partekatu
Eneko Andueza: “Isaias Carrascok defendatu zituen balio sozialistak beti egongo dira demokraziaren kontra joateko guztia erabiltzen duten eskuinari eta eskuin muturrari aurre egiteko”
PSE-EEko idazkari nagusiak biktimen duintasuna kartelekin eta pankartekin “ez dadila zapaldua izan” eskatu dio Arrasateko alkateari ETAk eraildako sozialistaren aldeko omenaldian

PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, eskuinak eta eskuin muturrak printzipio demokratikoak hankaz gora jartzeko saialdiei aurre egiteko Isaias Carrasco bezalako alderdikideak defendatutako ideia sozialisten baliagarritasuna nabarmendu du. “Isaias Carrascok defendatu zituen balio sozialistak beti egongo dira demokraziaren kontra joateko guztia erabiltzen duten eskuinari eta eskuin muturrari aurre egiteko”, adierazi du.
ETAk orain dela 17 urte erail zuen zinegotzi sozialista izandakoari eginiko omenaldian, “demokrazia dena eros daitekeen merkatu baten parte dela uste duten guzti horien” kontra kargatu du Anduezak. “Gaur esaten diet demokrazia eta botoa ez direla erosten. Botoa delako libre egiten gaituena. Printzipio horiek inoiz baino biziago jarraitzen dute, eta irabazi egingo dugu berriz ere mundua beren diruaren eta interesen bidez aldatu nahi duten guztien aurrean”, adierazi du.
Buruzagi sozialistak Marian Romero Isaiasen alarguna eta alaba Sandra izan ditu ondoan, eta deitoratu egin du zenbaitzuk “oraindik kalte egiten jarraitzea terrorismoaren biktimei”. Hala, Arrasateko alkateari zuzendu zaio, “biktimen duintasuna ez dadila zapaldua izan” eskatzeko. “Esan behar dut Arrasaten jende asko dagoela oraindik Marian edo Sandra bezalako biktimei begirunerik ez diena. Etxeko ataritik kalera irten eta etxe aurrean beren duintasunari eraso egiten dioten eta, batez ere, min sakona eragiten dieten pankartak ikusi beharrean izaten dira batzuetan”, adierazi du.
Eskuina eta eskuin muturra demokraziaren eta Isaias Carrascok horren sutsuki defendatu zituen printzipioen kontra egiteko dena erabili nahi duten garai honetan, defendatu beharrean gara gure printzipioak, gure balioak eta batzuk hemen, Euskadin, heldu zioten bide sozialistari… pic.twitter.com/vDDuj6mmV0
— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 8, 2025
Eneko Anduezak poza adierazi du euskal gizartea bakean eta askatasunean bizi delako, “euskal gizartearen zati batek irabazi egin zuelako”. “Gizartearen zati batek esan dut, beste zati batek konplize bihurtu zituen axolagabekeriaz bizi izan zuelako hura guztia”. “Horregatik, gaur harro esan dezakegu guk lortu izan genuela Euskadin bakea eta askatasuna”, erantsi du.
Navas de Tolosa kalean, hots, Isaias Carrasco lanera abiaturik zela tirokatuta hil zuten tokian egindako omenaldian parte hartu dute, halaber, Miguel Angel Morales PSE-EEko Antolaketa idazkariak, Gipuzkoako organoetako eta erakundeetako karguak, Jose Ignacio Asensio lurralde horretako PSE-EEko idazkari nagusia buruan zela, Mikel Duran Antolaketako idazkariak eta Arrasateko zinegotziek.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, berriz, Maria Jesus San Jose, Denis Itxaso eta Susana Garcia Chueca izan dira, Justizia eta Giza Eskubideetako, Etxebizitzako eta Mugikortasun Jasangarriko sailburu sozialistak, hurrenez hurren. Omenaldian izan dira, halaber, Patxi Lopez lehendakari eta Kongresuko bozeramailea, Maria Ubarretxena alkate ohi eta egungo Gobernantzako sailburua, Alfredo Retortillo Giza Eskubideen sailburuordea eta Alberto Alonso Gogoraren zuzendaria.