partekatu
Eneko Andueza: “Euskadin jendeak Alderdi Sozialistak gidatuko duen gobernu bat nahi du, hauteskunde orokorretan ikusi zen bezala”
PSE-EEko idazkari nagusiak, Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, esan du sozialistek eta nazionalistek eratzen duten gehiengoak “euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzera” zuzendu behar dituela bere asmoak
“Ez du balio gehiengo batzuengana jotzea gauza batzuetarako eta beste batzuengana beste gauzetarako” ohartarazi du Gernikako Estatutuaren erreformaren harira
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Alderdi Sozialistak 2023ko hauteskunde orokorretan eta aurtengo Europako hauteskundeetan jaso izandako babesa ekarri du gogora, esanez euskal herritarren gehiengo batek Pedro Sanchez buruan den Gobernu bat nahi duela. Anduezak gogoeta hori plazaratu du Onda Vascan galdetu diotenean legegintzaldi honetako etorkizunaz eta PSOEk dituen laguntzen eta EAJren babesaren inguruan.
“Euskadin jendeak Alderdi Sozialistak gidatutako Gobernu bat nahi du, iragan hauteskunde orokorretan –irabazi egin genituen– edo Europako hauteskundeetan –irabaztetik oso hurbil ibili ginen– ikusi izan zen bezala”, adierazi du. Halaber, esan du Espainiako legegintzaldiak badituela aurreikusitako denboran amaitzeko “zumitzak”. “Demagogiaz eta gezurrez betetako eskuin muturraren eta muturreko eskuinaren estrategiaren aurrean, onena aurrera egiten jarraitzea da, Espainiako Gobernuak azken urteotan egin izan duen bezala”, esan du.
EAJk beste norabide bat hartu nahi badu Espainiako Gobernuarekin dituen harremanetan, Euskadin ez zatekeen hori ulertuko.
Euskadin jendeak oso argi du @sanchezcastejon-ek eta @PSOE-k gidatutako gobernu bat nahi duela.
Horregatik, Sozialistek sendotasun handiz irabazi genituen hauteskunde orokorrak… pic.twitter.com/TE0R2gvu23
— Eneko Andueza (@enekoandueza) September 16, 2024
Eneko Anduezak, era berean, PSE-EEk eta EAJk euskal erakunde nagusietan eratzen duten gehiengoa nabarmendu du buruzagi politiko batzuek alderdi independentisten gehiengo hipotetiko bati lehentasuna emateko duten saiakeren aurrean. Anduezaren esanetan, koalizioak sendotasuna eskaintzen du, eta horrek Euskadiko jendearen ongizatearen hobetzea dakar. Eta esan du ezin dela jo gehiengo batzuengana erakundeak kudeatzeko eta beste batzuengana helburu subiranistetan aurrera egiteko.
Buruzagi sozialistak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak Alderdi Sozialistari zor diola bere egonkortasuna eta Legebiltzarrean eratzen duen gehiengoa. “EAJ jaitsi egin zen bere emaitzetan, guri esker lortu izan zen Gobernu hori, gu igo egin ginelako botoetan eta eserlekuetan”, gogoratu du.
Datorren ostiralean Pedro Sanchez presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak egingo duten bilerari buruz galdetu diotenean, Anduezak esan du topaketa hori “normaltasun instituzionalaren barruan” dagoela eta agenda amankomunean sartzen diren gaiak zuzenago lantzeko aukera emango duela. “Gobernuen arteko lankidetza eta gobernantza partekatua dira politika izan behar litzatekeenaren adibiderik onenetakoak”, adierazi du.