partekatu
Eneko Andueza: “Sozialistek erantzukizunez jokatzen dugu Euskadin zein Katalunian, egonkortasuna emanez herritarrei laguntzera zuzendutako erakundeei”
PSE-EEko idazkari nagusiak EH Bilduk arazo guztien konponbiderako beti independentziaren helburua jarri izana kritikatu du Bartzelonan, Salvador Illak lagundurik zela
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, sozialistek gobernuei egonkortasuna emateko orduan bete duten eginkizuna aintzatetsi du, eta esan du bai Katalunian, bai Euskadin, herritarrek aitortu izan diotela erantzukizun-jarduera hori, azken horretan azkeneko hauteskundeak irabazteraino. Anduezaren hitzetan, sozialisten eragin horri esker daude erakundeak euskal eta kataluniar gizarteak dituzten benetako beharrak konpontzeari emanda, kasu askotan behar berberak dituztelako, gainera. “Sozialistek erantzukizunez jokatzen dugu Euskadin zein Katalunian, egonkortasuna emanez herritarrei laguntzera zuzendutako erakundeei”, adierazi du.
Bartzelonako Joan Reventos Etxe Sozialistan Salvador Illa PSCko lehen idazkariarekin izan duen topaketa batean, bi federazioen artean den hurbiltasuna eta adiskidetasuna azpimarratu ditu Anduezak. “Proiektu bat partekatzen dugu, eta baita zeruertz bat ere Euskadik lehendakari sozialista bat izan dezan eta Kataluniak Generalitateko presidente sozialista bat izan dezan”, esan du.
Buruzagi sozialistak hainbat ekitalditan hartu izan du parte kataluniar hiriburuan, eta Jaume Collboni alkatearekin bilduko da gaur arratsaldean. Illarekin izan duen solasaldian, elkarrizketatik eta akordioak bilatzetik Euskadi lideratzeko dituen bere asmoak azaldu dizkio. Horrez gain, Anduezak argi eta garbi utzi du ez dutela “gobernu itunik egingo ezta ere lehendakari bihurtuko EH Bilduren hautagai bat”. Eta aukera hori baztertzeko hiru arrazoi nagusiak azaldu ditu.
Sozialistak erantzukizunez aritzen gara erakundeei egonkortasuna emateko.
Ez #Euskadi, ez #Cataluña, ez daude denbora herritarren kezka nagusietatik urrundutako gaietan galtzeko moduan.#AraTocaCatalunya#CambiaElGuion… pic.twitter.com/xjgnk0hHE1
— Eneko Andueza (@enekoandueza) December 15, 2023
Terrorismoa ez kondenatzearen ondoriozko arrazoi etikoez gain, herrialde ereduari buruz dituzten aldeak aipatu ditu, eta ezker abertzalearen buruak, Arnaldo Otegik, “proiektu independentistaz besterik ez duela hitz egiten azkenaldian” jarri du horren adibide. “Nik sekula ez dut babestuko eredu independentista bat”, azpimarratu du.
“PSE-EEren proiektua guztiz kontrakoa da. Munduari zabalik da eta Euskadiko pluraltasuna eta aniztasuna errespetatzen du, aberatsagoak egiten gaituelako alderdi guztietatik”, esan du.
Hirugarrenik, bi alderdi politikoek gobernatzeko duten era nabarmendu du PSE-EEko idazkari nagusiak. “Guk ahots propio bat dugu, ez duena inposatzen eta elkarrizketaren eta ezberdinen arteko akordioen bidez gobernatzen dakiena, hauteskunde kontuak egiteko kalkulagailua atera gabe”, adierazi du. Eta esan du bere alderdiak ez duela nahi “inposizioa bide-orritzat” izango duen gobernu-eredurik Euskadirentzat.
Osasungintza edo Hezkuntza bezalako esparruetan “gidoia aldatzera” dei ere egin du euskal buruzagi sozialistak, eta esan du PSE-EEren nahia dela aldaketa horiek sozialisten erantzukizunpean dauden sailei ere eragitea. “Ezin gara konformatu gizarte geroz zaharkituago batentzako zainketen eredu bat barne ez duen osasun-eredu batekin edo bullyingaren kontrako edo berdintasunaren aldeko borroka bermatzen ez duen hezkuntza-eredu batekin, adin goiztiarretan genero indarkeria borrokatzeari emanik egongo ez den bat”, azaldu du.