Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

Eneko Andueza: “Botoa Alderdi Sozialistaren inguruan bildu behar da, hori da PPren eta Voxen eskuina eta eskuin muturra geraraz dezakeen bakarra”

PSE-EEko idazkari nagusiak botoa “buruarekin” eman behar dela esan du Gasteizen, datorren U23ko botoa ez dadin alferrik galdu

Cristina Gonzalez: “Baliabide publikoak jarri izan ditugu osasuna babesteko, enpleguak defendatzeko, babes soziala handitzeko, soldatak hobetzeko, sektore ekonomiko askori laguntzeko eta inflazioa murrizteko”

Julia Liberal: “Emakumea naizen aldetik, ez ditut galdu nahi lortutako eskubideak, ezta nire alabak haren aurreko emakumeei esker lortutako eskubideak galtzerik ere”

1. argazkia
El Secretario General del PSE-EE, Eneko Andueza, junto a los cabeza de lista al Congreso y el Senado por Álava, Dani Senderos y Julia Liberal, y la Secretaria General del PSE-EE de Álava, Cristina González | Foto: Socialistas Vascos

PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, ezkerreko botoak eta boto aurrerakoi guztiak Alderdi Sozialistaren inguruan biltzera dei egin du. Anduezak esan du herritarrek bihotzarekin eta buruarekin eman behar dutela, botoa ez dadin alferrik galdu eskuina eta bere politika indargabetzaileak gerarazteko ahaleginerako. “Botoa Alderdi Sozialistaren inguruan bildu behar da, hori da PPren eta Voxen eskuina eta eskuin muturra geraraz dezakeen bakarra”, esan du.

Eneko Anduezak ohartarazi du “boto bakar bat ere” ezin dela “alferrik galdu” eserleku bat lortzeko beharrezko ehunekoa lortuko ez dutenengan edo “lau edo bospasei eserlekurekin ezer gutxi egin dezaketenengan”. “Eta ezin da ere konfiantzarik jarri babesa nori emango dioten esan gabe jarraitzen dutenengan”, azpimarratu du.

Buruzagi sozialistak Feijoo “ezkutatu” izana leporatu dio PPri, atzo ez zelako egon TVE katean egin zen eztabaidan. “PPk erabaki du hobe dela bere hautagaia ezkutatzea gezurrak kontatzen jarraitzea baino”, adierazi du. Popularrek “euren lotsak” agerian jartzen dituzten kazetariei kritikatzeko duten jarrera eta Correosen profesionaltasuna “auzitan jartzeagatik” ere gaitzetsi du Anduezak.

Eskuinean “Voxek agindu eta PPk exekutatu” egiten duela ohartarazi du PSE-EEko idazkari nagusiak, eta herritarren ongizatea bermatze aldera Pedro Sanchezen Gobernuak hartu izan dituen neurriak Raxoik hartu zituenarekin kontrajarri ditu. “Benetan gauza bera direla pentsioen balioa KPIren arabera igotzen duen gobernu bat eta %0,25 bat besterik igotzen ez duen beste bat? Eta langileak kontratu eta soldata duin batzuekin defendatzen dituen gobernu bat eta kontratu prekarioak eta pobreak sustatzen dituen beste bat?”, galdetu du.

Buruzagi sozialistak, halaber, sozialistek sustatu izan dituzten beste proposamen batzuk aipatu ditu, hala nola gazteentzako bekak eta etxebizitzarako aukerak handitzea, klimaren kontrako borrokako lidergoa edo kulturaren sustapena.

Botoa Alderdi Sozialistaren inguruan bildu behar da, hori da PPren eta Voxen eskuina eta eskuin muturra geraraz dezakeen bakarra.??#Adelante #VotaPSOE #EspañaAvanza pic.twitter.com/rXQeeUwKkJ

— Eneko Andueza (@enekoandueza) July 20, 2023

EAJ ere hizpide izan du Anduezak, Pedro Sanchez Donostiako mitinera etorri izana kritikatu izan baitu. Horren harira, Anduezak esan du Euskadi interesatzen zaiolako etorri izan dela, eta nazionalistek euskal herritarren ordezkaritza beretzat hartzeko saialdiaren kontra azaldu da, noiz eta lan-erreformaren aurka azaldu denean, “lan eskubideei uko eginez”, edo Etxebizitzaren Legearen kontra bozkatu dutenean, ezbaian jarriz gazteek etxebizitza bat izateko duten eskubidea.

Eskuinaren bertsiorik okerrenak

Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak, Cristina Gonzalezek, esan du sozialistak lorpen politiko, ekonomiko eta sozialen balantze bikain batekin aurkezten direla hauteskunde hauetara, eta lorpen horiek sendotu eta etorkizunera proiektatu behar direla. “Ez genuen aukeratu pandemia, Ukrainako gerra edo Palmako sumendia, baliabide publikoak jartzea aukeratu genuen osasuna babesteko, enpleguak defendatzeko, babes soziala areagotzeko, soldatak hobetzeko, sektore ekonomiko askori laguntzeko edo inflazioa murrizteko”.

Gonzalezek, halaber, esan du PSOEk Europan politika egitearen bidea aukeratuz gobernatu izan duela, erronka globalek erantzun globalak izan ditzaten. “Egun, energia berriztagarrietarako bidean trantsizio energetiko batean, gure produkzio-eredua modernizatuz trantsizio digital batean, planetaren zein geure bizimoduaren defentsan politikoki eta ekonomikoki engaiatuta dagoen Europako Batasun bat dugu, batez ere, Pedro Sanchez Gobernuko presidentearen erabakimenari, ausardiari eta kemenari esker”.

Buruzagi sozialistak azpimarratu du lorpen horiek eskuinaren bertsiorik okerrenaren kontra gogor jardunez erdietsi izan direla: “Espainiako gehiengo sozialak ez du merezi babesik gabe utziko dituzten agintari batzuk, Raxoik egin zuen moduan, pentsioak jaitsi, enplegua prekarizatu, askatasunak gutxitu, eskubideak murriztu eta desberdintasun handiak ekarriko dizkietelako”.

Cristina Gonzalezen esanetan, eskuinak zergak jaitsiko dituela esaten duenean publikoa denaren gaitasuna murriztea besterik ez du bilatzen, bigarren fase batean osasungintzan, hezkuntzan eta pentsioetan murrizketak egiteko. “Eta, hori guztia, bere azken helburua politika horien zati handi bat pribatizatzea delako, horiek gero ordain ditzakeenak, ez behar dituenak, ordain ditzan”.

Aurreraka ala atzeraka

Senaturako arabar hautagaiak, Julia Liberalek, bere aldetik, Pedro Sanchezen Gobernuak abian jarri izan dituen lege ugari aipatu ditu, pertsonen, batez ere, kalteberenen bizitzan laguntzen dutenak, eta baita Memoria Demokratikoaren Legea ere, frankismoaren biktimei aitortza egitea bermatzen duena, “PPk-Voxek aipatzen ez dituztenak, horientzat ez direlako existitzen”.

Alderdi Popularrarentzat eta Voxentzat genero-indarkeriaren biktimarik existitzen ez den bezala, Liberalen arabera, 2003. urtetik hona 1.212 emakume erailak izan diren arren. “Ukatu egiten dute genero-indarkeria dagoenik”.

Senaturako hautagaiak esan du ezin dituela onartu Alderdi Popularraren eta Voxen gobernuetan emakumeei buruz diren diskurtsoak: “Emakume naizen aldetik, uko egiten diot lortu izan ditudan eskubideetako bakar bat galtzeari, aurrera jarraitu nahi dut, ez atzera. Ez dut nahi nire alabak haren aurreko emakumeei esker lortutako eskubide bakar bat galtzerik”.

Herrialde honetako etapa ilun hartara itzuli nahi duten pertsonei iraganeko garai hura bizi izan zutenei entzun diezaietela eskatu die Julia Liberalek. “Gure nagusiekin hitz egiteko esaten diet, gerra eta gerraondoa euren larruan bizi izan zutenekin, hitz egin dezatela eskolara joan ez ziren emakumeekin, ezkontzean lana uztera behartzen zituztenekin, jatekoa emango zienik ba omen zutelako. Galde diezaietela euren etxeetan isilean jipoituak izaten zirenekin, egurtzen zituztenengatik banandu ezinik, ezin zirelako dibortziatu”.