partekatu
Idoia Mendia Euroganberako Ekonomia Sozialaren eta Interes Orokorreko Zerbitzuen taldearteko presidenteorde hautatu dute
Idoia Mendia europarlamentaria hautatu dute Europako Parlamentuaren Ekonomia Sozialaren eta Interes Orokorreko Zerbitzuen taldearteko presidenteorde. Taldeartekoa europar eredu jasangarri eta bidezko bat, interes orokorrari lerratua dena, zehazten saiatuko da agintaldi honetan, eta lehiakortasuna giltzarri izango da bertan.
Idoia Mendiarentzat, “trantsizio ekonomikoaren etapa honetan, ekonomia sozialak kalitateko enpleguak sortzen dituen, lurraldeari lotuta dauden eta oso erresilienteak diren enpresa-proiektuak bultzatzen ditu, etxebizitzaren edo landa gunetako oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea bezalako erronkei erantzunez horrela”. Eurodiputatua Enplegua eta Gizarte Gaien Batzordeko kide da eta Konstituzio Gaien eta Barne Merkatuko eta Kontsumitzailearen Babeserako batzordeetako ordezko kide.
Euskal europarlamentariaren esanetan, Ekonomia Soziala defendatzea kalitateko enpleguaren alde egitea da, trantsizio berde, digital eta demografikoa bultzatzeaz gain. Horregatik, “sozialistak engaiatuta gaude Ekonomia Sozialaren Ekintza Planarekin, inpaktu erreala duten politiketan eta Europaren erronka handieneko konponbideetan sinesten dugulako”, adierazi du.
Taldeartekoaren egitekoa izango da ekonomia sozialaren ikuspegia –EBren merkatuko ekonomiaren zutabea da– Euroganberako legegintzako ekimenetan txertatzea Europako Batzordearekin eta estatukideekin batera. Horrez gain, sektoreko adituen eta eragileen artean ideiak eta jardunbide egokiak elkar trukatzeko espazio bat ere izango da.