERGETIKOA ETA JASANGARRITASUNA.

Beroketa globala da gero eta eragin handiagoa duen errealitatea, zalantzan jartzerik ez dagoena, eta berandutu gabe aurre egin behar zaio irmotasun osoz. Ez daukagu `B´ planetarik. Beroketa globalaren ondorioak hasi dira euskal gizartean eta ehun ekonomikoarentzat ondorio kaltegarriak eragiten. Gure sektore produktiboak trantsizio ordenatu eta koordinatua behar du, ezarri ziren helburuei uko egin gabe, etorkizuna arriskuan jartzea saihestuko duena.

Aldi berean, ekonomia zirkularrak aukera bat ematen digu lehengaien kontsumoa murrizteko eta klima aldaketaren kontra egiteko. Horrela, arriskuak arintzen ditu eta aukera berriak sortzen ditu gure ehun ekonomikoa indartzeko.

Azkenik, ulertzen dugu hirien berroneratzea ere ezinbesteko faktore dela esparru honetan eta, beraz, herri eta hiri trinkoagoak eraikitzeko bidea egingo dugu, jasangarriak, bizikidetza errazago ahalbidetuko duten biziguneekin.


Hirugarren ardatz honen inguruan partekatzen ditugun helburuak ondorengoak dira:

  • Ingurumena babestea eta Euskadi bihurtzea klima aldaketaren kontrako borrokarako funtsezko eragile.
  • Trantsizio energetikorako eta klima aldaketaren kontrako borrokarako trantsizio prozesuak lideratzea.
  • Berrikitan onetsi den Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak planteatzen duen potentzialitate guztia garatzea.
  • Ingurumenaren adierazle nagusiak hobetzea, bai uraren kalitateari dagokionez zein lurzoruaren eta airearen kalitateari dagokionez.
  • Trantsizio ordenatu eta bidezkoa bermatzea, sektore industrialarekin, teknologikoarekin eta energetikoarekin elkarlanean.
  • Ekonomia zirkularra bultzatzea, lehengaien kontsumoa murrizteko eta klima aldaketaren kontra borrokatzeko funtsezko elementu den aldetik.
  • Enpresetan zirkulartasunerako tresnak aplikatzea, klima aldaketarekin zerikusia duten CO2 isurketak murriztea eta zabortegietara eraman ohi diren hondakinak gutxienera eramatea.
  • Arreta jartzea dagoeneko eraikita dagoen hirian, lurraldea artififizialtze prozesu batetara eraman dezaketen hedatze berriak saihesteko.


Helburu horiek lortzeko, gure Herri-lehentasunak ondorengoak izango dira::

  • Trantsizio Energetikoa. Karbono neutraltasunerantz urrats sendoekin aurrera egitea, bai eta Euskadiren autonomia energetikorako ere, garapen ekonomiko arduratsurako aukera berriak baliatuz, enplegu gehiago eta hobeak sortuko baititu.
  • Ingurumena. Ingurumena babesteko ingurumen politika aurreratu eta berritzailea sustatzea eta, horri lotuta, balore ekologikoak eta biodibertsitatearen defentsa sustatzea.
  • Garraio jasangarria. Garraio publiko iriskor eta integrala, lurraldearen egituratzailea, mugikortasun jasangarria sustatuko duena.
  • Ekonomia zirkularra. Ekonomia zirkular eredugarria, enplegu berdeak sortuko dituena, berrikuntza sustatuko duena, Euskadin lehiakortasuna hobetzeko eta hazkunde jasangarria ahalbidetzeko.
  • Hiri-berroneratzea eta Hiriko Agenda. Euskadi Bultzatu 2050 egitasmoaren Hiriko Agenda bultzatzea. Hiri-berroneratzea sustatzea, bai eta etxebizitzen berritzea ere, bizi kalitatea eta jasangarritasuna areagotzeko.
  • 2030 Agenda. Euskadik Garapen Jasangarrirako Helburuekin hitzemanda daukan konpromisoa garatzea. Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioarekin lehentasunezko lankidetzan aurrera egitea.


4. ELKARBIZITZA, MEMORIA ETA GIZA ESKUBIDEAK.

Pertsona guztien arteko elkarbizitzari eta errespetuari begiratu behar zaie ikuspuntu transbertsal batetik, ahalik eta ikuspegi zabalenarekin. Horixe da gure kultura demokratikoaren oinarria. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta Giza Eskubideen defentsa funtsezko gai bilakatu dira gure gizartearentzat.

Sekula ez dugu ahaztu behar nondik gatozen. Elkarrekin bizitzeko eredu sendo eta bidezkoa sustatzera begira, lau zutabetan oinarritutako ikuspegia sustatzea proposatzen dugu, horien gainean gizarte bidezkoagoa, ekitatiboagoa eta baketsuagoa eraikitzera begira: indarkeria deslegitimatzea; eskubideen edozein urraketaren biktima diren guztiak aitortzea; memoria inklusibo, kritiko eta etikoa eraikitzea; printzipio eta balore etiko eta demokratikoak babestea.

Aldi berean, berdintasunaren eta LGTBIQ+ aniztasunaren defentsa ere bada gizarte bidezkoa eraikitzeko funtsezko zutabea.

Halaber, indarkeria matxistaren kontra borrokatzea da gizarte osoaren zeregina. Euskadiko botere publiko guztiek heldu behar diote gai horri, giza eskubideen urraketa delako lehen mailako arazo sozial izateaz gain.


Laugarren ardatz honetan partekatzen ditugun helburuak ondorengoak dira:

  • Pertsona guztientzat bakea, justizia eta ongizatea sustatzea.
  • Erabat desagerraraztea indarkeria gatazkak konpontzeko edo ideiak inposatzeko baliabide den ideia.
  • Gizakien duintasunarekiko errespetua, eskubide eta aukeren berdintasuna, justizia eta elkartasuna sustatzea.
  • Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea.
  • Elkarrizketatik eta gizarte eragileen eta ordezkari politikoen arteko akordioaren bidez berdintasuna eta LGTBIQ+ aniztasuna defendatzea, gizarte bidezkoagoa eraikitzera begira.


Helburu horiek guztiak lortzera begira, ondorengoak izango dira gure Herrilehentasunak:

  • Genero berdintasuna. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna Euskadin, lehenetsi beharreko Herri helburu gisa, gure gizartean zalantzan jarri ezin dena.
  • LGTBIQ+ eskubideak. Berdintasunaren eta LGTBIQ+ aniztasunaren defentsa.
  • Elkarbizitza eta Giza Eskubideak. Iragan historiko eta hurbilaren memoria kritikoa bultzatzen jarraitzea, eta Giza Eskubideen errespetuan oinarritutako kultura soziala sustatzea.
  • Garapenerako Lankidetza. Konpromisoa nazioarteko solidaritatearekin.


5. AUTOGOBERNUA AREAGOTZEA.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk (PSOE) partekatzen dugun ideia da zenbat eta autogobernu gehiago orduan eta ongizate maila handiagoa eskaini ahal zaiola euskal gizarteari.

Hala, alderdi politiko biok legegintzaldi berri honi helduko diogu helburu bikoitza dugula: Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Estatutu-itun berrirako oinarriak Eusko Legebiltzarrean ezartzea negoziaketaren, akordioaren eta ahalik eta adostasun politikorik zabalenaren bidez, bere eskumenaren eta indarrean dagoen legeriaren esparruan.

Akordio-oinarri hauetara ekarri nahi dugu 2023ko azaroaren 10ean Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Espainiako Alderdi Sozialistaren artean autogobernuaren inguruan adostu genuen ituna.


Bosgarren ardatz honen inguruan partekatzen ditugun helburuak ondorengoak dira:

  • Euskadiri aitortzen zaion Autogobernua osorik transferitzea.
  • Euskadin zein Estatuan, etorkizunerako Autogobernua negoziatzea eta onestea.


Helburu horiek lortzeko, gure Herri-lehentasunak ondorengoak izango dira:

  • Autogobernua. Orain arte lortutako Autogobernuaren defentsa eta aitortzen zaigun eta transferitzeke geratzen den Autogobernua gauzatzea.
  • Estatutu Itun Berria. Adierazten dugu gure konpromisoa dela ahalik eta akordiorik zabalena lortzea, bai euskal erakundeen baitan bai eta Gorte Orokorretan ere, ondoren euskal herriak berretsia izan dadin.
  • Euskadi globala. Euskal interesak Europan eta munduan sustatzea eta bultzatzea, Euskadiren nazioartekotzeak etorkizunera begira planteatzen dituen aukerak baliatzeko.


Eustazpi horiek oinarri hartuta, Akordio honetan jasota dago aurrerabidean eta ongizatean haztera begira partekatzen dugun apustua, bai eta gure gizartearen modernizazio eta garapen kohesionatuari heltzeko ere, etengabeko eraldatze egoera batean eta Euskadi globala eraikitzea xede.

Jakitun gara legegintzaldi honek garrantzia handia izango duela etorkizunerako Euskadi eraikitzeko orduan. Hiritargo osoaren ongizate maila hobetzea proposatu dugu, aurrerabidea eta gizarte kohesioa bermatzea, Estatutu Itun Berri baten bidez gure Autogobernu sistema berezi eta bakar honetan sakontzea.

Arestikoak dira EAJ-PNV eta PSE-EE (PSOE) alderdi politikoak eratu eta abian jarriko dugun Eusko Jaurlaritzaren gobernu programaren ardatzak garatzeko irizpideak eta helburuak.