partekatu
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bere historiako aurrekontu kontsolidatu handiena azaldu du, 535 milioi eurorainokoa
Denis Itxasoren arabera, “Euskal Exekutibo berriaren promesak egintzetan bihurtzen dituen aurrekontu bat da”. Hori da gobernuek esaten denaren eta egiten denaren arteko koherentzia adierazteko duten modua, sinesgarri eta bideragarri bihurtuz etxebizitza arloan diren helburu handiak
Aurrekontu Batzordearen esparruan, Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu denak, gaur aurkeztu du bere sailak 2025eko ekitaldirako duen aurrekontu-proiektua. Nabarmendu duenez, “Jaurlaritzaren funts propioen hazkunderik handiena izan duen aurrekontua da, %26,7koa”, 250 milioi eurotik 317 milioi eurora igo baita. 446 milioi euroko aurrekontu horrek 317 milioi euro biltzen ditu funts propioetan, eta 129 milioi Europako funtsetakoak izango dira.
Sailaren aurrekontu kontsolidatuak barnean hartzen ditu Alokabide eta Visesa bere sozietate publikoak, eta lehen aldiz gainditu du 500 milioiko muga, guztira 535 milioi euroraino iritsita. Itxasok adierazi duenez, “aurrekontu anbizioduna da”, etxebizitza pertsona guztientzako eskubide eraginkorra izan dadin, batez ere gazteentzat eta kolektibo kalteberenentzat.
Etxebizitza-programak %35,9ko hazkunde nabarmena izan du, 2024an 210,8 milioi izatetik 2025ean 286 milioi izatera igaro baita, hau da, inbertsio-ahalmena 75 milioi handitu da. “Etxebizitzaren guztizko aurrekontua, 122 milioi Next funtsekin batera, 408 milioi eurokoa da guztira”, nabarmendu du sailburuak.
Zentzu horretan, Itxasok eskertu egin du Eusko Jaurlaritzak gaiaren garrantzi soziala ulertu izana, baliabide propio gehien etxebizitzara bideratu izan dituelako. Azaldu duenez, “aurrekontuetan egindako ahalegin handiaren” isla da hori, Next funtsen jaitsiera arinduko baitu, baita haiek ordeztu ere, kontuan hartuta Euskadin azken urteotan bizitokiak garatzeko ezinbestekoak izan direla. Jaitsiera horri Eusko Jaurlaritzak erantzun dio, funts propioen hazkunde nabarmenarekin. Horrekin, sailburuak gaineratu duenez, “aurrerapauso handia eman dugu 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala betetzeko bidean, herritarren eskaera handiarekiko sentsibilitatea islatzen baitu”.
??️ @DenisItxaso buru duen Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bere historiako aurrekontu kontsolidatu handiena azaldu du, 535 milioi euroraino helduta. #LoQueHacePaís pic.twitter.com/qvhUtyY6Xw
— Socialistas Vascos - Euskal Sozialistak / ❤️ (@socialistavasco) November 6, 2024
Gainera, Itxasoren hitzetan, “2025eko Aurrekontu honekin Eusko Jaurlaritzak egia bihurtzen ditu bere konpromiso programatikoak, Gobernu bat kontu publikoen bitartez azaltzen baita ondoen”. Eta, gaineratu duenez, “proiektu honek etxebizitzaren ekoizpenean jauzi kuantitatibo bat emateko beharrezkoak diren baliabideak zehazten ditu, eta horrekin batera erakundeen arteko akordioak eta publiko/pribatu artekoak egin beharko dira, baita lege- eta prozedura-izaerako beste neurri batzuk ezarri ere”. Arloaren baliabideek, zehazten duten efektiboaz gain, “politika afektiboa eta sentikorra proiektatzen dute, bizi dugun tentsionamendu honek konponbidea duela erakusteko” balio dutela azpimarratu du Itxasok. Agerraldia amaitzeko, legebiltzarkideei eskatu die "prestasunik onena" erakusteko berak zuzentzen duen sailaren aurrekontuaren alde; izan ere, horrek “konpromiso kolektibo eta herri-konpromiso handia proiektatuko luke etxebizitzaren kausarekin”, Itxasoren esanetan.
Etxebizitzarako eskubide subjektiboa eta alokairu eskuragarria
Itxasok azpimarratu du aurrekontuaren funtsezko zutabeak direla alokairuko etxebizitzen parke publikoa hobetzea eta Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa garatzea. “Etxebizitza eskuratzeko eskubideari buruzko 147/2023 Dekretuak aukera emango du 35.000 familiari ere aplikatzeko”, adierazi du sailaren arduradunak. Eskubide horri erantzuteko, alokairuko etxebizitzak eta laguntzak 11.000 familiari esleituko zaizkie, 30 milioi euroko partida batekin, 2024arekin alderatuta 24,8 milioi gehiago.
Era berean, alokairu eskuragarriari dagokionez, 7.000 etxebizitzaren kopurua gainditzeko oinarriak ezartzen ditu aurrekontuak, aurreko ekitaldietako urteko 5.000 etxebizitzen batez bestekoa %40 igota. Itxasok adierazi du zuzeneko sustapena eta asmo handiko diru-laguntzen programa uztartuko direla, ekimen pribatuaren bidez eraikitako etxebizitzak alokairuan jartzeko. 2025eko aurrekontuan, alokairuko gastua 248,5 milioi eurokoa da, hau da, 44 milioiko hazkunde esanguratsua izango du 2024arekin alderatuta.
“2025ean, 1.600 etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki hasiko dira alokairu sozial eta eskuragarrirako”, gaineratu du sailburuak, eta merkatuko etxebizitza pribatuen zuzeneko erosketa eta salgai dauden babes ofizialeko etxebizitzen eroslehentasuna hedatuko duela ere iragarri du, urtean 125 etxebizitza erakartzeko helburuarekin”.
Fokua gazterian
Itxasok gazteei ematen zaien arreta berezia azpimarratu du, bizitokiari lotutako krisi larriari aurre egin behar baitiote. “Alokairu eskuragarriko etxebizitza guztien %50a 36 urtetik beherako gazteentzat gordeko dira”, azpimarratu duenez. Gainera, Gaztelagun programaren zuzkidura %47 handituko da, 25 milioi euroraino helduta. Horri esker, sarbide-atalaseak hobetuko dira eta onuradunen kopurua 7.000tik 8.500era igoko da. “Uste dut oso garrantzitsua dela laguntzen atalasea zabaltzea unibertso handiago batera iristeko”, azpimarratu du sailburuak.
Birgaitzea, Hiri Agenda eta Lurralde Plangintza
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak guztira 159,8 milioi euro bideratuko ditu birgaitze-politiketara, eta 41,2 milioi euro emango ditu etxebizitza partikularrak eta jabeen erkidegoak birgaitzeko diru-laguntzetan, 17,1 milioi gehiago aurreko urtearekin alderatuta, Euskadin bizitegi-parkea optimizatzeko eta 34.000 etxebizitza baino gehiagori mesede egiteko. “Eraikinak birgaitzeko ratioa %2,5ean mantenduko dugu EAEko bizitegi-parkearen guztizkoaren artean 2025ean”, adierazi du Itxasok.
Beste alderdi garrantzitsu bat Eusko Jaurlaritzak herritarren eskura etxebizitzak jartzeko duen lehentasuna eta beharra da. Horregatik, eraikuntzaren industrializazioari esker, besteak beste “Visesak ekoizpen-erritmoa handitu eta eraikuntza-denbora hori %50 murriztu ahal izatea” nabarmendu du sailburuak.
Hiri Agendaren arloak 32,33 milioi euroko aurrekontua izango du, Euskadiko 21 udalerritan hiri-berroneratze jarduerak gauzatzeko. “Lurralde inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko konpromisoa dugu” adierazi du Itxasok, eta “esku-hartze horiek guztiak 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta daude”, haren hitzetan.
Aurkezpen horrekin, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzarako eskubidearekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du, euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen aurrekontu-esparrua ezarriz.