partekatu
• 2022ko Aurrekontuak
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 52,1 milioiko aurrekontua 79,3 milioi euroraino helduko da Europako funtsei esker
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontua %10,2 igoko da, 52,1 milioi euroraino, eta horri Europako Next Generation funtsen beste 27,3 gehitu behar zaizkie.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak gaur aurkeztu du Aurrekontua, eta inbertsioak izango duen igoera handia nabarmentzen da. “52,1 milioi horiez gain (+%10,2), Sailak beste 23,9 milioi izango ditu Europako funtsetatik Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Planetan inbertsioak egiteko hainbat udalerri eta eskualdetan, eta beste 3,3 milioi Erabilera Publikoko Ondare Historiko Turistikoa Birgaitzeko. Beraz, 79,3 milioi izango genituzke guztira, eta horietatik %46 baino gehiago inbertsiora zuzenduko litzateke".
“Inbertitzeko ahalegin horretan sektorera, horretan lan egiten duten langileengana eta herritarrengana iritsi nahi dugu, bizitza-kalitatea hobetzearren. Horregatik, hedapen-aurrekontu bat dugu, eta honetara zuzenduko dugu: establezimenduen eta enpresen inbertsio, digitalizazio eta berrikuntzara, kontsumo arduratsua sustatzera, eta Euskadiko BPGren %21 baino gehiago osatzen duten sektore batzuek indartzera", adierazi du sailburuak.
@DptoTurComCon sailaren aurrekontuak aurkezten ditugu gaur:
👉ðŸ»52,1 milioi + %10,2
👉ðŸ»27,3 milioiko ekarpen gehigarria Europako funtsetatik
👉ðŸ»Inbertsio-ahalegin handia
#Euskadi-ko BPGren %21 baino gehiago eratzen duten sektore batzuk indartzeko aurrekontua: #turismoa #ostalaritza #merkataritza #kontsumoa pic.twitter.com/rO7dHC19F0
— Javier Hurtado (@JHurtadoGV) November 4, 2021
Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza
Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzaren aurrekontua (1. kapitulua sartu gabe) 20,2 milioi eurokoa da, eta %27,5 handituko da. Igoera hori Lehentasunez Jarduteko Eremuetan (LJE) hainbat esku-hartzeri aurre egitera zuzendutako inbertsio-ahaleginaren emaitza da.
Hiru laguntza-programen aldeko apustuari eutsi zaio, 2,8 milioi euroko guztizko zenbatekoarekin, eta hauek dira: TMS Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko Laguntzak (717.000 €); ETELH Ekintzailetzarako eta Turismo Enpresen Lehiakortasunaren Hobekuntzarako Laguntzak (652.000 €); eta, LPT Lurralde Proiektu Turistikoetarako Laguntzak (1,45 milioi).
Ekitaldi honetan horiek osatzera etorriko dira Europako Next Generation funtsetatik datozen zenbait partida, euskal turismo-sektorearen lehiakortasuna eta eraldaketa hobetzeko. Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategiak 67 milioi euro sartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegorako proiektu turistikoetan 3 urtetan, eta horietatik 23,9 milioi euro 2022an gauzatuko dira.
Basquetour
Beste gehikuntza garrantzitsua, inbertsioaz gain, BASQUETOUR - Turismoaren Euskal Agentziarentzako ekarpen handiagoa da, 9,1 milioi eurokoa, alegia %10,6 gehiago, pandemiaren ondoren erronka berriei aurre egiteko.
Merkataritza Zuzendaritza
Merkataritza Zuzendaritzak 18,5 milioi euroko aurrekontua izango du, 1. kapitulua kontabilizatu gabe. Horrek %2,81eko gehikuntza esan nahi du. 2 ikusmolderen inguruan egituratzen da. Alde batetik, saltokien ekonomia suspertzera eta horien inbertsioak bultzatzera, kontsumorako pizgarriak ematera eta kale mailako elkarteei laguntzera zuzendutako programak. Bestetik, berriz, proiektu estrategikoen dinamizazioa, merkataritza-sektoreko eragileen bitartez: merkataritza-ganberak, federazioak eta hiri-plataformak.
Merkataritza Programak 16,64 milioi euro izango ditu, eta horietatik 1,7 milioi euro bideratuko ditu proiektu estrategikoak abian jartzera eta funtzionamendu-gastuetara; 9,9 milioi euro merkataritzako programa espezifikoak kudeatzera eta merkataritza-sektoreko elkartegintza laguntzera; eta 5 milioi euro merkataritza-establezimenduen eta udalen inbertsioei laguntzera.
Azpimarratzekoa da ekintzailetza, berrikuntza eta hiri-ekonomia aktibatzeko ekintzak bultzatzeko laguntza-programa berri bat jarriko dela abian, 1,5 milioi euroko urte anitzeko guztizko zenbatekoaz.
Kontsumobide
Kontsumobidek 7,2 milioi euroko aurrekontu globala izango du, baina 1. kapitulua deskontatuko bagenu, 3,4 milioi eurokoa izango litzateke. 5,9 milioi euro sailak egindako transferentziatik datoz, eta gainerakoa gerakinetatik eta diru-sarrera propioetatik dator. Gehikuntza %2,2koa da 2021ekoaren aldean.
Partida nagusietako bat Kontsumoko Udal Bulegoentzako laguntza da, %8,4 handitzen baita, 1.060.000 euroraino heltzen delarik. Elkarteentzako diru-laguntzek lehengoan jarraitzen dute, 429.000 eurorekin.
Informazio- eta komunikazio-kanpainek 180.000 euroko aurrekontua izango dute. Era berean, ekarpen garrantzitsua egingo da prestakuntzarako, 831.000 euroko partida izango duen prestakuntza-eredu berri bat ezarrita.