partekatu
Eneko Andueza: “Gezurraren aurrean, egia; irainaren aurrean, onestasuna; eztabaidatu nahi ez dutenen aurrean, gure argudioak”
PSE-EEko idazkari nagusiak ohartarazi du independentistek “mendira joko” dutela eskuinak eta eskuin muturrak autonomiei egindago erasoen erantzun gisa
Cristina Gonzalez: “Oso larria da eskuina Espainian egiten ari dena, baina oraindik larriagoa da boterea lortzen badute egin nahi dutena”
Daniel Senderos: “Ezin dugu onartu Errepublikan konstituzionalismoa defendatzearren bizia galde zutenak berriz ere ahaztuak izatea, eskuinak memoria demokratikoaren legea indargabetuz egin nahi duen bezala. Ez-duina da, lotsagarria eta bidegabea”
Julia Liberal: “Kirolaren lege sozialista lege modernoa eta feminista da, eta pertsonak sexu eta arrazagatiko diskriminaziotik eta genero indarkeriatik eta xenofobiatik babesten ditu”
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Alderdi Sozialistaren onestasuna, printzipioak eta argudioak PPren egiteko moduarekin kontrajarri ditu, zeina ustelkeriari eta interes partikularrak defendatzeari lotuta baitago, eta ohartarazi du boto sozialista dela uztailaren 23aren ondoren popularren eta eskuin muturraren batuketa gera dezakeen bakarra.
“Hauxe izan da eta hauxe jarraituko du izaten Alderdi Sozialistaren, Pedro Sanchezen Gobernu sozialistaren bide-orria: gezurraren aurrean, egia; irainaren aurrean, onestasuna; eztabaidatu nahi ez dutenen aurrean, gure argudioak; PPren eta Voxen gobernu baten arriskuaren aurrean, Alderdi Sozialista, hori baita hemen, Euskadin, eta Espainiako bazter guztietan geraraz ditzakeen bakarra. Ez beste inor”, azaldu du.
Eneko Anduezak mitin batean hartu du parte gasteiztar hiriburuan, eta protagonismo berezia izan du bertan Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroak. Mitinean parte hartu dute, halaber, Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak eta Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuek, Daniel Senderosek eta Julia Liberalek, hurrenez hurren.
Santa Maria Katedrala urrats batzuetara zuela, tenpluaren zaharberritzea PSOEk eta Pedro Sanchezen Gobernuak Ongizate Estatuaren eraikina indartzeko eta zurkaizteko egindako lanarekin alderatu du Anduezak, hainbat zutabe aipatuz, besteak beste: enplegua, pentsioak, osasungintza, hezkuntza, inflazioaren kontrako neurriak, ingurumen estrategia, edo askatasunen eta oinarrizko eskubideen aldeko apustua.
Gezurraren aurrean, egia.
Irainaren aurrean, onestasuna.
Eztabaidatu nahi ez dutenen aurrean, gure argudioak.
#PPVox-en aurrean, @PSOE.#Adelante #EspañaAvanza #VotaPSOE pic.twitter.com/4yIzThyt9Q
— Eneko Andueza (@enekoandueza) July 9, 2023
Eta eskuinaren eta eskuin muturraren exekutibo batek independentistak aktibatzeko aukeraz ohartarazi du, aurrenekoen nahi birzentralizatzaileek eta Autonomien Estatuari eta euskal autogobernuari egindako erasoek bultzatuta. “Alderdi honek jokoan du Euskadi ere, PPren eta Voxen arteko gobernu batek aktibatu egingo lituzkeelako euskal Proces-a martxan jarri nahi dituztenak. Batzuk mendira joko dute”, esan du. Horren gain, esan du Euskadi ez dela irla bat eta Alderdi Sozialistak bermatzen duela hobekien Espainia aniztun baten pluraltasuna. “Independentismoaren aurrean: bizikidetza, kogobernantza, elkarrizketa eta adostasuna”, azaldu du.
Herrialdeari desleiala zaion eskuina
Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusiarentzat, “koldarra eta traidorea” da eskuina. “Koldarra da, ez duelako azaltzen zer egin nahi duen, eta azaltzen duena ere erdizka azaltzen du. Traidorea da, irabaziko balute hurrengo egunean progresistek jakingo genukeelako zer balio duen klasismo zaporeko orrazi batek”, azaldu du.
Gonzalezen aburuz, “oso larria da eskuina Espainian egiten ari dena, baina oraindik larriagoa da boterea lortzen badute egin nahi dutena”. Eta gogoratu du legegintzaldi honetako eskuinaren balantzea irainetara, gezurretara eta Gobernuko presidenteari egindako jazarpen pertsonalera mugatzen dela: “Oso larria da eskuina horren desleiala izatea, ez bere Gobernuarekin, bere herrialdearekin baizik, herritarrekin; nazioartean gure herrialdearen ospea hankaz gora jarri nahi izateraino heldu da, nazioarteko eragileek aitortzen dizkiguten –eta, are, eredutzat darabiltzaten– aurrerapen ekonomiko eta sozialak ukatuta”.
Panorama horren aurrean, buruzagi sozialistak esan du sozialistak ez daudela prest urteetan eraikitako beren kausa “Feijooren eskuin ozpinduak Abascalen laguntzarekin erasotua eta murriztua izan dadin”.
“Sozialismoaren kausari esker gainditu izan ditugu diktadurak, terrorismoa, esplotazioa. Kontzientzia kolektiboa sustatzeko, gehiengo soziala antolatzeko, desberdintasunak gainditzeko eta aukerak sortzeko espazio kulturalak eta sozialak eraiki izan ditugu, demokrazia indartsu bat, Zuzenbideko Estatu sendo bat sortzeraino, eskubideak dituzten herritarrak, askatasun zabalagoa, eta inondik inora ere ez gaude prest hori erasotua izan dadin, Feijooren inguruan Abascalen laguntza apartarekin bildutako eskuin errebantxista, insolidario eta ozpinduak murriztu dezan”, azaldu du.
Politikarik onenak garairik okerrenetan
Diputatuen Kongresurako zerrendaburuak, Daniel Senderosek, sozialistek legegintzaldi honetan lortu izan dituzten lorpenen eta eskubideen balantzea egin du, eta esan du ezin dugula onartu eskuinak horiek kentzerik, emakumeak berriz ere ikusezinak izango direlako, langileei eskubideak murriztuko zaizkielako edo memoria historikoaren legea ezabatuko dutelako.
“Ezin dugu onartu emakumeak berriz ere ikusezinak izatea, genero indarkeria denik ukatuz, langileen eskubideak berriz ere murriztuta ikustea, eta pertsonak berriz ere maitatzeko ezkutuan ibili behar izatea. “Ezin dugu onartu Errepublikan konstituzionalismoa defendatzearren bizia galdu zutenak berriz ere ahaztuak izatea, eskuinak memoria demokratikoaren legea indargabetuz egin nahi duen bezala, ez-duina, lotsagarria eta bidegabea delako”, adierazi du.
Azken lau urteotan sozialistak zertan aritu diren azaldu du Senderosek, sekulako ondorioak ekarri dituzten hondamendi eta kalamitateei aurre egiteaz gain aurrekaririk gabeko giza-kudeaketa solidario nola apurtzaileekin: “Pertsonen bizi-kalitatea hobetzen aritu izan gara, eduki ekonomikoko eta sentiberatasun sozial handiko premiazko politikak eginez. Espainiarrek, euskaldunek, arabarrek inoiz ez zuten izan bere aldeko horrenbesteko politika ekonomiko eta sozialik, ezta ere eskubiderik, eta beraz, babestu beharreko horrenbeste politikarik, eskuinak eta eskuin muturrak horiek murrizteko eta ezabatzeko arrisku garbiaren aurrean”.
Adibiderako, zerrenda luze bat aletu du: ABEEak, bekak, etxebizitza, pentsioak, gutxieneko soldata, lan erreforma, emakumearen babesa eta berdintasunerako politikak, Europako funtsak, nekazaritzarako laguntzak, trantsizio energetikorako inbertsioak, Memoria Demokratikoaren Legea, LGTBI legea, berdintasuneko ezkontzaren legea, eta beste asko. Senderosen iritziz, “politikarik onenak garairik okerrenetan”.
Lege moderno eta feminista
Julia Liberalek, Senaturako arabar hautagaiak, Kirolaren Legea sortzeak duen garrantzia aipatu du, Europako aurrerakoiena eta modernoena izango dena, 1990eko lege bat ordezkatu zuena abenduan. “Lege modernoa eta feminista, pertsonak sexu eta arrazagatiko diskriminaziotik eta genero indarkeriatik eta xenofobiatik babesten dituena. Kirola eta jarduera fisikoa funtsezko jardueratzat hartzen da bertan, eta Espainiako lurraldeko edozein herritarren eskubide bat izatera heldu da”, adierazi du.
Legeak kirola egin nahi duten pertsona guztiak babesten ditu, lehiaketetako kirola egiten duten ala ez alde batera utzita, eta lehiatzen duten emakumeak babesten ditu eta babesleei eta klubei debekatu egiten die, besteak beste, haurdunaldi eta edoskitzaroetan kontratuak suntsitzea. Liberalek azaldu duenez, Alderdi Popularrak babestu nahi izan ez duen beste lege bat da, eta gobernatzen badute indargabetu egingo dutela iragarri dute. Voxek ere ez zuen babestu, “emakumeak gehiegi babesten dituelako eta gizonekin ez delako berdintasunez jokatzen”, euren iritzian.
Julia Liberalek Majida Maajouf marokoar atleta aipatu nahi izan du. Araban duela hamar urte finkaturik den atleta horrek espainiar herritartze-agiria lortu izan du sozialisten esku-hartzearekin: “Etapa berri bat hasi da emakumezko kirolariarentzat, garaipen asko ekarriko dizkio lurraldeari, eta litekeena da Arabak Majida izatea Parisko Olinpiar Jokoetara joango den selekzioan”, esan du.