partekatu
Eneko Andueza: “Nire egitekoa alderdian dago orain, espazio berriak konkistatzeko lanetan eta erakunde guztietan egingo dugun lana koordinatzen”
PSE-EEko idazkari nagusiak baztertu egin du Eusko Jaurlaritzan egongo denik, eta azken hauteskundeetako garaipenen ondoren alderdia “hazten jarraitzera” zuzenduko du bere eginkizuna
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, baztertu egin du datorren Eusko Jaurlaritzan egongo denik, eta alderdiari emanik jarraitzeko duen asmoa iragarri du, “espazio berriak konkistatzen joateko eta hazten jarraitzea ahalbidetzeko” eta “erakundeetako ekintza eta ekintza organikoa koordinatzen” lan egingo baitu, Euskadi Irratiko Boulevard programari egindako elkarrizketan adierazitakoaren arabera.
Orain dela urtebeteko udal eta foru hauteskundeetatik hasi eta iragan asteburuko europar hauteskundeetaraino ondoz ondoko hauteskunde-hitzorduetan lortutako emaitza “bikainen” ondoren, “berretsita dago Alderdi Sozialistak espazio berriak irabazten jarrai dezakeela, erreferentea izango garen espazio berriak sor ditzakeela”, adierazi du.
Horren haritik, esan du hazkunde bide horretan sartzen dela udal-politika ere, “denbora piloa eskaini beharra dioguna, ikusi delako hazteko tarte nabarmena dagoela udalerri batzuetan”. Horregatik guztiagatik, esan du bere egitekoa alderdian dagoela, “espazio berri horiek lortzeko lan eginez, PSE-EEk hazten jarrai dezan eta, batik bat, erakundeetako, udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ekintza koordinatuz, baita alderdiaren ekintza organikoa ere”, adierazi du.
“PSE-EEk, zorionez, Eusko Jaurlaritzako edozein sail kudeatzeko erantzukizuna bere gain hartzeko ezin hobeki prestaturik dauden pertsonak ditu”, erantsi du buruzagi sozialistak. “Zori hori dugu, beraz, ez da ezinbestekoa ni Eusko Jaurlaritzan egotea, eta alderdiaren ekintzari emanik jarraitzea erabaki dut kasu honetan, erakundeetako ekintza eta alderdiaren ekintza organikoa koordinatzen, uste baitut hor egon behar dudala oraintxe bertan”, azaldu du.
Ez dut Eusko Jaurlaritzan ezinbestean egon behar. Edozein sailen kudeaketa bere gain hartzeko ezin hobeki prestatuta dauden alderdikideak ditugu.
Azken lau hauteskundeotako emaitza bikainak aprobetxatu behar ditugu PSE-EEk oraindik gehiago hazten jarrai dezan pic.twitter.com/wXgPhYiXlG
— Eneko Andueza (@enekoandueza) June 13, 2024
Buruzagi sozialistak, halaber, esan du bide onetik doazela Eusko Jaurlaritza berria eratzeko EAJrekin daramatzaten negoziazioak, eta akordio batean gauzatuko dela hori, gero, gaurtik datorren astelehenera bitartean, alderdiek oinarriek bozkatuko dutena. Anduezak esan du “euskal herritarren kezkak eta horientzako konponbideak oso presente” egongo direla akordio horretan.
Estatutuaren erreforma aipatu du, gobernu-akordioak esaten baitu legegintzaldi honetan jorratuko dela gai hori, eta esan du eztabaida, “identitateaz harago, azken 45 urteotan konkistatutako eskubide guztiak blindatzera, herritarrei benetan axola zaienera, hau da, enplegura, etxebizitzara, osasungintzara, hezkuntzara edo segurtasunera” zuzendu behar dela.
“Euskadik garai berrietara egokitutako autonomia-estatuturik ez baldin badu, independentismoak eta nazionalismoak halaxe nahi izan dutelako izan da, beti euren obsesio independentistak lehenetsi izan dituztelako ororen gainetik. Nik berma dezaket Alderdi Sozialistak euskal herritarrei benetan axola dienera zuzenduko duela autogobernuaren eta etorkizuneko estatutu-itunaren eztabaida, hau da, azken 45 urteotan lortutako eskubide guztiak blindatzera, zeharo garrantzitsua baita eskuinaren eta eskuin muturraren eskutik datozen mehatxuak ikusirik”, adierazi du.