partekatu
Eneko Andueza: “Gure proiektua aurrerakoia da, eraldatzailea, eta biharko Euskadiren oinarriak ezarriko ditu”
PSE-EEko idazkari nagusiak sozialistek kudeaketarako duten gaitasuna eta “guztiontzat” gobernatzeko duten bokazioa nabarmendu ditu ez-ohiko Batzorde Nazionalean
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, sozialistek gobernatzeko duten gaitasuna goratu du, inklusiboa delako eta herrialdeak aurrera egiteko bokazio aurrerakoi argia duelako. Anduezaren esanetan, Alderdi Sozialistak sinesgarritasuna dauka orainean egindako kudeaketa onagatik eta Euskadiren etorkizunarentzat aurkezten duen egitasmo sendoagatik.
“Gure proiektua ez da baztertzailea, guztiontzakoa da. Egituratzailea da, aurrerakoia, ikuspegi sozial erabatekoa du eta eraldaketarako bokazio argia. Gaurtik bertatik biharko Euskadiren oinarriak ezartzen dituen proiektu bat da, izan nahi dugun herrialdea marrazten du eta hori posible egingo duten politikak zehazten ditu”, azaldu du.
Ez-ohiko Batzorde Nazionalaren aurrean, Anduezak adierazi du hautagaitza sozialistak “Euskadi herrialde hobeago bat egiteko” egingo dutela lan osasungintza, hezkuntza, etxebizitza, segurtasuna, ingurumenaren zainketa edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bezalako rloetan. Batzorde Nazionalak onartu du, hain zuzen, Euskal Sozialistek datorren apirilaren 21eko hauteskunde autonomikoetarako hauteskunde programa.
Anduezak tartea jarri du gainerako alderdiengandik: “gure programa da hauteskunde hauetako benetako egitate bereizgarria”, esan du. “Guk bakarrik hitz egiten dugu herritarrei benetan axola zaienaz, besteak nor den independentistago lehian edo hauteskundeetara elkarrekin ez joatearen errua elkarri botatzen besterik ez dira ari”, nabarmendu du.
“Guk bakarrik hitz egiten dugu osasun mentalaz, gaixo kronikoentzako arretaz, gaixotasun arraroak dituzten pazienteez, Ertzaintzak bitarteko material eta giza baliabide gehiago izateaz, gure gazteen emantzipazioaz, bullyngaren kontrako protokoloak hobetzeaz, behar bereziak dituzten haurrez, indarkeria matxistaren aurka adin goiztiarretatik borrokatzeaz, berriro hoberenen artean jarriko gaituen politika industrial batez”, esan du.
Gure proiektua aurrerakoia da, soziala, eraldatzailea, eta biharko Euskadiren oinarriak ezarriko ditu. #AldatuGidoia pic.twitter.com/VDtHrtUGXQ
— Eneko Andueza (@enekoandueza) March 13, 2024
Lehendakaritzarako hautagai denak esan du sozialistak “Euskadi eraldatzeko eta Euskadiren gidoia aldatzeko tresna” den programa batekin aurkezten direla hauteskunde autonomikoetara. Horrez gain, hauteskundeak “irabazteko” ideiak eta proposamenak dituztela esan du Anduezak. “Gure proposamenak ondo aztertuak izan dira, eta euskaldunek benetan dituzten arazoei erantzuteko diseinatu dira. Argiak dira, errealak, konponbideak proposatzen dituzte eta egingarriak dira”, adierazi du.
Buruzagi sozialistak datuen objektibotasunari erreparatu dio, Eusko Jaurlaritzaren sail sozialistetatik egin izan den kudeaketa ona azpimarratuz. Eta azken legegintzaldian onartu izan diren “funtsezko lege” batzuk aipatu ditu, hala nola Enpleguarena, Mugikortasun Jasangarriarena edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen Estatutua. “Lanbideren bezalako erreformaz ari naiz, hiru etxebizitza sozialetatik bat Euskadin altxatu izan denaz ari naiz, gure hiriak eta herriak ikustera etorritako sekula ikusi gabeko turista kopuruez ari naiz, eta pandemiak ekarri zuen hondamendiaren ondoren merkataritza-bilbearen susperraldiaz”, gaineratu du.
“Politika maiuskulaz egiten dugu. Herritarrentzako apustu segurua gara, sozialistak gobernuetan bagara gauzak hobeto doazkiela ondo dakitena. Begira apur bat atzera eta pentsatu kolore bakarreko Euskadi batean, Euskadi nazionalista batean: “Nolako Klimaren Aldaketaren kontrako Euskal Legea aterako zen sozialisten planteamendurik gabe? Eta Hezkuntzaren nolako Euskal Legea? Neuk esango dizuet: bat, edukirik gabe; bestea, berriz, doktrinamendu huts eta gogorraren zerbitzura”, esan du.
Pau Blasik zuzentzen duen PSE-EEko Azterlan eta Programen Idazkaritzak ehun zuzenketa baino gehiago jaso ditu programarako. Gehienak onartuak izan dira. Ekarpen gehienak Osasunean, Mugikortasunean eta Funtzio Publikoan gertatu dira, aipamen berezia eginez Segurtasunari, eta agerian uzten du programak euskal herritarren benetako arazoekin duen sintonia. PSE-EEren programa datorren ostiralean, hilak 15, aurkeztuko da era ofizialean, hiru zerrendaburuen eta programa idatzi izan duen arduradunaren agerraldiekin.